Asteburuko proposamenak

Okil ertaina goraipatuz

Larunbatean eta igandean Okil Ertainaren II. Jaialdia egingo dute Izkiko parke naturalean, Araban. Adin guztietako jendearentzat ondu dute egitaraua, eta dibulgazio jarduerak eta sormena lantzeko beste hainbat jarduera uztartuko dituzte.

Okil ertaina, Izkiko parke naturalean. IZKIKO PARKE NATURALA
Okil ertaina, Izkiko parke naturalean. IZKIKO PARKE NATURALA
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko martxoaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dago ornitologia aditu asko, eta zenbaitentzat hegazti guztiak «txoriak» izango dira agian, baina gauza jakina da zenbait hegazti nabarmenak direla beren ingurune jakinean. Horren adibide da okil ertaina Izkiko parke naturalean (Arraia-Maeztu, Araba). Aurten, Izkiko parke naturalak okil ertainaren jaialdiaren bigarren aldia egingo du, asteburu honetan, larunbatean hasi eta igandera arte. Tarte horretan, parkeko biodibertsitateari balioa emango diote, eta, horrekin batera, tokiko produktua eta inguruneko baliabide naturalak eta kulturalak ere sustatuko dituzte.

Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren foru diputatuak jaialdiaren multidiziplinartasuna eta hedadura azpimarratu ditu: «Izkiko natura eta biodibertsitatea ezagutaraziko eta balioetsiko ditu, baita Arabako Mendialdeko kultur ondarea eta gastronomia ere».

Izan ere, Izkiko parke naturala ez da edonolako gunea okil ertainarentzat; espezie horren dentsitatea oso garrantzitsua da bertan: 25 banako daude kilometro koadroko. Hau da, Iberiar penintsulako populazio osoaren ia heren bat. Horrez gain, estrategikoa da Izkiko parkearen kokagunea ere, Kantauriar mendikateko (Euskal Herria eta Espainia) eta Pirinioetako (Euskal Herria, Frantzia eta Espainia) populazioen arteko lotura gisa funtzionatzen baitu.

Zaratek zehaztu du jaialdian, dibulgazio jardueren bidez, parkearen ingurune naturalaren ezagutza eta kontserbazioa sustatuko dituztela, haren aberastasun ekologikoa eta hura kudeatzeko eta babesteko egiten den lana ezagutarazteko.

Egitarau oparoa

Larunbatean ekingo diote jaialdiari, parkearen inguruan. Goizean, irteera gidatu bat egingo dute, Okil ertainaren bila Gasteizko mendietan izenburupean, eta, horrez gain, interpretazio bisita bat egingo dute Apilaizko gaztainondoetara, baso horien natur eta kultur balioa ezagutzeko.

Aldi berean, hegazti kantuei buruzko mintegi bat egingo dute. Hegaztiak identifikatzen ikasteko landa irteera bat izango da. Larunbatean bertan, Vasco-Navarro trenbidea zenaren trazadura zaharretik ibilaldia egingo dute bizikleta elektrikoan, inguruko paisaia modu jasangarri eta irisgarrian zeharkatzeko.

Arratsaldeko egitaraua familia umedunentzat eta sortzaileentzat prestatu dute bereziki. Bi ekintza egingo dituzte: alde batetik, ikaskuntza eta gozamena uztartuko dituen haurrentzako sukaldaritza mintegia egingo dute; eta, bestetik, marrazketaren eta ohar zientifikoak hartzearen bidez, okil ertaina behatzen eta irudikatzen ikasteko landa koaderno ilustratuen tailer bat.

Larunbateko ekintzetan parte hartzeko, beharrezkoa izango da www.izkiparkea.eus webgunean izena ematea.

Igandean, goizez

Igandea izango da jaialdiaren bigarren eta azken eguna. Goizez bakarrik zabalduko dute parkea. Auzolan jarduera bat egingo dute Izkiko fruta arbolen baratzean, tokiko barietateen kontserbazioarekin lotuta. Alboan izango dute lurraldeko eragileekin lankidetzan antolatutako ekoizle eta artisauen azoka bat.

Ordu berean, beste dibulgazio jarduera batzuk egingo dituzte. Esate baterako, eguzki behaketa bat, eskulanen tailer bat okil ertaina gai gisa hartuta, erakustaldi gastronomiko bat tokiko produktuekin, eta familia pisten joko bat. 

Horrez gain, haurrentzako aparteko egitaraua ondu dute: eskulanak eta hegaztien eraztuntze zientifikoaren erakustaldia egingo dituzte.

Foru diputatuak nabarmendu du jaialdiaren bigarren aldiak biodibertsitateari garrantzia emango diola eta basoen balio ekologikoa zabalduko duela, «okil ertainaren kontserbazioan eta gizartea natur ondarearen ezagutzan eta babesean inplikatzearen garrantzian arreta jarrita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!