Odol tanta bati esker alzheimerra diagnostikatuz

Mindsens proiektuak alzheimerra detektatzeko gailu bat garatu du, gaixoen odolaren bitartez diagnosia egiteko aukera ematen duena.

Mindsens proiektuko ikerlariak, uztailean, Donostian. NANOGUNE
Mindsens proiektuko ikerlariak, uztailean, Donostian. NANOGUNE
itsaso jauregi 2
2026ko otsailaren 13a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Odola, gorputzeko kanaletan dabilen ehun likido gorri hori. Funtzio desberdinak dituzten zelulen barietate batek osatzen du odola: oxigenoa, karbono dioxidoa eta mantenugaiak garraiatzen ditu, besteak beste. Baina iraganeko, oraingo eta etorkizuneko informazio iturri handia ere bada. Odol tanta bakar batetik, Mindsens proiektuan garatutako teknologia gai da detektatzeko pazienteak alzheimerra duen edo etorkizunean garatzeko arriskurik duen.

Mindsens proiektuko kideak Donostian aritu ziren 2025ean, Nanogunean, dementzia odol-tanta batekin detektatzeko gailu bat garatzen, III. Global Graphene Call Sariari esker. Ainara Garcia Nanoguneko kideak proiektua babestearen garrantzia azpimarratu du: «Gaixotasuna goiz detektatzen badugu, eta nolabait lortzen badugu gaixoei laguntzea eta ondorioak atzeratzea, hori gizartearen ikuspuntutik oso urrats garrantzitsua da». Helburu nagusia garatutako teknologia oinarri gisa izanik enpresa bat abiatzea da, alzheimer diagnostiko eskuragarri eta unibertsalak bultzatzeko.

Rica Asrosa ikertzailea materialen zientziaren inguruko doktoretza amaitzen ari da Londresko University Collegen, eta Donostian aritu da udan lanean, Nanogunean, dementzia odol-tanta batez detektatzeko gailua garatzen. «Funtsean, gaixoen odola edo lagina biltzen dugu. Gero, odola gailuaren gainean botatzen dugu, eta horrek aparatuan daukagun sentsore-materialarekin erreakzionatzen du», azaldu du ikerlariak. Odola gailuan txertatzen denetik emaitza lortu arte 30 minutu itxoin beharko dira soilik, eta pazienteak jakingo du ea posible den etorkizunean alzheimerra izatea edo ez.

Mindsens garatzen ari den gailuaren elementu gakoetako bat grafenoa da, karbono atomoz osaturik dagoen laminazko egitura laua. Grafenoa erabiltzen da gailuaren sentsoreetan, odol tanta bakar bat erabiliz alzheimerra garaiz detektatzeko. «Funtsean, erreakzio bat dago detekzio mekanismoaren eta erabiltzen ari garen materialen artean», argitu du Asrosak. Odol lagina jasotzerakoan, biomarkatzaile jakin batzuk bilatzen ditu tresnak, alzheimerra ez duten pertsonen artean urriak direnak. Baina alzheimerra dutenen laginetan, ordea, gaixotasuna dutela adierazten duten biomarkatzaileen hazkundea behatu daiteke. «Aurreikus dezakegu norbaitek dementzia izango duela urte gutxiren buruan. Biomarkatzaile batek antzeman dezake diagnosia 10 edo 15 urte lehenago», azpimarratu du proiektuko ikerlariak.

Diagnostiko goiztiarra

Odolean badira proteina batzuk alzheimerraren adierazle direnak, eta horiek aztertzen ditu Asrosak, dementziak gorputzean duen garapena ikertzeko asmoz: «Oraindik ez dago dementziarako sendabiderik, baina detekzio goiztiarrak sintomen agerpena atzeratu dezake, eta etorkizuna antolatzen lagundu diezaioke jendeari. Gure gailuak horixe ahalbidetzen du». Tresna garatzeko orduan bi alor bereizten ditu ikerlariak: alde batetik hardwarea dago, grafenoz egindako gailua, eta bestetik, softwarea. Softwareak gai izan behar du esateko dementziarekin lotzen diren biomarkatzaile horiek etorkizunean positibo bat izan daitekeen ala negatibo bat.

Gaur egun, erresonantzia magnetikoa erabiltzen da dementzia detektatzeko eta diagnostikatzeko, garestia eta askotan eskuraezina den metodo bat. Gainera, laborategiko test tradizionalak motelak izan daitezke, eta Mindsens proiektuko ikerlariek ez dute laborategiko ekipamendu garestia erabil nahi: gailu sentikor, eramangarri eta malgua sortu nahi dute. «Edonon erabil daitezkeen tresnak eskainiko ditugu, edonork erabiltzeko. Ez da ospitaleko medikuntza tresnarik behar», azaldu du Asrosak.

«Aurreikus dezakegu norbaitek dementzia izango duela urte gutxiren buruan. Biomarkatzaile batek antzeman dezake diagnosia 10 edo 15 urte lehenago» 

RICA ASROSA Mindsens proiektuko ikerlaria

Grafenozko dispositiboarekin eta detekzio sistemarekin probak egiten ari dira gailua gehiago garatzeko, etorkizunean erabiltzaileek baliatu ahal izateko. «Uste dut garrantzitsua dela teknologiaren demokratizazioa, gainera gaixotasun oso ohikoa izanik. Goiz detektatzen badugu, eta nolabait lortzen badugu gaixoei laguntzea eta ondorioak atzeratzea, hori gizartearentzat oso urrats garrantzitsua da», gaineratu du Garciak. Dagoeneko tresna plasman eta giza odolaren lagin klinikoetan baliozkotu dute, baina orain hurrengo urratsa proba klinikoak eta produktuaren diseinua eta estandarizazioa prestatzea da, merkaturatu ahal izateko.

Mindsens tresnaren ilustrazioa. MINDSENS
Mindsens tresnaren ilustrazio bat. MINDSENS

«Erronka nagusia proba klinikoaren fasea da, kide askoren parte hartzea behar dugulako. Eta positibotasun faltsua ere kontuan hartu behar da. Horregatik, erronka nagusia da proba klinikoa aurreratzea eta gero tresna komertzializatzea», argudiatu du Asrosak. Horretarako, Nanogunean bildutako pazienteen laginak erabiliko ditu ikerlariak. Ospitaletan probak egin beharko dituzte dispositiboarekin, ikusteko garatu duten tresnak benetan detektatzen dituen alzheimerraren biomarkatzaileak. Zuzenean hartuko dute odol tanta, eta likido gorriak gordetzen duen informazioa sakonki eta azkar aztertu.

Fase klinikoa pasatu ondoren, asmoa da dispositiboa prest izatea aurrera egiteko eta ospitaleen artean zabaltzeko, behar dutenen eskuetara iritsi dadin: hiru urteko epea aurreikusi dute. Hainbat herrialdetako sei profesionalek osatzen dute, Asrosarekin batera, Mindsens ikerketa taldea. Bakoitzak bere zeregina du: exekutiboa, negozioaren garapena, produktuaren diseinua, softwarearen garapena eta I+G, eta, horiekin guztiekin, spin-off proiektua enpresa bihurtu nahi dute.

Etorkizunari begira

Oraingoz, dementzia biomarkatzaileak detektatzea da ikerketa taldearen asmoa, eta biosentsore horiek garatzea da esku artean duten erronka. Hala ere, Asrosak ez du baztertzen etorkizunean beste gaixotasunek odolean uzten dituzten arrastoak behatzeko aukera izatea: «Biomarkatzaileak detektatu ahal izateko garatu dugu gailua, baina ez bakarrik alzheimerrarenak edo dementziarenak. Beste gaixotasun batzuk detektatu nahi ditugu, minbizia edo gaixotasun kroniko batzuk, esate baterako». 

«Goiz detektatzen badugu, eta nolabait lortzen badugu gaixoei laguntzea eta ondorioak atzeratzea, hori gizartearentzat oso urrats garrantzitsua da» 

AINARA GARCIA Nanoguneko kidea

Nanogunearen eskuz egingo ditu Asrosak proba klinikoak, eta orain enpresa Donostian abiatzeko aukera aztertzen ari dira Mindsens ikerketa taldean. Gainera, Grapheneak grafenozko transistoreak (GFET) Mindsensen esperimentuen eta protokoloen arabera moldatzeko aukera eman die, behar dituzten biomarkatzaileak antzemateko. Asrosak asko eskertu du beste eragileen eta enpresen babesa, eta tresna garatzeko lanean jarraituko dutela gehitu du: «Gure helburua da gaixotasuna dutenei lagundu ahal izatea, eta, horretarako, osasun langileei tresna hau eskaini nahi diegu. Gure berrikuntza lagungarria izan daitekeela ikusi dugu, eta horregatik erabaki genuen proiektua martxan jartzea».

Zenbat eta lehenago diagnostikatu, orduan eta tratamendu hobea eman ahalko da orokorrean, ikerlariaren arabera: «Dementziaren edo alzheimerraren kasuan, oraindik ez dago sendagairik horiek tratatzeko. Horregatik, oso garrantzitsua da farmaziei eta botikak garatzen dituztenei gure laguntza eta ezagutza eskaintzea». Etorkizunean sendabiderik lortzen baldin bada, erreminta bat egongo da modu aurreratu batean diagnostikoa egiteko, baina sendabidea eraginkorragoa izango da diagnostikoa lehenbailehen egiten bada, Asrosaren hitzetan: «Osasun langileek eta farmaziako langileek diagnostiko goiztiarrari buruzko informazioa behar dute pazienteentzako medikazioa garatu ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.