Mutiko bat beste baten bizkar gainera igota, eskuan sprai pote bat duela. Pote hori irudi bat seinalatuz, eta irudian esaldi bat idatzita: «Grafitia krimen bat da». Urriaren 1ean marraztutako obra ironiko horrekin abiatu zuen Banksy grafitigileak Kanpoan baino, barruan hobeto izeneko proiektua, New Yorken. Izan ere, urri osoan hantxe ari da grafitiak egiten. Hilabetea hasi eta buka, han izango zela aurreratu zuen, eta ia egunero haren obra bat agertzen ari da hiriko kaleetan. Zehazki, Banksy artista urbano berezi bat da. Ez dakite nor den benetan, baina hark egin dituen obrak mundu osoan dira ospetsu, eta New Yorken ere zeresana sortu du. Haren artelanek denetariko iritziak eragin ditu herritarren artean.
Urriko lehen egunean hasita, denetariko marrazkiak egin ditu britainiarrak. Gehienbat, Manhattan, Brooklyn eta Queens auzoetan. Esate batera, dorre bikiak ageri ziren irudi bat egin zuen hilaren 15ean. Obra horrek polemika handia sortu zuen, eta poliziak desegitea erabaki zuen. Produktu kimikoak erabiliz, goitik behera desegin zuen irudia. Horri erantzunez, beste irudi ironiko bat marraztu zuen Banksyk hurrengo egunean, txakur bat pixa egiten ageri zuena. Zementuaren aitorlekua izeneko obra bat ere egin du artistak, zementuaren indarra kritikatuz. Behin edo behin, berriz, hormatik haratago jo behar izan du obra bukatu ahal izateko. Izan ere, baztertutako auto batera ailegatzen zen mural bat marraztu zuen urriaren 7an.
Ordea, Banksyk ez ditu egiten grafiti artelanak bakarrik. Bestelako obrak ere egin ditu. Besteak beste, obra ibiltari bat sortu zuen New Yorken bertan, urriaren 12an. Ardi, behi eta txerripeluxeen buruak ageri ziren banaketako kamioi baten barruan. Kamioi hori Manhattan auzoan atzera eta aurrera ibili zen hainbat egunetan. Animalien aurkako tratu txarrak salatu nahi izan zituen Banksyk obra horren bidez.
Onerako eta txarrerako, New Yorkeko herritar guztien ahotan dabil Banksy. Grafitiak eta bestelako lanak egin orduko, Interneten jartzen ditu artistak: www.banksy.co.uk web orrian eskegitzen ditu lan denak, askotan bideoez lagundurik, eta jendeak hortik izaten du Banksyren obren berri. Berehala kea dariela jartzen dira sare sozialak, obra horiek zuzenean ikusi ahal izatea baita herritar askoren nahia. Dena den, ez da batere erraza hori lortzea, denbora gutxi irauten baitute, hormaren jabeek horma garbitzen dutelako edota beste grafitigile batzuk euren artistakeriatarako baliatzen dutelako Banksyren artelana.
Banksyren lanek sistema kritikatzen dute, eta ofizialtasuna zalantzan jarri. «Burutik pasatzen zaidan guztia marrazten dut», esan zuen orain dela hiru hilabete, Village Voice aldizkariakposta elektronikoz eginiko elkarrizketa batean. Hain zuzen ere, 90eko hamarkadan hasi zen Bristolgo kaleak apaintzen, Erresuma Batuan, eta geroztik Londresen eta nazioarteko hainbat hiritan egin ditu marrazkiak. Ikusle batzuk aztoratzea eta beste batzuk liluratzea lortu du hala. Izan ere, haren lanak ez dira oharkabean pasatzen: polizia bat horman pixa egiten, historiaurreko gizon bat hanburger batekin, neskatila polizia bat miatzen, bi polizia gizon jendaurrean elkarri musu ematen... Askotariko marrazkiak egin ditu, eta New Yorken ere arrasto nabarmena ari da uzten.
Iritziak, alde eta kontra
Nahiz eta Banksyren lanak anonimoak izan, diru kopuru handien truk saldu izan dira Londresko hainbat galeriatan. Esaterako, Bonhams etxeak 37.550 euro irabazi zituen enkante baten bidez. Artistak berak behin baino gehiagotan jarri izan ditu bere lanak galerietan, mozorroa jantzi eta sekretupean. Dena dela, azaldua du galeriak uzteko asmoa duela. «Arrakasta komertziala frakasoaren sinonimo da grafiti munduko artista batentzat». Argi eta garbi du kalean duela bere tokia. «Nire lanak erakusteko toki bakarra zelako hasi nintzen kalean marrazten, eta bide horretatik jarraitzeko asmoa daukat». Aste honetan bertan salmenta postu bat jarri du New Yorken bertan, baina ez du arrakastarik izan. Lanak 60 dolarretan (44 euro inguru) jarri arren, hiruzpalau bezero soilik izan ditu.
Banksyren jardunak denetariko iritziak sortu ditu New Yorken. Adibidez, hango alkate Michael Bloomberg kexu agertu zen lehengo astean. «Artea artea da, eta inork ez du bultzatzen nik baino gehiago, baina artea egitetik hiriko kaleetako hormak zikintzera alde pixka bat badago». Horregatik, Banksyren arrastoa atzemateko agindua eman dio Poliziari. Alkatearen iritzi berekoak dute herritar batzuk ere. Horren ondorioz, hainbat irudi zipriztinduta eta zirriborroz josita agertu dira.
Artistaren obren alde daudenak ere asko eta asko dira, ordea, eta zera aldarrikatu dute : eskubide osoa dutela kaleko arteaz gozatzeko eta Banksyren obrak ikusteko. Lisboan eta Berlinen, esaterako, sakratuak dira kaleko hormetako grafitiak.
New York, Banksyren arrastoan
Banksy grafitigilea New Yorkeko kaleetako hormetan marrazkiak egiten ari da urri osoan. Horrek denetariko iritziak eragin ditu; alkatea, esaterako, kritiko agertu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu