Sukaldeak, galtzeko arriskuan

Gehienek geroz eta denbora gutxiago igarotzen dute jakiak prestatzen, eta sukaldeen egitura aldatu du horrek. Etorkizunean sukalderik gabeko etxeak izango direla diote batzuek, baina horrenbesterako izango denik ez dute uste beste batzuek.

Jean-Marc Cote ilustratzaile frantziarrak etorkizuneko sukalde bat irudikatu zuen XX. mende hasieran; hark uste zuen laborategi kutsuko sukaldeak izango zirela 2000. urtean. BERRIA
Jean-Marc Cote ilustratzaile frantziarrak etorkizuneko sukalde bat irudikatu zuen XX. mende hasieran; hark uste zuen laborategi kutsuko sukaldeak izango zirela 2000. urtean. BERRIA
Kerman Garralda
2025eko maiatzaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ausartu, irakurle, eta parte hartu jolasean: izango al da inoiz sukalderik gabeko etxerik? Eta, hala bada, noiz eraikiko dute estilo horretako lehen etxebizitza? Juan Roig Mercadona supermerkatu kateko presidenteak egin du bere iragarpena, eta 2050. urterako sukalderik gabeko eraikinak izango direla esan du.

Ez zuen aliritzira egin aurreikuspena. Izan ere, enpresaren Listo para comer (Jateko prest) adarrak irabaziak izan ditu lehen aldiz. Duela sei urte hasi zen Mercadona prestatutako jakiak saltzen hainbat supermerkatutan, eta urtetik urtera hazten joan da atal hori. Mila supermerkatuk baino gehiagok dute eskaintza hori, tartean Hego Euskal Herriko zenbaitek. «Etorkizun handiko negozioa da», esan zuen Roigek iazko balantzea aurkezterakoan. «Hobeto elikatzeko laguntza nahi du jendeak, eta XXI. mendearen erdialdean ez da sukalderik izango etxeetan».

Geroz eta konpainia gehiagok eskaintzen dituzte prestatutako jakiak, izan supermerkatuak, harategiak, dark kitchen negozioak... Horien onura ondo islatzen da etxean janaria prestatzen igarotzen den denboran: Eustaten inkesta baten arabera, behera doa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek kozinatzen pasatzen duten denbora. 2003. urtean, batez beste, egunero ordubete pasa eskaintzen zitzaion eguneko otorduak prestatzeari; hamar urte geroago, ordubete justu; eta azken neurketaren arabera, 2023an, 55 minutu.

«Azken urteotako testuinguruak sozializatzeko modu berriak sortu ditu, enplegu forma berriak agertu dira, eta pertsonen lehentasunak aldatu egin dira. Horrek zuzenean eragin die familiei, bizitzeko modu berrietara egokitu baitira. Etxeetako espazioen funtzioa desitxuratu egin da, eta, sukaldeei dagokienez, aisialdirako ingurune bihurtu dira», aztertu du Carmen Moreirak, Mobalco sukaldeetako higigarrien ekoizpen enpresako komunikazio arduradunak.

«Elementuak gure etxean integratuko dira, ikus-zarata txikia duten espazioak lortzeko» 

CARMEN MOREIRASukaldeetarako altzairu ekoizlea

Moreirak ez du uste sukaldeak desagertuko direnik. Bere iragarpena da ingurumenarekiko jasangarriagoak eta beregainak diren sukaldeak nagusituko direla etorkizunean: «Lurrik behar ez duen laborantza hidroponikoa, hondakin organikoen konpostatzea, ontziratu gabeko produktuak agerian biltegiratzea, hondakinen kudeaketa zirkularra, ureztatzeko helburuarekin ur grisen tratamendua altzarietan integratzea... eta halako proposamenak ditugu». Zehaztu du «aspaldi» hasi zirela ideia horiei bueltaka, eta konpainiaren etorkizuneko sukaldearen kontzeptua gogoan dutela. «Duela pare bat urte Orixe sukalde kontzeptua aurkeztu genuen Sukaldeko Altzariak Elkartearekin lankidetzan, World Design Capital jardunaldian. 30 arkitekto, beste horrenbeste diseinatzaile eta hornitzaileak, besteak beste, aritu ginen elkarlanean».

Diseinu aldetik, Moreirak uste du biltegiratze moduak aldatuko direla gehien. «Elikadura joera berriek eta zaborrik ez eta gisako joera jasangarriek biltegiratze beharrak ere aldatu dituzte». Horrez gain, elementu «funtzionalagoak» garatuko direla uste du. «Etxeko ordenari eskaintzen diogun denbora murrizteko». Pare bat adibide jarri ditu: «Begien bistan eduki ahal izango ditugun ohiko erabilerarako elementu estatikoak edo elementuak gure etxean integratuko dira, ikus-zarata txikia duten espazioak lortzeko eta garbitasun sentsazio handiagoa lortzeko». Teknologia garatuko dela ere uste du, eta adimen artifizialak janaria prestatzeko lana erraztuko duela.

Robotak, iraganeko asmakizuna

Sukaldeko robotena asmakizun berria dela dirudien arren, urte dezente dituzte. Uste da Pierre Verduni komertzialari bururatu zitzaiola ideia. Bezeroek sukaldean behar zuten denboraz ohartzean, ontzi birakari bat sortu zuen elikagaiak errazago eta azkarrago mozteko, nahasteko eta birrintzeko. 1960an Robot Coupe enpresa sortu zuen, catering industriarako lehen robot komertziala egiteko. 1972an Magimix atera zen, etxean erabiltzeko lehen sukalde-robota. Gaur egun, Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, Hego Euskal Herriko hamar etxebizitzetatik batek du sukaldeko robot bat.

 

Xlark estudioko Miriam Varela arkitektoak, ordea, ez du baztertzen sukalderik gabeko etxebizitzak eraikiko direnik etorkizunean: «Baliteke. Geroz eta gehiago gara nahikoa dugunak armairu moduko altzari batekin, biltegia, hozkailua, eta mikrouhin labea dituena». Nabarmendu du azken aldian sustatzaile asko sukaldea jantzi gabe ematen ari direla etxebizitza, bakoitzaren beharretara egokitzeko. Dena den, aitortu du ez duela uste sukaldeak erabat desagertuko direnik, gutxieneko baliabide batzuk beharrezkoak iruditzen zaizkiolako.

«Aukera bat da baliabide horiek ez egotea etxe barruan. Sukaldea izan daiteke gune komun bat», proposatu du. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko etxebizitzak diseinatzen aritu da ikerlari talde bat azken urteotan, Varela tartean, eta sukaldea eta jangela elkargune aproposak izan daitezkeela ondorioztatu dute. «Etxebizitza baten eta haren inguruaren diseinuak eragin handia du sentsazioetan; bakardade sentsazioan, esaterako. Areagotu ere egin ditzake», ohartarazi du. «Sukaldean bakarrik zentratzea hankamotz geratzea da. Sukaldea etxebizitza baten parte bat da. Beste atal bat da, adibidez, gune komunena». Halako etxebizitzak beste herrialde batzuetan martxan daudela aipatu du.

«Aukera bat da baliabide horiek ez egotea etxe barruan. Sukaldea gune komun bat izan daiteke» 

MIRIAM VARELAArkitektoa

Kontrara, etorkizunean sukaldea etxebizitzako espazio nagusienetakoa izango dela ere ez du alboratu. «Imajinatzen dut sukaldea bihurtuko dela etxebizitzaren erdigunea eta erabilera soziala izango duela, biltzeko tokia izango dela». Horrekin lotu du, adibidez, egongelarekin bat eginda dauden sukalde irekien ugaritzea.

Gainera, etxeak sukaldeen inguruan eraikitzeak ardura banaketa errazten duela esan du. «Helburua da sukalde txikiak eta itxiak ekiditea, bigarren plano batean gelditzen direnak, nolabait, janaria prestatzen aritu den hori —normalean, emakumezkoa— ez dadin baztertuta geratu. Geroz eta gehiago nabarmenduko da joera hori». Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko Berdintasun batzordeko kidea ere bada Varela.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egungo Etxebizitza dekretuak sukaldeen gutxieneko tamainak zazpi edo hamabi metro koadrokoa izan behar duela dio, etxebizitzaren espazio guztia zein den. Aurreko araudiak zioena baino gehiago da hori, eta arrazoia da gutxienez bi lagun aldi berean egoteko aukera bermatu nahi dela. Gutxieneko neurri horiek bete ezean, eraikinak ez du bizigarritasun baimenik. Etorkizunean sukalderik izango ote den ebazteko pista bat dago hor. «Azkar aldatzen da dena», ohartarazi du Valerak. «COVIDaren garaian, adibidez, handia izan zen balkoien eztanda, baina hoztu da hori ere». Gizartean aldaketa handiak egonkortzea zaila dela uste du. «Gure bizi ohiturak aldatzea ez da berehalako kontua. Eta horrek baldintzatzen du arkitektura. Batek daki zer ekarriko duen etorkizunak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.