Udako seriea. Literatur ibilbideak (II)

Mungiatik Butroeko gaztelura

Mungiako Torrebilletan Lauaxetari buruzko erakusketa ikusi ondoren, Butroeko gaztelurako bideari oratuko dio ibiltariak. Gatikako Garai eta Libaroa auzoei itzuri eginda, XVI. mendeko gotorlekura iritsiko da azkenik.

Torrebilleta jauregi neogotikoa. JOSEAN GIL-GARCIA
Torrebilleta jauregi neogotikoa. JOSEAN GIL-GARCIA
Josean Gil-Garcia.
Mungia
2025eko uztailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Esteban Urkiaga Basaraz Lauaxeta Laukizen (Bizkaia) jaio zen, 1905eko abuztuaren 3an. Jaio eta berehala, familia osoa Mungiara (Bizkaia) aldatu zen. Jesuita izatearen kariaz, Lauaxeta Durangora (Bizkaia) joan zen gero, eta handik Loiolara (Azpeitia, Gipuzkoa). Poemagintzaren zirrikituan edan ostean, Oñako (Burgos, Espainia) komentura iritsi zen. Betiere euskara eta euskal kultura bidaide, zaletasun giro aparta bizi izan zuen orduan. Jesuiten ordena utzi, eta Mungiako etxera bueltatu zen berriz. Jose Ariztimuño Aitzol idazle, kazetari eta kultur eragilearen zuzendaritzapean euskal kulturak gizarte bat atzean izan behar zuelarik, Olerti Egunak eta halako ospakizun jendetsuak babestu eta bultzatu zituen. Euskal Jaietan eta Olerti Egunetan sari bat baino gehiago irabazi zituen Lauaxetak. Sonatuena, akaso, 1930eko Errenteriako (Gipuzkoa) ekitaldikoa. Lauaxeta gazteak sari nagusia irabazi zuen orduan, Maitale kutuna olerkia aurkeztuta. Desira erotikoaren idealizazioaren adibiderik argiena da poema hura.

Literatur ibilbideak. Butreoko gaztelua

Euzkadi egunkarian aritu zen gero. Kazetaria eta olerkaria ez ezik hizlari trebea ere bazenez, herriz herri ibili zen bere konpromiso politikoa lau haizeetara barreiatzen. Bide barrijak liburua 1931n kaleratu zuen, 26 urte zituela. Nonbait, olerkien panorama antzua zen atzerrian, zurtoin zimurtuko zuhaixken antzera. Poetaren neurtitzek, aitzitik, zintzotasuna zabaldu zuten, Aitzolek liburuaren hitzaurrean idatzi zuenez. Maitasuna gidari, bide berriak landu zituen Lauaxetak, irakurleari ordura arte ez bezalako ametsezko irudi berriak eskainiz. «Itaundu dautsozu zeru garbijari, itxasoko uiñai ta ixadi orori. Maitasun orretzaz baña, maite ori, ez dautsozu itaundu zeure bijotzari!».

LAUAXETA
Legarribai baserria agertuko da Butroera iritsi aurretik. JOSEAN GIL-GARCIA

Euskal neurtitz eder asko ondu nahian, basoz emokaturiko bideak bazter eginda, poesia garbia eskaini zuen, adimenaren fruitu preziatuaren antzo. Hilezkortasunaren gose-egarria ekarri zuen hizpidera liburuaren hondarrean. Barru-barruko garrak pitzarazita, gai sakon eta sarkor horren oihartzuna ekarri zuen, esaterako, Ezilkortasuna poeman. Arrats Beran liburua argitaratu zuen gero, 1935ean, eta herri literaturako baladak eta erromantzeak landu zituen hartan. Federico Garcia Lorca poeta andaluziarraren eragina izan zuen herrikoitasunaren bidea zabaltzeko orduan.

1936ko gerraren garaian, Gernika (Bizkaia) erretzen ari zela, hantxe bertan atxilotu zuten, eta Gasteizko karmeldarren komentura eraman. 1937ko maiatzaren 15ean, gerra kontseilua egin zioten, eta heriotza zigorra ezarri. Gasteizko Santa Isabel hilerriaren hormaren kontra, garaiko hipodromoari dagokion eremuan, 05:30ean, tiro hotsek poetaren ahotsa isilarazi egin zuten tanpez.

Antton Valverderen ekarpena

Jon Kortazar idazle eta literatura kritikariak dioenez, «aspaldiko adiskideak dira poesia eta musika. Maiz jarri dituzte musikariek poeten hitzak gure belarrietan eta ahoetan. Kontu handiz zabaldu da maiz euskal poesiaren muina». Antton Valverde musikaria da horren adibide garbia. Musikaz eta maila goreneko poesiaz gozatzeko bide interesgarria urratu zuen orain dela hamarkada batzuk, pianoa hartuta. Tradizioa eta modernitatea maisuki uztartu ditu abeslariak. 1978an kaleratutako lan monografiko bati esker, Lauaxetaren poemak ezagunak egin ziren Euskal Herrian. Hau da, poetaren berri zabaltzen lagundu zuen zirkulu akademikoetatik kanpo. Poetaren jaiotzaren mendeurrenean ere poema sorta bera ekarri zuen Antton Valverdek, maisulanaren indarra erakuste aldera. Hala, Itauna poema musikatua baratxe-baratxe irristatzen da disko zapalean, piano akordeen eta biolinaren konpas neurtuen artean. Eta, 2020an,  Valverdek lehen lerrora ekarri nahi izan zuen berriz ere poeta bizkaitarraren aberastasuna, Gaua. Ausentziaren itzala diskoan. Maitasuna besalagun, Erantzuna poema entzuteko aukera dago.

Lauaxetak «zain gauzka», Anjel Lertxundik dioen moduan. Poemak eta kantak gogoan, poetaren paisaiak ezagutzera abiatuko da bidaztia, akaso makila eskuan, Mendigoxaliarena poema sozial eta politikoan zehar irristatzen den bezalaxe. Mungian (Bizkaia) hasi eta Butroeko gaztelu handirainoko (Gatika, Bizkaia) tartea osatuko du ibiltariak, hatsanka ibili gabe, muinak urtu gabe. Eskualdea zipriztintzen duten baserriak, ordoki zabalak eta mendiko zidor berdeak bistan dituela, kantu-kontari arituko da: «Dana emon behar jako maite dan askatasunari».

Abiapuntua, Mungiako jauregia

Mungiako Torrebilleta jauregi neogotikoan (Bizkaia) hasiko da ibilian-ibilian bidazti grinatsua. Artea, kultura eta natura uztartzen dituen eremu horretatik Done Petri eliza aldera egingo ditu lehen urratsak. XVI. mendeko elizaren aurreko plazatxo paretik igaro, eta Alkartasuna kalearekin bat egingo du ziztuan. Kalea zeharkatu, eta, GR-280 zidorra lagun, aurrera egingo du Butroe kalean. Txistulariaren artelana erakusten duen plazara iritsiko da bizkor-bizkor. Ezkerrera hartuko du han, eta Landetxo Goikorantz abiatuko da zalu eta zoli. Uriguen parkean, ordea, pausu egingo du, Izenaduba deituriko basoan Olentzeroren etxea bisitatzeko aukera dago eta. Bakea eta lasaitasuna darizkion paraje horretan Euskal Herriko pertsonaia mitologikoek harrera egingo diote bisitariari, betiere XVI. mendeko baserrira hurreratzeko desiran egonez gero. Bestela, Uriguen parkean barneratu gabe, Butroe ibaiko ibilbideari oratzeko aukera dago. Landetxoko jolasgunean, Atxuriko bidegorriarekin topo egingo du.

Bisitaria Mungiako saihesbidearen azpitik igaroko da berehala. Ehunka metro gehiago jarraituko du Atxuri errekaren paraleloan. Halako batean, erreka gurutzatzeko aukera izanik, bidegorria utzi, zubi ttipitik igaro eta Atxuri auzora iritsiko da. Errota bidetik hasieran eta Estratzatik gero, baserrien artetik jarraituko du bidaztiak. Aurrerago, Urikoerrota bidea ezkerrean lagata, zuzen jarraituko du. Bidebanatze horretan atentzioa emango diote bertantxe hazten diren bi arte dotorek. Atxuriko baserria atzean utzita, ikuspegi zabalak irekiko zaizkio ekialderantz: Mungiako itsasargien antzera, Jata eta Sollube gainek protagonismoa hartuko dute ordokiaren gainetik. Gatika udalerrian tanpez sartuko da bidaria. Bidebanatzean eskuinera egin, eta, jaitsiera xumearen ostean, Larrateazpiko futbol eremura iritsiko da.

LAUAXETA
Butroeko gaztelua. JOSEAN GIL-GARCIA

Zelaia eskuinean duela, Garai auzora joko du zuzen-zuzen. Porlanezko bidea gogaide, gorantz egingo du aurrena. Hurrena, aldatsa amaituta, behera egingo du, pinuek batzarri egingo baliote bezala. Azkena, zurezko barandak dituen zubi txiki baten gainetik igaro, eta Aixe Garbi izeneko baserriaren ondora iritsiko da. Ur biltegi ttipi bat agertuko zaio bidearen ondoan. Errepide estuan, ezkerretik metro batzuk egin ostean, eskuinera egingo du brastakoan. Hala, Urrustiñe baserri galanta bisean bis, ezkerrera joko du beste behin. Bidegurutze matazatik irten baino lehen, baina, parada izango du  ateburuan 1825. urtea erakusten duen baserri zaharra ikusteko. Gatikako auzoak eta Loiu (Bizkaia) lotzen dituen errepidera iritsiko da pauso arinak emanez.

Butroeko gaztelua

Errepidea gurutzatu, eta Gorordo auzoan sartuko da. Madariaga bidean aurrera eginda, Sitsabarri baserri parera helduko da. Ezkerrera hartuko du han, eta, Libaroa auzoko baserriak helburu hartuta, urrats mantsoak egingo ditu ordokian barrena, inoiz gerizpetan jostetan, akaso hainbatetan eguzkitan blai. Azken baserrira iritsita, bideak behera gidatuko du, Endatxa baserri aldera. Haritzek osatutako galerian gaindi makina bat metro egin ostean, Legarribai baserri ederra atzemango du bide bazterrean. Gero, hariztian barna osteratxoa osatu, eta Gatikako ibarrera iritsiko da. Belazea nagusitzen den eremu horretan Martierrota eta Libaroaetxebarria baserriak ikusiko ditu. Eskuin-ezker egin gabe, aitzitik, Jagon egoitzara joko du zuzen-zuzen. Mendian gora ibiliko da gero, betiere Urrestimendiko muina inguratzeko asmoz. Hartxintxarrez jantzitako basabidea lagun, gora egingo du ibiltariak, eta, aldatsa amaitzean, behera egiteko tenorea egokituko zaio. Eukaliptoen babesean ibili ostean, Butroe ibaiaren altzoan jarriko da. Haritzak nagusituko dira orduan. Akaso gutxitan ikusi gabeko bazter ederrak izango ditu ibiltariak begi aurrean.

Urrestiko bidebanatzean eskuinera egin, eta errepide nagusira helduko da. Ezkerrera hartuko du errepidean, eta Andre Maria Magdalenaren tenplua bistaratuko zaio supituan. Butroeko gaztelua inguru horretan dagoenez gero, ibiltariari ez zaio neketsua egingo basoaren gainetik ageri diren gaztelu zaharberrituaren almenak eta hormak ikustea. Parke eder horretan emango dio amaiera ibilbideari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.