Ez da ohiko errezeta liburua. Ohartarazpena hasieratik egiten dute Saltsa Nostra lanean (Tarisko, 2025). Eta, era berean, ez da ohiko komiki bat ere. Azalean agertzen den gizona, Kill Bill pelikulako protagonista bezala jantzita dagoen hori, uniforme horia soinean eta odoleztatutako katana bat eskuan, ez baita sikario bat, edo samurai bat, baizik eta sukaldari bat; eta, era berean, haren ezkaratzean ez dira-eta ebakitzen soilik berenjenak, arrainak, oilaskoa eta porruak, gizakiek ere jasotzen baitituzte tarteka labankadak. Bilboko Zarate jatetxeko sukaldari Sergio Ortiz de Zarateren eta haren sozio Iker Bildosolaren ideiak bigarren alea eman du jada: Ortiz de Zarate izan zen aurreneko gastrothriller-aren protagonista, eta Hideki Matsuhisa japoniarra da bigarren komikiarena.
Orain dela urte batzuk, ohiko errezeta liburu bat egitea proposatu zioten Ortiz de Zarateri. «Hasieratik esan nuen ez nuela horrelako liburu bat egin nahi», nabarmendu du sukaldariak. «Eta zer egin nahiko zenuke, bada?», galdetu zioten behin, eta, zerbait erantzuteagatik, «komiki bat» izan zitekeela bota zuen hark. Ez zen aurrera atera orduan, baina urte batzuk geroago mamitu zen, Bildosolaren ideia batek hauspotuta.
«'Saltsa Nostra' nobela beltza da, biolentzia eta umorea dauzka, baina baita sukaldaritza pilo bat ere»
SERGIO ORTIZ DE ZARATE Sukaldaria
Ortiz de Zaraterekin duen adiskidetasunari esker, Bildosolak goi sukaldaritzaren ifrentzua ezagutzeko aukera izan du: kontatu duenez, jatetxeak itxita daudenean, sukaldariak elkartu egiten dira, eta «txoko moduko bat» antolatzen dute. Topaketa horietako askotara gonbidatu izan dute Bildosola. «Behin, etxera itzulita, istorio bat okurritu zitzaidan: sukaldariek logia bat osatu dutela historikoki». Eta talde sekretu horren gordelekua ere bazuen buruan: Bilboko Joan Santuen elizaren beheko solairua, Zazpikaleetan. «Eliza horren aurrean bizi izan nintzen garai batean. Atzean, Maria Muñoz kalean, badago ate gorri bat, eta txikitan pentsatzen nuen ea zer egongo zen horren atzean». Ortiz de Zarateri kontatu zion istorioa, hark komikiaren ideia aipatu zion, eta hala joan zen egosiz proiektua.

Espioitza aferak, dueluak eta edonondik agertzen diren etsaiak batu zituzten lehen liburuan, eta ildo berari segitzen dio bigarren istorioak. Bilbotik Bartzelonara lekualdatu da narrazioa, Matsuhisak han baitu jatetxea, Koy Shunka. Txef japoniarrak Korporazioari aurre egin beharko dio, «sukaldaritza antolatuaren eta elikadura industrialaren arriskuak» irudikatzen dituen erakundeari. «Dena sukaldarien inguruan gertatzen da», azpimarratu du Ortiz de Zaratek. «Nobela beltza da, biolentzia eta umorea dauzka, baina baita sukaldaritza pilo bat ere», kontakizunean agertu diren plateren errezetak eta irudiak gehitu dituzte-eta bukaeran. Bildosolaren arabera, Saltsa Nostra aitzakia bat da hizpidera ekartzeko kontsumo ohituren, lurraldeen, kulturaren, identitatearen eta gastronomiaren arteko harremana. Wakana Sakamoto Waikiki ilustratzailea arduratu da bigarren aleko marrazkiez, eta Pedro Riverorekin batera ondu dute gidoia.
Genero beltza eta gastronomia uztartzea «konplikatua» izan dela onartu du Riverok. «Gastronomia pausatua da berez, elaborazioek detaile handia eskatzen dute; printzipioz, hori akzioaren kontra joango litzateke». Janariaren bitartez ezkondu dituzte bi muturrak: errezetak edo osagai jakin batzuk arku narratiboen abiapuntua edo helmuga dira. «Batzuetan buruhauste hutsa da, eta beste batzuetan oso erraza da», adierazi du gidoilariak.
«Behin, etxera itzulita, istorio bat okurritu zitzaidan: sukaldariek logia bat osatu dutela historikoki»
IKER BILDOSOLA 'Saltsa Nostra' proiektuaren arduraduna
Lanaren «metafikzio» izaera ere azpimarratu du Riverok. Izan ere, komikietan ageri diren pertsonaietako asko errealak dira, eta haiek kontatutako anekdotak ere erabili ditu istorioak aberasteko. «Joko eremu oso motibagarria da: fikziozko parte bat duen zerbait sortzen ari zara, baina, aldi berean, ez da inoiz errealitatetik bereizten». Ortiz de Zarateren pasadizo bat aitatu du, aurreneko komikirako baliatu zuena: sukaldariak arrautza trufatu batzuk prestatu nahi ditu, baina arazo bat du egosketarekin, eta, beraz, ontzi garbigailua erabili behar du tenperatura egokia lortzeko. Eta bigarren komikian, Matsuhisak duelu bat dauka adimen artifizialaren bidez funtzionatzen duen aplikazio baten kontra. Softwarea gai omen da munduko sukaldaririk onenak ordezkatzeko: alabaina, osagai batetik abiatuta —atungorria—, sukaldari japoniarrak erakutsiko du elaborazioko xehetasun batzuk nahiko sentsibleak direla giza faktorea eta intuizioa «ezinbestekoak» izan daitezen.
Hamahiru komiki
Hasiera batean, liburu bakarreko proiektua izango zen Saltsa Nostra; lehen ale horrek arrakasta izatekotan, beste bat ere atera zitekeen, beharbada. Baina egitasmoa anbiziotsuagoa bilakatu da: hamahiru komikiko bilduma bat izango da azkenean. Protagonistei dagokienez, kontrakotasun gutxi ari dira topatzen, Bildosolaren hitzei erreparatuta. Matsuhisak berehala eman zien baiezkoa, mangazale amorratua baita, besteak beste. Eta hirugarren eta laugarren liburuei ere ekin diete jada.
«Joko eremu oso motibagarria da: fikziozko parte bat duen zerbait sortzen ari zara, baina, aldi berean, ez da inoiz errealitatetik bereizten»
PEDRO RIVERO Gidoilaria
Jordi Roca izango da hurrengo istorioaren protagonista, Kataluniako El Celler de Can Roca jatetxeko gozogilea. «Gure proiektua nahiko transgresorea da, eta horrelako norbait behar genuen», argudiatu du Bildosolak. «Okurritu zitzaigun Jordi Roca izan zitekeela. Sareetan ikus dezakegu zelako harrikada elegantea daukan. Hasieratik pila-pila bat gustatu zitzaion ideia». Eta hasieratik harrapatu zuen proiektuaren tonua, halaber, Bildosolak ondo gogoan du-eta Rocaren erantzuna: «Azukrea kokaina baino adiktiboagoa dela diote; azukrearen Pablo Escobar izan nahi dut».
Laugarren komikia Euskal Herrian girotuko dute, ostera. Larrabetzuko (Bizkaia) Azurmendi jatetxeko sukaldari Eneko Atxa izango da protagonista, eta Jon Maiak egingo du gidoia. Bosgarren liburuak andre sukaldari bat izango du ardatz, baina oraindik lotzeko dute nor.