Hedabideak

Nabigatzailearen bidez jakinarazpenak jasotzeko aukera eskaintzen hasi da BERRIA

Albiste garrantzitsuen berri emateko, nabigatzailearen bidez 'push' jakinarazpenak jasotzeko aukera eskaintzen hasi da BERRIA. Aukerakoa da: zerbitzua baliatu nahi izanez gero, onartu egin behar da.

Jakinarazpenak jasotzeko baimendu egin behar da, zerbitzua onartuz. BERRIA
Pello Urzelai.
2019ko abenduaren 4a
22:19
Entzun

Nabigatzailearen bidez ere posible da berehalako abisuak jasotzea, telefonoetako aplikazioetan gertatzen den bezala. Hedabideen kasuan, gehienbat, azken orduko albiste garrantzitsuen berri emateko erabiltzen da, eta horretarako garatu du BERRIAk zerbitzu berri hori.

Nabigatzailearen bidezko zerbitzua gaur jarri da martxan. Zerbitzua ez da derrigorrezkoa, borondatezkoa baizik. Horregatik, nabigatzailean BERRIAren webgunea irekitzean leiho bat agertuko zaio irakurleari galdetuz ea jaso nahi dituen push jakinarazpenak. Jakinarazpenak jaso nahi baditu, Bai erantzun behar du. Bai erantzuten badu, nabigatzailearen sistemak baieztatzea eskatuko dio. Ez badu jakinarazpenik jaso nahi Ez, mila esker erantzun beharko du. 

Zerbitzua onartuta, irakurlea nabigatzailearen bidezko BERRIAren jakinarazpenak jasotzen hasiko da, BERRIAren webgunea irekita izan edo ez. Jakinarazpen horietan albistearen titularra ikusiko du eta gainean klik egiten badu albistearen orrialdera joango da, osorik irakurri ahal izateko. Zerbitzu hau soilik eguneko albiste garrantzitsuenen berri emateko erabiliko du BERRIAk, beraz, jakinarazpenen kopurua oso mugatua izango da. 

Web jakinarazpen sistema honek ordenagailuko edozein sistema operatibotan funtzionatzen du, eta bateragarria da Chrome, Safari edo Firefox nabigatzaileekin. Android sistema operatiboa duten telefonoetan ere baliagarria da, eta aplikazioek izaten duten jakinarazpen sistemaren antzekoa da. Irakurleak edozein unetan desgaitu ahal izango ditu jakinarazpenak nabigatzailearen konfigurazioan. 

BERRIA aplikazioaren eguneraketa

Egunotan telefono eta tabletarako aplikazioa eguneratu du BERRIAk, bai Android zein iOS sistema operatiboetan. Eguneraketa honen bidez, testuen tipografia aldatu da, BERRIAk webgunean, papereko edizioan zein albiste buletinetan erabiltzen duen tipografia eredura egokitzeko. Era horretan, testuen estiloak bateratu dira formatu guztietan. Horrez gain, doikuntza batzuk egin dira aplikazioaren portaera hobetzeko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.