Kuadrillako afarietarako dirua gordetzen duen marrubi itxurako diru zorroa, irakurlerik finenak amore eman eta apalategian utzitako liburua edo udako beroa freskatzeko amonaren abanikoak. Guztiek dute lekua Donostiatruk bigarren eskuko azokan, eta objektu bakoitzak du bere istorioa. Hilean behin antolatzen du Donostiako Udalak, Tabakaleran, eta atzo egin zuten ekainekoa; hogei postu inguru izan ziren guztira.
Objektuak berrerabiltzeko eta hondakin gutxiago sortzea bultzatzeko sortu zen azoka, duela hamazazpi urte. Umeen liburuak, txiki geratutako arropak eta abar jarri dituzte erakusmahaian Alazne Martin eta Ekhi Bueno ama-semeek. Haien irudiko, geroz eta jende gehiago animatzen da bigarren eskuko objektuak erostera: «Gehienbat gauzei beste bizialdi bat emateko etortzen gara, eta ez da lehen aldia. Gehiegi kontsumitzen da gaur egun, eta garrantzitsua da birziklatzea; beste bizialdi bat ematea erabiltzen ez ditugun gauzei».

Azokara ahal duen guztietan joaten diren horietakoa da Paloma Perez. Telazko poltsa bi zintzilik, Tabakalerako irteerara bidean da, azokatik itzulia eginda. «Izugarri gustatzen zait azoka; batzuek nahi ez dutena besteek izugarri maite dute», esan du. Soineko bat, eskumuturreko bat, semearentzako zapatilak eta lagun bildumagile batentzako egutegiak hartuta doa etxera. Ezkutatzen dituzten istorioak ere berekin daramatza: «Saltzaileek kontatzen dizute gauza bakoitza nondik datorren, non erosi zuten haiek. Badago jendea Europan edo AEBetan erosi dituen gauzak ekarri dituena...».
Hiru liburu, zapi bat eta lagun batentzako sandaliak erosi ditu Leire Fernandezek. «Kontsumo arduratsua» bultzatzeko joaten da halako azoketara, moda azkarreko dendetan erostea ekiditeko. «Oso merke dago dena, jendeak gauzak gainetik kendu nahi ditu, eta gauza superpolitak eta bereziak daude, dendetan askotan ikusten ez dituzunak».
Aurrez aurre nahiago
Gazteagoa zenean erabiltzen zituen arropak txukun tolestuta dauzka Eli Elosegik bere postuan. Ez zekienez horiekin zer egin, azokan saltzea erabaki du. Lehen aldia du, eta barrez esan du oraingoz ez duela askorik saldu. «Azken finean, gure neurriko arropa bakarrik daukagu, eta ez da hain erraza saltzea. Internetez saltzea ere pentsatua nuen, baina pila bat kostatzen da. Hemen ikusten baduzu, hartzen baduzu, probatzen baduzu... nik uste errazagoa dela gustatzea».
Hala berretsi du Begoña San Romanek ere. Ahizpa etxez aldatzekoa da, eta hari laguntzera joan da; pisu berrira «trastez beteta» ez joateko, postua jarri dute. Lehenbiziko aldia dute Donostiatruken. «Hobe da arropa ikustea eta ukitzea; Interneten ikusten baduzu, erosi dezakezu, baina ez da gauza bera. Hori da nire iritzia».
Pirritx, Porrotx eta Pupuren panpinek jabe berria izango dute, oporretan erositako postalek beste hozkailu batzuk apainduko dituzte, eta haur baten jostailurik gogokoena izandako Rex dinosauroa beste haur baten eskutik hasiko da oinez. Objektu zaharrak badoaz, istorio berrien bila.