Aste guztian, jaiak iragartzen zituzten hainbat ekintza izan dira Faltzesen (Nafarroa): buruhandiak, musika, dantzak... Baina, azkenik, bihar hasiko dira herriko jaiak, 12:00etan suziria botata. Besta giroaz disfrutatzeko egitarau zabala izango da herritarren eta bisitarien eskura, eta 25era arte egongo da zer ospatua eta zer gozatua.
Jaiak iragartzen dituen suziriaren txinparta piztu aurretik, herriko jaietako kartel lehiaketako sariak banatuko dituzte, 10:45ean hasita, Pedro Iturralde zentroan. Sari horien irabazleak bi izan dira: Joseba Lau Anton helduen kategorian, eta Nagore Almandoz Gimenez haurren kategorian. Sari horiek banatu ondoren, zapiak oparituko zaizkie 2024an jaiotako haurrei.
Herritar guztiek zapia jantzi ondoren iritsiko da faltzestarrek esperotako unea: suziria jaurti, eta Faltzesko jaiei ekingo diete. Bestak iragartzeko suziria udaletxeko balkoitik botako dute, eta, ondoren, faltzestarrak kalejiran aterako dira Zidakos txarangarekin batera, Faltzesko gaiteroen doinuak entzunez eta erraldoi eta buruhandien konpartsekin dantzan.
Musika lagun izanik, edana eta jana izango dira 14:00etan. Udalbatzak antolatutako herri bazkari bat izango da herritar eta bisitari guztientzat, herriko askotariko gastronomiaz goza dezaten. Sabela ongi bete eta gero, musika eta eskaintza kulturala izango dira herriko besten ardatz: hasteko, 19:30ean La Principal orkestraren kontzertua egongo da Foruen plazan, eta ondoren, 20:45ean, Diego Valencia DJaren emanaldia.
Gero, kalejira bat izango da herrian barna, udalbatza tartean dela: erraldoiek eta buruhandiek bueltak emango dituzte herriko Santa Maria elizara dantzan iritsi arte, bertako koruko partaideen ahotsak entzuteko asmoz. Bestak gauera arte jarraituko du. Hasteko, 22:30ean, Zidakos txaranga eta Udal Banda erraldoiekin irtengo dira Foruen plazatik, eta, herritarrekin batera dantzan aritu ondoren, kirol eremura joan. Han, su festaren koloreak eta formak ikusiko dituzte herritarrek.
Gauerditik aurrera, Foruen plaza izango da bestarako gune nagusia. Lehenik, dantzaldia izango da, Faltzesko gaiteroen doinuak lagun. Hori amaitzen denean, La Principal orkestrak hartuko du lekukoa, eta dantzaldia gidatuko dute 04:00ak arte.
Ohiturak erdigunean
Hala ere, Faltzesko jaietako jarduerarik ospetsuena Piloneko entzierroa da: Faltzesen egiten duten 800 metroko lasterketa bat da; aldapan behera joaten dira, ibilbide estu eta malkartsu batetik. Alde batean, mendiko horma dago, eta bestean, sakana. Entzierro horretan behiak eta bigantxak abiadura handian jaistera behartzen dituzte, haitzarte batek inguratzen duen lurrezko bide estu batetik. Hainbat alditan izan dira istripuak.
Gaur egun, Nafarroako interes turistikoko jaitzat hartzen da ekitaldi hori: 1920. urtean hasi ziren Faltzesen halakoak egiten. Goizero egiten dute jaietan, 07:30ean hasita, baina sortzen du harrabotsik herrian: zenbaitek tradizioa defendatzen dute, eta beste zenbaitek, aldiz, uste dute ekitaldi hori bertan behera uzteko garaia dela.
Iaz, Anima Naturalis eta CAS International erakundeek gaitzetsi egin zuten herriko jarduera ospetsu hura. Iazko jaietan, esate baterako, behietako bat amildegi batetik erori zen, eta minutu batzuk eman zituen ihes egin nahian, baina ez zuen lortu. «Ekitaldi honek agerian utzi ditu animaliek, parte hartzaileek eta ikusleek dituzten arriskuak», esan zuten zabaldutako prentsa oharrean. Erakunde horien esanetan, animalien kontrako indarkeria betikotzeko modu bat izateaz gain, gizakientzako arrisku onartezina ere bada.