Herriko kultur programazioari udan ere segida emateko sortu zuten Musikaire jaialdia Elorrion (Bizkaia), eta, poliki-poliki, askotariko eskaintza erdietsita urtez urte, mende laurdenaren muga gainditu dute jada: bihar hasiko da egitasmoaren 26. aldia, eta uztaileko asteburu denetan izango dira ikuskizunak. Guztira, hainbat genero eta formatutako 11 emanaldi izango dira, doan eta aire zabalean.
Festibalari ekin ziotenetik urte mordoa pasatu den arren, Musikairek hasierako irizpideei eusten die oraindik. «Jaialdi eklektikoa da», Aitor Iriarte antolatzaileak laburbildu duenez, ikusleek aukera asko izan ditzaten gustuko proposamenen bat topatzeko: musikalak egun batean, flamenkoa biharamunean, bluesa beste asteren batean... «Batzuek asteburu batean bospasei kontzertu batzen dituzte, bata bestearen atzean; hasieratik, gure helburua izan da gauza lasai bat egitea, egun bakoitzean kontzertu bat jarrita».
«Jada horrenbeste urte daramatzagunez, promotoreek badakite uztailean Elorrion jaialditxo bat egoten dela, eta eskaintzak egiten dizkigute»
AITOR IRIARTE Elorrioko Musikaire jaialdiaren antolatzailea
Parte hartzaileen jatorrian ere sumatzen da aniztasun hori. Izan ere, egitarauaren parte handi bat bertoko musikariekin osatzen duten arren, ahalegina egiten dute, aurrekontuak lagatzen duen heinean, kanpoko proposamenak ere herrira ekartzeko. Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren ikuskizun batekin hasiko da aurtengo aldia, eguna haurrei eskainita, eta Sara Zozaiak eta Ruper Ordorikak ere joko dute datozen asteetan; baina, orobat, Senegaldik etorritako Momi Maiga eta AEBetako Robbin Kapsalis musikaria ere izango dira.
Nazioarteko musikari horien birak aprobetxatzen dituzte, hain justu, egitaraua aberasteko, antolatzaileak azaldu duenez. «Jada horrenbeste urte daramatzagunez, promotoreek badakite uztailean Elorrion jaialditxo bat egoten dela, eta eskaintzak egiten dizkigute. Gure gustukoak direnak eta gure formatura egokitzen direnak aukeratzen ditugu». Kanpoko hiruzpalau musikari izango dituzte aurten.
Pailazoak eta dantza garaikidea
Jaialdiaren formatuak ere patxada kutsua du: lagun talde bat herriko plazan, elizpean, Lariz jauregiko lorategian edo Arriola antzokian jesarrita, beharbada sekula entzuna ez zuten artista bat deskubritzen. Bihar, pailazoek izarretarainoko bidaia egingo dute herriko elizpetik abiatuta Zerua lapurtu dute ikuskizunean, eta, etzi, aurreneko asteburua borobilduko du Sara Zozaiak. Hurrengo ostiralean, Euskal Barrok Ensemble taldeak antzinako musikarekin girotuko ditu Lariz jauregiko lorategiaren bazterrak, folk musikan oinarritzen den Zubinea albumeko abestiekin zehazki. Ruper Ordorikak hartuko die lekukoa zapatuan, eta Momi Maigak erabat bestelako proposamena erakutsiko du domekan, jazza, flamenkoa, musika klasikoa eta Afrikako erritmoak uztartuko dituen kontzertu bat eginda.
Yllana & Primital Brothers taularatuko dira uztailaren 17an, Robbin Kapsalis biharamunean, eta dantza garaikideko ikuskizun bat hartuko dute igande horretan: Marcat Dancek, Jessica Castellonek eta Boris Orihuelak, Rolando Salame konpainiak eta Ertza taldeak hamabost bat minutuko pieza bana dantzatuko dute. Uztailaren 25ean, ikuskizun «berezi» bat egingo dute elizpean: Antigua fusiĂ³n con miel y canela proiektu kolaboratiboa. «Propio osatu dute Elorriorako», nabarmendu du antolatzaileak. Sei artista ariko dira hainbat genero batzen dituen emanaldi batean; flamenkoa, jazza, boleroak eta Latinoamerikako erritmoak entzun ahal izango dira kolpe bakarrean. Nigeriar jatorriko Ife Ogunjobik tronpeta soinua txertatuko dio jaialdiari hurrengo saioan, eta Elkano Browning Cream taldearen jazz doinuekin bukatuko da Musikaire, uztailaren 26an.
Aurrekontu estuarekin beti dantzan ibili arren, praktiko azaldu da Iriarte: diru laguntzak apalagoak izan diren urteetan, eskaintza egokitu egin dute, eta egoera gorabehera jaialdia antolatzen segitzeko asmoa daukate. Iaz, esaterako, inoizko aurrekonturik murritzena eduki zuten, eta euskal artistekin bakarrik taxutu zuten egitaraua; aurten tarte handiagoa eduki dute prestatzeko. «Ilusioa daukagu hurrengo urteko Musikaire antolatzeko, 27.a».