Munduko onenen artean

Jon Fernandez de Antona leaburuarraren behorrak, 'Talita Kumi'-k, laugarren postua lortu du Munduko Enduro Txapelketan; Uruguaiko zaldizko batekin parte hartu du.

Fernandezek Leaburun ditu zaldiak, eta egunero entrenatzen ditu; Talita Kumi-k 11 urte ditu, eta angloarabiar arrazakoa da. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2013ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Ez da erraza 103ren artean laugarren geratzea, lehia edozein dela ere. Are gutxiago, munduko onenen aurka lehiatzean. Eguneroko lan gogorrak emaitzak izaten ditu, ordea, eta halaxe izan da Leaburuko (Gipuzkoa) Jon Fernandez de Antona gaztearen kasuan. Haren behorrak, Talita Kumi izenekoak — Neska, altxa zaitez esan nahi du—, laugarren postua lortu du Munduko Zaldizko Gazteen Enduro Txapelketan, Tarben (Okzitania, Frantzia).

Zaldien eta zaldizkoen erresistentzia, abilezia eta abiadura neurtzen ditu enduroak. Egun bakarrean kilometro asko egin behar izaten dituzte, mendian, ahalik eta denbora gutxienean. Zaldizkoak ongi kalkulatu behar izaten ditu zaldiaren indarrak, eta ongi banatu, lasterketa amaitu ahal izateko.

Fernandezen behorrak uztailaren 27an parte hartu zuen Munduko Zaldizko Gazteen EnduroTxapelketan. Egun bakarrean, 06:30ean hasita, 120 kilometro egin egin behar izan zituen behorrak, lau fasetan. Eta, Fernandezen harridurarako, laugarren postua lortu zuen. «Lehen hamarren artean sartzea ere irabaztea izango zen niretzat, eta ia podiumera igotzea sinestezina izan da», esan du leaburuarrak.

Fernandezen behorrak ia kasualitatez parte hartu du txapelketan. Fernandez bera ez zegoen lasterketarako sailkatuta, baina Uruguaiko zaldizko bati utzi zion behorra, Oriana Ricca 17 urteko zaldizkoari. «Haren aitak eskatu zidan zaldia», adierazi du Fernandezek. Izan ere, Ricca sailkaturik zegoen munduko txapelketan parte hartzeko, baina, Uruguaiko selekzioak dirurik ez duenez, berak ordaindu behar zituen gastu guztiak. «Euren zaldia Uruguaitik Tarbera eramatea 20.000 euro kostatzen zitzaien. Nik, berriz, oso gertu dut Tarbe; horregatik eskatu zidaten behorra».

Behorra ahalik eta ongien entrenatzeko betebeharra bere gain hartu zuen Fernandezek. «Erronka handia izan da, baina azkenean, ongi atera da», esan du. Leaburun bertan ditu zaldiak, eta egunero orduak eta orduak ematen ditu zaldi gainean, entrenatzen. Orain, hiru zaldi ditu, arabiarrak eta angloarabiarrak—arabiarren eta ingelesen nahasketa—. Leaburu inguruan leku aldapatsuak ditu, aproposak zaldien bihotza indartzeko. «Abiadura entrenatzeko, ordea, leku lauen bila joan behar izaten dut».

Talia Kumi-k, lasterketa irabazi duen behorrak, 11 urte ditu. Angloarabiar arrazakoa da, gaztaina kolorekoa, eta 157 zentimetro garai da. Munduko txapelketan izan dituen emaitza onen harira, Fernandez eskaintza ugari jasotzen ari da behorra erosteko. Leaburuarra, ordea, zalantzaz josita dago. «Diru asko eskaintzen dute, baina pena ematen dit saltzeak», esan du. Talita Kumi-ren kume bat ere badu etxean. «Hemendik urte batzuetara, berarekin entrenatzen hasi beharko dut; dena den, ez da erraza izango amaren emaitzak lortzea».

Xeke arabiarren eskaintzak

Bahrainetik eta Arabiar Emirerri Batuetatik ari da Fernandez behorra erosteko eskaintzak jasotzen. Izan ere, herrialde horietan oso kirol garrantzitsua da enduroa. «Xeke arabiarrek bitartekariak bidaltzen dituzte lasterketetara, ongi korri egiten duten zaldiak erosteko», adierazi du Fernandezek. «Ezaugarri hauek dituen zaldi bat 2.000 euro inguruan sal daiteke hemen; xekeak, berriz, 150.000 euro ordaintzera hel daitezke, dirutza».

Frantzian, esaterako, zaldi asko erosten dituzte xeke arabiarrek. Horregatik, Frantziako lasterketetan parte hartzen saiatzen da Fernandez. «Kirol honetan jarraitzeko, zaldiak saldu beharra dago, gastu asko baitaude: entrenamenduak, bitaminak, bidaiak...», adierazi du. Hala ere, oraindik ez daki zer egingo duen Talita Kumi-rekin: Arabiar Emirerri Batuetako xekeren bati saldu edo Leaburun utzi.

«Niretzat urrea balio duen behorra, erosten duen xekearentzat bat gehiago baino ez da izango», adierazi du Fernandezek. Arabiar Emirerri Batuetan urrian hasten da enduro denboraldia, eta sei hilabete irauten du. «Hango lasterketak basatiagoak izaten dira; zaldiei askoz azkarrago korri eginarazten diete, eta lesio asko izaten dituzte». Horregatik ditu zalantzak Fernandezek behorra saltzeko. «Xeke bakoitzak 400 zaldi ingururekin hasten du denboraldia, eta 50 ingururekin amaitu; gainontzekoek lesioak izaten dituzte, eta hiltegira bidaltzen dituzte».

Lasterketan laugarren geratzearen meritu guztia ez du, noski, Talita Kumi behorrak. Zaldizkoak ere zeresan handia du. «Oso lan ona egin zuen; zaldizko bikaina da», adierazi du Fernandezek. Riccak 17 urte besterik ez du, baina eskarmentu handia. Uruguain lasterketa asko izaten dira, eta Riccak ia astebururo parte hartzen du baten batean. Aitak, berriz, Oscar Riccak, zaldiak entrenatzen ditu lasterketetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.