Asteburuko proposamenak

Mozorroen festa

Hasi dira inauteriak Euskal Herriko hiriburuetan eta beste hainbat herritan. Mozorroak jantzita eta festa girotzeko asmoz, ekintzaz betetako egitarauak prestatu dituzte.

Tolosa inauteriak
Tolosako inauterietako desfilea, iaz. JON URBE / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko otsailaren 08a
05:00
Entzun

Inauterietan murgilduta daude Euskal Herriko hiri eta herriak jada. Mozorroak, musika, dantza, koloreak... kalean nabari da festa usaina. Egitarau zabala prestatu dute Euskal Herriko txoko guztietan, bakoitzak bere xarmari eutsita. Urtero bezala, hiriburuetan desfileak egingo dituzte talde ugarik, ikasturtean zehar behin eta berriro entseatzen aritu diren dantzak erakusteko. 

Gaur arratsaldean piztuko da giroa Bilbon. Hainbat ekintza antolatu dituzte astebururako: kontzertuak, haurrentzako tailerrak, dantzaldiak, ikuskizunak... baina kalejirak izango dira jaun eta jabe. Gaur izango da lehena: maskara zaharren kalejira, 18:30ean, Arriaga plazatik abiatuta. 20:00etan, berriz, maskara berriena aterako da Unamuno plazatik. Hurrengo egunetan ere musikaz eta kolorez apainduko dituzte Bilboko kaleak.

Hiritarrak izango dira protagonistak Gasteizen ere. Larunbata eta igandea izango dira egun nagusiak, baina gaur bertan martxan jarriko dituzte hainbat ekintza auzo eta ikastoletan: haurrentzako tailerrak, jaiak, kalejirak...

Larunbat eguerdian, 13:00etan, Gasteizko margolariek kalejira egingo dute tren geltokitik Andre Maria Zuriaren plazaraino. Gero, 18:30ean, mozorroen konpartsek egingo dute desfilea. Gauean, 23:00etatik 02:00etara, Akerbeltz erromeria arduratuko da erritmoa jartzeaz, Plaza Berrian. 

Auzo bakoitzak bere festa propioa izango du Donostian, auzoetako elkarteek antolatuta. Hala ere, erdiguneko kaleetan ekintza ugari egingo dituzte. Gaur iritsiko da hiriburura Momo jainkoa, inauterien erregina, txarangek lagunduta. Bihar konpartsen aurkezpena egingo dute Illunben, eta larunbatetik aurrera kaleak girotzeaz arduratuko dira horiek. Larunbatean, 17:00etan, lehenengo desfilea egingo dute aurtengo konpartsek, eta 19:00etan konpartsa historikoek hartuko diete lekukoa.

Joan den astean iragarri zuten kaldereroek inauterien hasiera Iruñean. Larunbatean, Alde Zaharreko sare komunitarioak antolatuta, iazko plan berari jarraituko diote: 09:30ean, dianak izango dira auzoko kaleetan; 11:00etan, txokolate jana, Arranoko eta AEK-ko kideek antolatuta; 12:30ean, bermutaren txanda izango da, Zabaldin; herri bazkaria egingo dute 15:00etan; eta ondoren hasiko da Kantatzen duen auzoa ez da inoiz hilko! kalejira, 18:00etan. 22:00etan, Luzianoren kontzertua izango da Iruñeko Algaran.

Baionan, datorren asteburuan ospatuko dituzte inauteriak. Larunbatean eta igandean haurrentzako jolasak eta atrakzioak egongo dira Roland-Barthes zelaigunean. Handik abiatuko da larunbatean San Pantzarren desfilea, 15:30ean. 

Tolosa, helmuga maitatua

Hiriburuetan ez ezik, Euskal Herriko herri gehienetan ere mozorroak jantziko dituzte egunotan: Zalduondo (Araba), Mundaka (Bizkaia), Lantz (Nafarroa)... Itzal handiko jaiak dira inauteriak herri askotan, eta lotura estua dute herritarrek haiekin. 

Horren adibide bikaina da Tolosa (Gipuzkoa). Urtero Euskal Herriko txoko guztietako lagunak biltzen dira han, mozorroen festaz gozatzeko prest.

Gaur, Ostegun Gizena, bereziki herritarrentzako ekintzak izango dira herrian: 12:00etan jaien hasiera iragartzeko suziria botako dute Plaza Zaharrean; 16:30ean, txarangak eta kalejira egongo dira, eta 19:00etan, Kirol Elkartearen danborrada. 22:30etik aurrera, Akerbeltz, Azken Sustraiak, Baloon Frame eta Fresa Morango taldeak arituko dira txosnetan.

Bihar, berriz, MonkeyMan-Malec, LS, Eros Krk eta Calde Selektah, Nikotina eta Little Martin taldeek joko dute txosnetan. Larunbatean, Ayvee, Katu eta Watsufly taldeek. Eta igandean, Laketek, Trikomak, Etxepek eta DJ EO-k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.