Arbizuko Sanjoanak

Musika, dantza eta giro ederra Arbizuko festetan

Gaurtik ekainaren 29ra izango dira Arbizuko San Joan jaiak. Haur, gazte eta helduentzako ekitaldi ugari antolatu ditu udalak

Sanjoanetan giro alaia egongo da Arbizun. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Joxi Ubeda Goikoetxea.
Andoain
2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Haurrek, gazteek eta helduek ederki pasatuko dute Arbizuko (Nafarroa) sanjoanetan, gaurtik ekainaren 29ra, Arbizuko Udalak askotariko ekitaldiak antolatu baititu: «Herritar guztiondako festak diseinatzen saiatu gara. Denondako festak nahi ditugu. Horretarako, gehienetan, emakumeon gain erortzen diren lanak ere partekatu beharra dugu (janak egin, arropak garbitu, erosketak, haur eta nagusiak zaindu, etxea garbitu...) denok, eskubidez, festez modu parekideago batean gozatzeko».

Herritarrek jaiez gozatu eta ongi pasatu dezaten eta pozik bizi daitezen nahi du Arbizuko Udalak. Era berean, begirunearekin ibil daitezela eskatu die: «Denok dugu, goiz, eguerdi, arratsalde eta gau, kaleetan libre eta lasai ibiltzeko eskubidea».

Jaietan izango diren ekitaldi eta jardueretan parte hartzera animatzen ditu: «Programatutako ikuskizunetan parte hartzera deitzen ditugu herritarrak, kultur egitasmoez gozatzera eta kulturgintza bera babestera. Azken urteak, bereziki, ez dira izan-eta batere onak sektore horrendako».

Halaber, jaietan euskara erabiltzearen aldeko deia egin du: «Euskaraz bizi garen herria izaten jarraitu nahi dugu. Arnasgunea. Jar dezagun zerbait gure aldetik, eta balizko inguru erdaldunetan (barrakak, tabernetako musika,... ) eska dezagun euskal musika, adibidez».

Bestalde, petardoen erabilera saihesteko eskatu du udalak, eta salmenta debekatuta dagoela gogorarazi du. Horrez gain, komun publikoak egoki erabiltzea komeni dela azpimarratu du.

San Joan bezpera ospatzeko, San Juan ermitara joango dira gaur arbizuarrak, eta festei hasiera emango diete. 19:00etan brindisa egin, eta festa hasierako suziria botako dute plazan, eta ordu-erdi geroago izango da San Juan ermitara igoera, Zidakos txarangarekin.

20:00etan, bezperak egingo dira ermitan. Ondoren, kintoek Maria Lombren zaldiya dantzatu, eta arbizuarrak txarangaren laguntzarekin herrira jaitsiko dira, festarekin jarraitzeko, eta musikaz eta dantzaz gozatzeko. Horrela, 23:30ean, Trikidantz taldearekin erromeria izango daplazan.

Puzgarriak eta herri gosaria

Biharamunean, San Joan egunean, 10:30ean hasiko da diana, Zidakos txarangarekin, eta goizean puzgarriak egongo dira, haurrek ederki pasatu dezaten. 11:30ean herritarrak ermitara igoko dira txarangarekin, eta eguerdian meza nagusia egingo da ermitan bertan. Ondoren, udalak herri gosaria eskainiko du, Mariachi Internacional Jalisciense talde mexikarrak joko du bazkalordua iritsi arte, eta herritarrek haien musikaz gozatzeko eta dantza egiteko aukera izango dute.

Arratsaldean ere musika eta dantza izango dira nagusi: txaranga kalejiran aterako da, Elai Alai dantza taldeak emanaldia egingo du, eta Arbizuko erraldoiak ere dantzan ibiliko dira.

Egitarau osoaren berri izateko, sartu www.arbizu.eus webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.