Orvalaiz kooperatiban, eta Nafarroan, oro har, sei gari mota biltzen dituzte: nogal, verdun, andelos, garcia, camargo eta botticelli. Lehen hirurak ogia eta pasta egiteko erabiltzen dira, eta gainontzekoak, animalientzat pentsuak ekoizteko. Verdun izan da orain dela gutxi arte hazien artean nagusi, Nafarroako gari lurren %90ean erein izan da, baina haziak aldatzen hasi dira. «Badaude beste aldaera batzuk,emankorragoak, eta emaitza onak ematen ari direnak», dio Natxo Larraintzar nekazariak.
Kooperatibak berak erosten ditu belaunaldi berriko haziak, R1 deituak. Nekazari jakin batzuei ematen die hazi hori gero frogatzeko. Baldintza jakin batzuk jarraitu behar dituzte. Hazi berriak ereiten diren lurrak lugorrian behar zuten aurretik. Ekiloreak, babak edo ilarrak ereindakoak ere onartzen dira,baina laboretarako erabilitakoak ez. Lurrean ez du gari hazirik egon behar, garbi behar du gari berriaren emaitzak ongi ikusteko.
Hazien etxeek ateratzen duten lehen hazia da R1, eta, behin frogatuta, hortik ateratzen den R2a da nekazariek ereiten dutena.
Kooperatibak erosten ditu behar dituen tonak, bazkideen eta lur kopuruaren arabera, betiere. Ez da egiten edozein modutan. Ikerketaren ostean datoz erabakiak. Nafarroako Nekazaritzako Institutu Teknikoa (INTA), kooperatibarekin eta nekazariekin elkarlanean aritzen da lan horretan, izan ere. INTAk entseguak egiten ditu, hiru urtez. Horien emaitzak nekazariei jakinarazten dizkie. Nolako emaitzak ematen dituzten, zein eremutarako diren egokiak. Gaitzak jasateko duen gaitasuna, eta proteinaren kalitatea neurtzen dira. Kalitate hoberena ematen duen gari mota ereiten da, noski.
Ogia, pasta eta pentsuak egiteko
Sei gari mota biltzen dituzte gaur egun Nafarroako galsoroetan; hiru, gizakiaren elikaduran baliatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu