Nafar paperak utzitako arrastoak

Marino Aiala eta Victor Placencia ikertzaileek nafar papergintzaren jatorriari erreparatu diote liburu batean: XIX. mendean, Larraun ibaiaren ertzean, Epifania Irazusta enpresaburuak bi paper fabrika ireki zituen, San Miguel eta Pastaola.

Paper lantegietan erabiltzen zituzten makinen marrazkia. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA
Paper lantegietan erabiltzen zituzten makinen marrazkia. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA
itsaso jauregi 2
2025eko urriaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroan, Larraun ibaiaren ertzean, Arruitzen harrizko tximinia altu bat eta bertan behera utzitako etxebizitza bat daude, eta ibai berak bustita, baina Latasan, etxe batzuen hondakinak geratzen dira, teilaturik gabeak eta hormak eraitsiak dituztenak. Nafarroako XIX. mendeko paper lantegien azken arrastoak dira horiek. Marino Aialak eta Victor Placenciak ikertu dute Larraun ibaiaren ertzean dagoen Nafarroako papergintza sektorearen jatorria, eta Aranzadi zientzia elkartearekin argitaratutako liburua da emaitza: La Navarra papelera del siglo XIX. Un caso singular: la historia de las fĂ¡bricas San Miguel y Pastaola a orillas del rĂ­o Larraun (1870–1896) (XIX. mendeko Nafarroa papergilea. Kasu berezi bat: Larraun ibaiaren ertzeko San Miguel eta Pastaola fabriken historia).

Placenciak, txikitan, autoko leihatilatik ikusi zituen tximinia fantasma bat eta eraikin bitxi bat. Amari galdetu zion ea zer zen, eta esan zion: «Hemen gatza egiten zen». Geroago, 2014an, Larraun ibaiaren ertzean paper fabrika bat egon zela zioten dokumentu batzuekin egin zuen topo. Piezak puzzle bat osatzen hasiak ziren. 2019ra arte ez zen elkartu Aialarekin, eta biak gaia xehe-xehe ikertzen hasi ziren. San Miguel fabrikak (1870-1896) paper mekanizatua ekoizten zuen, eta Pastaola lantegia (1892-1896), berriz, San Miguel fabrika pasta zelulosikoz hornitzeko laguntzaile gisa sortu zen.

(ID_17603410883215) (/EZEZAGUNA) San Migel paper lantegia, lehen
San Miguel paper lantegiaren argazki zahar bat, 1912an ateratakoa. NAFARROAKO LIBURUTEGI DIGITALA / ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEAK UTZITAKOA
(ID_17603410121515) (/EZEZAGUNA) Pastaola paper lantegia, lehen
Pastaola paper lantegiaren argazki zahar bat. NAFARROAKO FOTOTEKA / ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEAK UTZITAKOA

Ikerketa horren «funtsezko» aurkikuntza, Placenciaren arabera, enpresa XIX. mendean emakume batek sortu zuela ikustea izan da. Epifania Irazusta Arzadun enpresaburu gipuzkoarra eta paper familiakoa zen, eta San Miguel paper fabrika sortu eta bultzatu zuen 1870ean. «Garai hartako makinarik aurreratuenarekin hornitu zuen fabrika, eta Tolosako industrialari batzuei errentan eman zien», azaldu du Placenciak. Baina zorteak ez zion lagundu, handik gutxira Bigarren Karlistaldia hasi baitzen eta lantegia frontearen inguruan baitzegoen. Ondorioz, lantegiaren jarduera geldiarazi behar izan zuen. Gainera, errentan hartutakoak liberalak ziren, eta, beren bizia arriskuan egongo zen beldur, bi urte geroago alde egin zuten: fabrika abandonatuta geratu zen. Gatazkaren ondoren, eta hainbat zailtasun igarota, Epifania Irazusta Arzadunen semeek fabrika berriz martxan jarri zuten, 1888an.

Orriz orri

Papera egiteko orduan «oraingo sistema bera» erabiltzen zutela azaldu du Aialak. Paper orri bat eskuz egiteko, trapuak edo lastoa erabiltzen zituzten, zelulosa zuntzez osatuta daudelako; uretan sartu, eta galbahe baten bidez iragazi eta xukatu egiten da. Gero, orria zintzilikatu eta lehortu egin behar da. Aialak eskuz egiten du papera, baina fabrikan bertan sistema mekanizatuta zegoen: «Esan behar da paperaren eskuzko fabrikazioaren —orriz orri egindakoaren— eta fabrikazio mekanizatu jarraituaren arteko trantsizio garai batez ari garela hitz egiten». Beste krisialdi bat lehengaien aukeraketak ekarri zuen: trapuak erabilgarriak ez zirenean, lastora pasatu ziren, eta gero, egurrera. Inguruko basoetako egurra erabiltzen saiatu ziren, baina astiro hazten ziren zuhaitzak, eta egur gogorra zuten. Dokumentu artean murgilduta, ikertzaileek faktura bat aurkitu zuten, Hanburgoko (Alemania) enpresa bati egindako ordainketa batena, handik egurra ekarri ahal izateko.

«Gure adinekoengandik jaso dugunaren inguruko errespetuzko eta begirunezko giroa sortzea da helburua»

VICTOR PLACENCIA Liburuaren idazlea

Makinak mugitzeko, energia hidraulikoa ere behar zen; horregatik zeuden ibaiaren ertzean. «Trapuak ontzietan sartu, eta energia hidraulikoari esker mazoak mugitzen ziren; mami moduko bat geratzen zen hori guztia birrindu eta gero. Mami hori urez busti eta tina batzuetan sartzen zen, eta, tina horietan, langile batek sare bat sartu, eta burdin sarea orriaren formarekin ateratzen zuen. Gero, lehortzen jarri behar zen, soketatik zintzilik», azaldu du Placenciak. Baina, papera lehortzen hasi aurretik, langileek grabatu bat uzten zuten orrialdearen behealdean: filigrana. Filigrana orri berean egiten den grabatua da, orria osatzen ari den unean bertan, eta grabatuak dira fabrikatzailearen izena, fabrikatzailearen herria, marka... Billete bat argi kontra jartzean agertzen den grabatua da, eta egiazkoa dela frogatzen du. Marka hura oso lagungarria izan zen liburuaren idazleentzat, Aialak azpimarratu duenez: «Filigranari esker, aurkitu genituen dokumentuak eta paperak garai horretan kokatzeko gai izan ginen».

Lantegiak hiriguneetatik urrun zeuden, eta, beraz, bertan lan egiten zuten pertsonentzako etxebizitzak eraiki zituzten. Horrela sortu zen «Nafarroako lehen kolonia industriala», Placenciaren hitzetan. San Miguel fabrikaren bigarren aroan, 1887tik 1896ra bitartean, 205 pertsona dokumentatu ahal izan dituzte, eta horietatik 64 langileak ziren; hau da, gainerakoak senideak ziren. Langile gehienak gipuzkoarrak ziren, papergintzan eskarmentu handikoak gainera, eta nafar asko ere bazeudela behatu dute. Fabrika «Babelgo dorrea» zela argudiatu du Placenciak: «Euskaraz hitz egiten zuten, noski, langile asko euskaldunak zirelako, eta euskalki asko nahasten zirela ere identifikatu ahal izan dugu».

(ID_17603410454205) (/EZEZAGUNA) San Migel paper lantegia, gaur egun
San Miguel paper lantegiaren hondakinak JUAN ANTONIO GARAIKOETXEA / ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEAK UTZITAKOA
(ID_17603411351035) (/EZEZAGUNA) Pastaola lantegia, gaur egun
Pastaolako fabrikaren hondakinak, airetik ikusita. JUAN ANTONIO GARAIKOETXEA / ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEAK UTZITAKOA

Artikulu gisa hasi zena auzolanean oinarritutako hirurehun orrialdeko liburu bihurtu da. Placenciaren ustez, kontsulta liburu bat da: «Gure adinekoengandik jaso dugunaren inguruko errespetuzko eta begirunezko giroa sortzea da helburua». Eskerrak eman nahi izan dizkiete lantegiak dauden inguruko udalei, eman duten laguntzagatik, baita Aranzadi zientzia elkarteari ere. «Inguruko inork ez zekien han fabrikarik zegoenik. Nafarroako paperaren historiarako eta eremu horretako jendearentzako oso garrantzitsua da hori ezagutaraztea, beren historiaren eta han izan dutenaren berri izan dezaten», gehitu du Aialak.

«Esan behar da paperaren eskuzko fabrikazioaren —orriz orri egindakoaren— eta fabrikazio mekanizatu jarraituaren arteko trantsizio garai batez ari garela hitz egiten»

MARINO AIALA Liburuaren idazlea

Gaur egun, San Miguel fabrika izan zen egitura osotik harrizko tximinia eta Epifaniaren etxea geratzen dira; Pastaolatik etxe batzuk geratzen dira, besterik ez, eta hutsik daude, etxebizitzaren eta fabrikaren aztarna bihurtuta. Gainerakoa desagertuz joan zen langileek ingurua utzi zutenean, 1896an fabrikak itxi zituztenean, hain zuzen ere; ondoren, trenbidea egin zuten, eta eraikinak bota behar izan zituzten. Makinak saldu egin behar izan zituzten, idazleek azaldu dutenez: dena desagertu egin zen. Langileak eta haien familiak beste hiri batzuetara joan ziren lan bila, lan ibiltaria baitzen. Itxierek, fabrikako langileei ez ezik, inguruko industriari ere eragin zieten, batez ere ikatzarekin lan egiten zutenei. Lantegietan ikatza erabiltzen zuten makinak mugitzeko, eta, itxi zutenean, ikazkinak ohiko eroslerik gabe geratu ziren. «Badakigu paper fabrika ixtean ikazkinak udaletxera joan zirela, enpresak inguruko basoetan sortzen zen ikatza erabiltzen baitzuen», dio Placenciak. Beraz, Larraun ibaiaren ertzetik pasatzean autoaren leihotik harrizko tximinia bat ikusiz gero, hau esan daiteke: «Hor papera egiten zuten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.