Komunikazioa

Munduari bira 75 argazkitan

EFE agentziak 75 urte bete ditu aurten, eta, horren harira, '75 urte argazkitan' argazki erakusketa egin du. Astelehenean hasi zen, Bilbon, eta, ondoren, Donostian eta Gasteizen izango da.

Urkullu lehendakaria, Ibon Areso Bilboko alkatea eta Jose Antonio Vera EFEko burua, astelehenean. ALFREDO ALDAI/EFE.
Ainhitze Ruiz.
2014ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Francoren propaganda tresna gisa jaio zen EFE agentzia, duela 75 urte. Urtemuga ospatzeko, argazki erakusketa bat antolatu dute EAEko hiriburuetan, baita Europa zein Ameriketako hainbat hiritan ere. Zazpi hamarkada eta erdi hauetan Euskal Herrian eta mundu guztian gertatutakoaren bateratze bat egin nahi izan dute erakusketa horren bidez. Horrez gain, agentziaren helburua da 120 herrialdetako multimedia informazioak helarazten ahalegintzen diren hirurogei nazionalitate ezberdinetako 3.000 profesionalen baino gehiagoren eguneroko lana ikusarazi eta gerturatzea.

Agentziaren artxibo grafikoan dauden 17 milioi argazkietatik, historian ospetsuenetarikoak egin diren 75 irudi biltzen ditu argazki erakusketak. Izan ere, EFEk urtean hiru milioi berri zabaltzen ditu hainbat euskarritan, eta munduko 2.000 komunikabidera baino gehiagora heltzen da. Gainera, agentziaren argazki biltegia 1.500 argazkiz hornitzen da egunero.

Astelehenean estreinatu zen, Bilboko BBK aretoan, 75 urte argazkitan izenburua duen erakusketa. Iñigo Urkullu lehendakaria, Mario Fernandez Kutxabankeko presidentea eta Jose Antonio Vera EFE agentziako lehendakaria izan ziren inaugurazioan. Urkulluk esan zuenez, argazki erakusketa oso garai egokian antolatu dute; «Azken 75 urteetan gertatutako onena eta txarrena jasotzen du erakusketak». Gainera, garai historiko batean gaudenez erakusketari hausnarketaren ikuspuntutik begiratzeko eskatu zuen Urkulluk inaugurazioan.

Erakusketak nazio eta nazioarteko 50 argazki biltzen ditu, eta beste 25, bost hamarkada hauetan EAEko delegazioetako EFEko argazkilariek hartutakoak dira.

Besteak beste, hauek dira erakusketan ikus daitezkeen argazkietako batzuk: 1940. urtean faxistek egindako bonbardaketaren ondorengo Gernikaren berregitea, urte bereko Francoren eta Hitlerren Hendaiako topaketa, 1978. urtean EAJk arbuiatutako Espainiako konstituzioa, 1983ko Bilboko uholdeak eta 1973an Elizabeth Taylor Donostiako Nazioarteko Zinemaldira iritsi zenekoa.

Maiatzaren 23ra arte izango da ikusgai Bilbon. Ondoren, Donostiako Boulevard Kutxa aretora eramango dute, maiatzaren 27tik ekainaren 15era arte.

Azkenik, Gasteizeko Luis de Ajuria aretoan izango da ikusgai, ekainaren 20tik uztailaren 9ra bitartean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.