Objektibotik modeloak humanizatuz

'Vivre sa vie' erakusketa zabaldu du Getariako Balentziaga museoak: Georges Dambier argazkilariaren 77 argazki bildu dituzte, eta Anabela Becho da komisarioa. 50eko hamarkadako goi joskintza islatu zuen Dambierrek, emakumeak ardatz hartuta.

'Vivre sa vie' erakusketako irudi bat. IÑIGO IBAÑEZ
'Vivre sa vie' erakusketako irudi bat. IÑIGO IBAÑEZ
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Getaria
2026ko ekainaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Fokuz betetako estudio bateko lau hormen artean ateratako argazkiak ikusi izan dira betidanik moda aldizkarietan. Pose zurrunak eta espresio gutxikoak. Badago, baina, betikotik aldendu nahi izan zuen argazkilaririk: Georges Dambier (Paris, 1925-Sorzac, Frantzia, 2011). 50eko hamarkadan, estudiotik atera, eta Parisko kaleetara eraman zituen Suzy Parker eta Dorian Leigh modeloak, besteak beste. Dambierrek mugarri bat ezarri zuen argazkigintzan, bai eta Elle aldizkariak ere, hartan argitaratu baitzuten Dambierren lehen lan berritzailea. Orain, Getariako Balentziaga museoko (Gipuzkoa) hormetan zintzilik topatu daitezke irudi horietako 77, Vivre sa vie izeneko erakusketan.

Givenchiaga familia atzean utzi, eta ibilbideari jarraituta topa daitezke argazkilariaren lehen irudiak, Eszenatokia: moda argazkigintza agerian eta Erreala eta surrealista izenpean. Anabela Becho izan da erakusketaren komisarioa, eta azaldu du «moda arloko argazkien izaerari buruz hausnartzea» duela helburu. Areto berean aurrera egin, eta ezkerreko aldean Cristobal Balentziagaren jantziak daramatzaten modeloak topatu daitezke, zoriontsu.

'Balentziaga Dambierren begiradapean' ataleko irudi bat. IÑIGO IBAÑEZ
'Balentziaga Dambierren begiradapean' ataleko irudi bat. IÑIGO IBAÑEZ

Eskuineko horman, berriz, lau erretratu daude, Germaine Lefebvre —Capucine ezizenez zen ezaguna— eta Bettina Grazianirenak, hain zuzen ere. Goi mailako joskintzaren izpiritua izenpean, goi mailako joskintzaren irudi sinbolikoa «kapsulatzen» dutela azaldu du komisarioak, «oso kodetuta eta hierarkizatuta baitago mundu hori». Erakusketaren lehen zatiaren amaieran, berriz, Hubert de Givenchyren lehen moda desfileko irudi batzuk daude, 1952ko otsailaren 2koak. 

'Goi mailako joskintzaren izpiritua' ataleko erretratuak. IÑIGO IBAÑEZ
'Goi mailako joskintzaren izpiritua' ataleko erretratuak. IÑIGO IBAÑEZ

Ispiluz jositako hormei begira, ongi argiztatutako eskailera mekaniko batzuk jaitsi, eta erakusketaren bigarren aretoa dago: Emakume bat hirian. Parisko kaleetan barrena ageri dira modeloak, herritar arrunten pare: terraza batean eserita, denda bateko beiratean bere islari begira, zutoin baten kontra egunkaria irakurtzen, edo zakurrarekin paseoan. Bechok azaldu du argazki horiekin «libreki bizi den emakume emantzipatu baten irudia» zabaldu nahi zuela Dambierrek. 

«Dambierrek zuri-beltzeko argazkigintza menderatzen zuela erakutsi nahi genuen, baina, aldi berean, kolore sentsazioa ezaugarri ukaezina dela»

ANABELA BECHO Erakusketaren komisarioa

Zuri-beltzean daude erakusketako argazki asko, eta koloretan gutxi batzuk. Erabaki horren atzean zer arrazoi dagoen argitu du Bechok: «Dambierrek zuri-beltzeko argazkigintza menderatzen zuela erakutsi nahi genuen, baina, aldi berean, kolore sentsazioa ezaugarri ukaezina dela». Era berean, komisarioak uste du koloreak «dinamismoa eta freskotasuna» lortzen laguntzen duela argazkilariaren lanean.

'Emakume bat hirian' ataleko zenbait argazki. IÑIGO IBAÑEZ
'Emakume bat hirian' ataleko zenbait argazki. IÑIGO IBAÑEZ

Beste eskailera mekaniko batzuk jaitsi ondoren agertzen da erakusketaren azken zatia: Bidaia baterako gonbita eta Eguzkipean goxo. Paristik munduko hainbat kokalekutara salto egin du argazkilariak: Venezia, Casablanca, Marrakex, Korsika, Nazare eta Palma ageri dira, besteak beste. Bai eta Miarritze ere (Lapurdi), bertako hondartzan atera baitzituzten 1957ko ekainaren 10ean Elle aldizkarian argitaratutako argazkietako batzuk.

Emakumea ahaldundu

Dambierrek emakumea jarri zuen erdigunean argazki guzti-guztietan, komisarioak azaldu duenez emakumeak bihurtu nahi baitzituen argazkien gai nagusi. Izan ere, moda argazkigintza jantzietan eta xehetasunetan soilik zentratzen zen, hala nola poltsikoetan, botoietan eta jantzien atzealdean. Are, Bechok azaldu du goi mailako joskintzaren munduak, aldizkariek eta moda argazkigintzak askotan objektu gisa irudikatzen zituztela emakumeak. Beraz, estereotipo horretatik urrun, argazkilariak humanizatu egiten zituen modeloak: «Emakume libreak, seguruak, zoriontsuak eta batzuetan malenkoniatsuak erakusten zituen argazkietan».

Argazkilaria soilik ez, Helene Gordon-Lazareff Elle aldizkariaren sortzailea ere berritzailea izan zen, Bechok gaineratu duenez: «Ideia iraultzaile bat jarri zuen praktikan: Parisko couturier-en sorkuntza sofistikatuak ezagutzera eman zituen, eta emakumeen eskura jarri. Vogue aldizkariak, aldiz, gurtu egiten zituen, idulki baten gainean jarrita». Horregatik, aldizkariaren garrantzia azpimarratu du: «Elle-k sustatutako askatasun nahiak emakumeen benetako siluetara itzultzea ekarri zuen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA