Moneta inklusibo bat Euskal Herri osorako

Itxi dute Gure Monetaren billeteen diseinua erabakitzeko galdetegia. Emaitzen inguruan mintzatu da Luix Intxauspe Gizartearen Monetaren koordinatzailea, baina xehetasun askorik aurreratu gabe; izan ere, irailaren 26an aurkeztuko dituzte diseinuak.

Segurako Erdi Aroko azokako eguzki lore bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Segurako Erdi Aroko azokako eguzki lore bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko irailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko pertsonaia bat, leku edo paisaia bat, ikur bat, animalia bat, eta zuhaitz edo landare bat. Nola bildu horiek guztiak billete bakar batean? Horixe bera da orain Gure Moneta egitasmoko kideek duten erronka nagusia. Uztailaren 23an galdetegi bat jarri zuten abian, billeteen diseinua erabakitzeko, eta irailaren 12an itxi zuten. Laurehun proposamen inguru jaso dituzte, Baztangoak (Nafarroa), Oiartzualdekoak (Gipuzkoa) eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetakoak. 

Eskuz esku ibiliko den monetaren diseinuari ekingo dio orain Juan Angel Perotxena Uranga ilustratzaileak. Guztira hemezortzi billete izango dira: sei Baztanerako, sei Oiartzualderako eta beste sei Euskal Herriko beste lekuetarako. Izan ere, Oiartzualdeko eta Baztango herritarrek diseinu propioak izango dituzte, Luix Intxauspe Gizartearen Monetaren koordinatzaileak azaldu duenez, «esperientzia pilotuan parte hartzeagatik». Hala ere, billete guztiek alde bat berdina izango dute, Euskal Herriko elementuak bilduko dituena.

Orain parte hartu duten herritarrek, hain justu, Euskal Herri guztian berdina izango den alde horretarako proposamenak egin dituzte, baina baita etorkizuneko billeteen diseinurako ere —Euskal Herri guztirako billete berdinak jarriko dituzte martxan geroago—. Hala ere, Intxauspek aurreratu du beste aukera bat egongo dela gero, Euskal Herri osorako izango diren billete horien beste aldeak diseinatzeko. «Bigarren txandan, orain jaso ez diren proposamenak egiteko aukera egongo da, baina baita orekatzeko aukera ere, lehenengo billeteak martxan jarri ondoren jasotako kritikak kontuan hartuta».

Lehen faseko billeteak irailaren 26an aurkeztuko dituzte. Hortaz, koordinatzaileak ez ditu xehetasun asko kontatu nahi izan, egun hartan emango baitituzte diseinuen nondik norako guzti-guztiak. Perotxena ilustratzailea arduratuko da diseinuak egiteaz, eta aurkezpenean hark ere emango ditu azalpenak.

Pertsonaia «polemikoak»

Bost elementuren inguruko proposamenak egin behar izan dituzte herritarrek, bakoitzetik bi proposamen gutxienez, eta bost gehienez. Euskal Herriko pertsonaiei dagokienez, Intxauspek zehaztu du izen propioak gailendu direla gehien, baina baita kolektiboak ere: besteak beste, nekazariak, arrantzaleak eta bertsolariak. Alegia, batzuek ez dituzte izen zehatzak eman, «kolektiboa bere horretan omentzeko». Are, Intxauspek kontatu du erantzunen artean asko zirela kolektibo jakin batzuk ez jartzeko eskatu zutenak: «Erantzun batzuetan, politikari jakin batzuen izenak zeuden, eta beste erantzun batzuetan, berriz, politikarien izenik ez jartzeko zioten».

«Pertsonaiak ez dira pertsona jakin batzuk izango; horren ordez, kolektibo guztia irudikatuko duen irudi bat jarriko dugu»

LUIX INTXAUSPE Gizartearen Monetaren koordinatzailea

Hori ikusita, hausnarketa egin dute Gure Monetako kideek, eta erabaki bat hartu: «Pertsonaiak ez dira pertsona jakin batzuk izango; horren ordez, kolektibo guztia irudikatuko duen irudi bat jarriko dugu. Bertsolariak adierazteko, adibidez, norbait abesten azalduko da, pertsona jakin baten irudia agertu beharrean». Izan ere, ohartu dira izen batzuk «polemikoak» direla, «ideologia jakin batekin edota politikarekin lotzen baititu jendeak». Hortaz, polemikatik ihes egin nahi izan dutela adierazi du Intxauspek, eta irudiak «integratzaileak eta iradokitzaileak» izan daitezen bultzatu.

Dena den, erabaki zuzena hartzea «oso konplexua» dela iritzi dio koordinatzaileak. «Egin ezazue zuek ariketa. Zein sei pertsonaia jarriko zenituzkete? Asko behin eta berriz agertu dira, baina kontua da, zergatik hau bai eta zergatik bestea ez? Politikariak gatazkatsuak dira, eta musikan eta bertsolaritzan ere gatazkatsuak diren beste hainbat daude. Beraz, zer jarriko dugu, bat bakarrik? Oso zaila da aukeraketa egitea». Hausnarketa horren harira erabaki dute pertsonaia horiek kolektiboki irudikatzea.

Lurraldetasuna hizpide

Paisaiekin ere halako zerbait egingo dutela aurreratu du. «Euskal Herriko txoko asko agertu dira erantzunetan, tartean hondartzak. Baina hondartzaren bat jartzekotan, ez dugu Kontxa edota Laga jarri nahi». Gaineratu du erantzunetan lurraldetasuna ere kontuan hartu dutela Bizkaiko eta Arabako zenbait herritarrek. Hala, naturarekin lotutako paisaiak proposatu dituzte askok, horietako asko «turistikoak eta ezagunak», Intxauspek zehaztu duenez.

Ikurren inguruan ere galdetu dute Gure Monetakoek, eta lauburua, eguzki lorea eta kandela eredu zehatzak gailendu direla azaldu du koordinatzaileak. «Euskal tradizioa, kultura eta antropologiarekin lotutako ikurrak agertu dira». Horiek billeteen diseinuan txertatzea «errazagoa» dela iritzi dio; horregatik, ikur bat baino gehiago txertatuko dituzte diseinu berean.

Txantxangorri bat, artxiboko irudi batean. GOTZON ARANBURU / ARGAZKI PRESS
Txantxangorri bat, artxiboko irudi batean. GOTZON ARANBURU / FOKU

Animalietan, berriz, dozenaka erantzun bildu dituzte: besteak beste, saia, arranoa, txantxangorria, behia, zaldia, txakurra, artzain txakurra, ardi latxa... «Gure kulturarekin eta historiarekin lotuta dauden proposamenak egin dituzte; izan ere, jendeak hortik jo du, gure nortasuna eta identitatea islatzen dituzten ideietatik». Hala ere, jasotako erantzun guztietatik aukeratu egin beharko dutela argitu du, ezin baitituzte guztiak sartu.

Landare eta zuhaitzen inguruan galdetuta ere denetariko proposamenak bildu dituzte; hala nola pagoa, haritza, garoa, Gernikako arbola eta basoetako denetariko loreak.

Oreka bilatzea

Behin galdetegia itxita eta emaitza guztiak bilduta, erronka nagusi batekin topo egin dute Gure Monetaren sortzaileek: «Euskal Herri osorako moneta inklusibo bat egitea lortu behar dugu, eta Euskal Herri osoa irudikatuko duten pertsonaiak eta paisaiak jasotzea». Funtsean, elementu guztiak orekatu beharko dituzte, eta, hala, Gure Moneta «integratzailea» izan dadin lortuko dutela azaldu du Intxauspek.

«Guk hasieran zera galdetzen genion geure buruari: 'Zer jarri behar dugu billeteetan?'. Munduko beste leku batzuetako billeteak begiratzen aritu ginen, eta askotan zeuden pertsonaia historikoak, errege-erreginak, politikariak… Argi genuen hori ez zela guk nahi genuena»

LUIX INTXAUSPE Gizartearen Monetaren koordinatzailea

Baina horra heltzeko, koordinatzaileak jakin badaki bidea ez dela erraza izango. Are, aitortu du orain arteko prozesuan kritikak jaso dituztela, eta datorren fasean ere hala gertatuko dela. Dena den, kritika horiek guztiak eskertu ditu; izan ere, horiei esker zenbait erabaki hartu dituztela adierazi du, bereziki billeteen diseinuaren gainean. «Guk hasieran zera galdetzen genion geure buruari: 'Zer jarri behar dugu billeteetan?'. Munduko beste leku batzuetako billeteak begiratzen aritu ginen, eta askotan pertsonaia historikoak, errege-erreginak, politikariak eta abar agertzen ziren. Argi genuen hori ez zela guk nahi genuena». Horren ordez, argi zuten zer nahi zuten: «Gure Monetak bere balio propioak ditu, eta hori zaindu behar dugu, hau da, genero berdintasuna, lurraldetasuna eta aniztasuna kontuan hartu behar ditugu».

Galdetegiak izan duen harrera ikusita, Intxauspek balorazio positiboa egin du: «Kontuan hartuta galdetegia uztailean ireki genuela eta udan jendea ez dela hain aktibo egoten horrelako kontuetan, parte hartze handia ikusi dugu». Datuetan laurehun pertsona ageri diren arren, badakite jendeak familian edota lagunartean ere erantzun duela galdetegia. Eta badago galdetegira sartu baina erantzun ez duenik ere. «Horregatik, alde kuantitatiboari baino, kualitatiboari begiratu nahi diogu. Funtsean, komunikazio ekintza gisa interesgarria izan da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA