Musikarik ez da faltako

Gaur hasiko da Festilasai jaialdia, Miarritzen. Lehen egunean, Elisa Do Brasil, Radiator, The Lookers eta Django taldeak igoko dira agertokira

The Lookers hirukoteak gaur emango du kontzertua, Miarritzen. FESTILASAI.
Mikel O. Iribar.
2017ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Gaurtik igandera bitartean, musikaren doinuek eta erritmoek hartuko dute protagonismo osoa Miarritzeko Irati auzoan (Lapurdi). Festilasai jaialdia antolatu dute, eta, hiru egunez, kontzertuak egingo dituzte bata bestearen segidan.

Jaialdiari hasiera emateko,Elisa Do Brasil DJ konpositoreak bere emanaldia egingo du, 18:00etan hasita. Ez da lehen aldia izango Miarritzen musika elektronikoa eskainiko duena.Izan ere, aurreko urteetan ere emanaldi bat baino gehiago egin izan du; surf txapelketetan, besteak beste. Musika elektronikoa du bere pasioa, eta bide horretatik konposatzen ditu doinu brasildarrak.

Musika elektronikoa entzun ondoren, rocka eta bluesa uztartzen dituen Radiator taldearen txanda helduko da. Bordelen (Okzitania) eta Donibane Lohizunen (Lapurdi) sorterria du Radiatorrek, eta talde horretako kideek barnean duten energia ez dute ezkutatzen kontzertuetan. Ikusleenganako duten gertutasuna azaleratzen saiatzen dira.

Euskal Herriko talderen bat ere izango da jaialdian. The Lookers, hiru kidek osatutako taldeak, Ziburun (Lapurdi) du sorlekua. Rocka, punka zein pop estiloak dituzte beraien bizkarrezur.

Djangok emango dio ostiralari amaiera, eta, bide batez, skate ikuskizuna eta afariko ordua girotuko du bere musika elektronikoarekin.

Bihar ere Festilasai jaialdiak ez du etenik izango. Rap eta hip hop estiloak ardatz dituen Puppetmastaz taldeak egingo du emanaldia, 18:00etan hasita. Ondoren, Bohemian Betyars taldearen txanda izango da. Speed folk eta break punk estiloekin konposatutako abestiak interpretatuko ditu Hungariako taldeak.

Talde horren ostean, DJ Pace eta Uneek-ek osatutako bikoteak hip hop estiloko musika emankizuna egingo du, eta, horren ondoren, Baptiste Daleman As Anamibafa taldeak emango dio biharko egitarauari amaiera. Igandean, 12:00etan, arkume jana izango da aldez aurretik erreserbatu beharko da, eta, bazkaldu ostean, Dan Livingston abeslariak kontzertua emango du.

Festilasai

Gaurtik igandera arte, Miarritzeko Irati auzoan (Lapurdi). Sarrera: 10 euro. Bazkaria: 20 euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.