Gure Monetak abian jarri du galdetegi bat billeteen diseinua erabakitzeko

Euskal Herriko pertsonaia bat, leku bat, ikur bat, animalia bat eta zuhaitz edo landare bat proposatzeko aukera izango dute euskal herritarrek. Baztango eta Oiartzualdeko biztanleek eskualdeko sei irudi propio izango dituzte.

Gure Moneta proiektuaren aurkezpena, otsailean, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gure Moneta proiektuaren aurkezpena, otsailean, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko uztailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Laster, Euskal Herriko aurpegi, paisaia eta ikur ezagun batzuk ageri diren billeteak izango dituzte euskal herritarrek esku artean; izan ere, azken txanpan dago Gure Moneta proiektua. Euskoa ardatz hartuta abiatu zuten egitasmoa, Euskal Moneta eta Gizartearen Moneta elkarlanean arituta, eta garapen fasean dihardute duela urtebete baino gehiagotik.

Hainbat herritan aurkeztu dute jada —besteak beste, Errenterian (Gipuzkoa)—, eta jakinarazi dute Baztanen (Nafarroa) eta Oiartzualdean (Gipuzkoa) egingo dituztela lehen probak, udazkenean. Baina, martxan jarri baino lehen, badago egin beharreko beste urrats bat: billeteen diseinua erabakitzea. Herritarren esku utzi nahi izan dute erabaki hori; hortaz, bozketan parte hartu nahi duen euskal herritar ororentzat jada zabalik dago galdetegiari erantzuteko epea, irailaren 12ra bitarte.

Elementu bat agertuko da billete bakoitzean: Euskal Herriko pertsonaia bat, leku edo paisaia bat, ikur bat, animalia bat eta zuhaitz edo landare bat. Bost elementu horien inguruan galdetuko diete herritarrei, eta bakoitzetik proposamen bat baino gehiago egin beharko dituzte, bi eta bost artean. Proposamen guztietatik sei aukeratuko dituzte Baztanerako, sei Oiartzualderako eta beste sei Euskal Herriko beste lekuetarako. Billeteek bat, bi, bost, hamar, hogei eta 50eko balioa izango dute.

Diseinu propioa

Diru hori lehenik Baztanen eta Oiartzualdean erabiliko dutenez, Luix Intxauspe Gizartearen Monetaren koordinatzaileak jakinarazi du eskualde horietako biztanleek diseinu propioak izango dituztela, «esperientzia pilotuan parte hartzeagatik». Hori dela eta, galdetegiko parte hartzaileek nongoak diren esan beharko dute: Baztangoak, Oiartzualdekoak edo Euskal Herriko beste nonbaitekoak. 

Billeteen erabilera ere sailkapen horren arabera egingo dute, hau da, Baztango irudiak daramatzatenak bertan erabiliko dituzte, Oiartzualdekoak ere eskualdean bertan erabili ahalko dituzte, eta Euskal Herriko gainontzeko eskualdeetan beste seiak. Edonola ere, Intxauspek zehaztu du billeteen erabilera Euskal Herri osora hedatzen denean, diseinu bateratu bat izango dutela eskualde guztiek.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA