Olerkiak, paperetik kanpora

Poetak Maiatzean jaialdiaren 11. aldia hasi zuten atzo. Hilaren 28ra bitarte, Gasteiz eta Araba osoa poesiaz betetzea du xede: hitzak «koadernotik ateratzea».

Taberna, denda eta lokaletako erakusleihoak olerkiz bete dituzte. DAVID AGUILAR / EFE.
unai etxenausia
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Poesia minetik sortzen da. Poztasuna helburu bat da berez». Auskalo Pablo Neruda poeta txiletarrak arrazoi zeukan, hala sentituko zuen hark. Minetik sortuak izan ala ez, olerkiek poztasuna ekarri dute Gasteizera eta Arabako txoko guztietara. 11. Poetak Maiatzean jaialdiari esker, hitzen nazioarteko lurralde izango da hilaren 28ra bitarte.

«Hiriko hainbat kolektiborekin egiten dugu lan, hizkuntza askotan, forma askotan. Tailerrak, erakusketak, poemak... Euskal Herriko eta nazioarteko sortzaileak izango ditugu hori eta gehiago eskaintzen». Elisa Rueda jaialdiaren sortzaile eta zuzendariak «koadernotik atera» nahi ditu olerkiak. Poesiaren zalez eta sortzailez beteriko hiria da Gasteiz, eta horregatik iruditzen zaio garrantzitsua erakustea. Beraz, urtero bezala, «maiatza poetena izango da».

Hilabete osoan, gauza askotarako tartea izango da, eta jaialdia hasi besterik ez da egin. Bada, ordea, aurten asko agertuko den zerbait: musika. Izan ere, olerkien eta musikaren arteko lotura estua erakutsi nahi dutela nabarmendu du Ruedak: «Musikak garrantzi handia hartu du aldi honetan, musikarekin poesia eskaini baitaiteke. Marwanek bezala, Anarik, Pedro Guerrak, Sheila Blancok eta Arkanok kontzertua emango dute».

Atzo ekin zioten jaialdiari. Loma Jeneralaren plazan aurkeztu zituen Ruedak aurtengo nobedadeak, Jesus Guridi musika kontserbatorioko musikarien doinuek laguntzen zuten bitartean. Ondoren, tradizioari jarraikiz, 100 Poeta taldeak Kristalezko orrialdeak ekinaldiari eman zion hasiera. Beste urte batez, poesiaz bete zituzten hiriko dendetako eta lokaletako erakusleihoak, batukadak Arka plazatik Gorbeia kaleraino laguntzen zien bitartean.

XIII. Ibilbide Poetikoa Etxarteetan ekitaldiarekin ekingo diote egunari gaur, eguerdian. Guztira, hiriko sei txokotan egingo dituzte errezitalak: haginen etxartean, putzuaren etxartean, tunelaren etxartean, plazatxoaren etxartean, ospitaleen etxartean eta sasiarrosen etxartean. Hilabete osoan izango diren tankerako errezitaletan bezala, mundu osoko poetek parte hartuko dute.

Arratsaldeko lauretan, askotariko olerkigileak bilduko dituen beste errezital bat egingo dute Europa biltzar etxean. Azkenik, 20:00etan, Jesus Guridi musika kontserbatorioan biribilduko dute eguna. El viejo boxeador disko berriaren aurkezpen kontzertua emango du Marwan artista madrildarrak. Erritmoa, hitzak, sakontasuna eta dibertsioa nahastuko ditu kontzertuan. Daukan aldakortasunari esker, mundu zabaleko kantautorerik sonatuenetako bat bilakatu da.

Euskaraz, gero eta gehiago

Artista berriak ez ezik, kokapen berriak ere izango dira aurtengo aldian. Hala nola Armentiako basilika, Argomanizko paradorea eta Kora Green City apartahotelaren terraza panoramikoa. Arabako hainbat herritan ere errezitalak eta bestelako ekintzak antolatuko dituzte. Are, beste herri batzuk gehitu dira zerrendara. Furgoneta poetiko bat ibiliko da zenbait herritan, bizilagunek herriko esaera zaharrak kontatu ditzaten. Horrez gain, bingo poetikoa egingo da. Hori gutxi balitz bezala, jaialdiak «itsasoa ekarriko du Gasteizera», zehazki merkatuko teilatura, non aukera izango den hamaka eroso batzuetatik errezitalez gozatzeko.

Euskarak presentzia gero eta nabarmenagoa du jaialdian. Esaterako, Bertsoak Versus izeneko egitasmoa antolatuko dute hilaren 22rako. «Bertsolaritza poesiarekin lotzen dugu. Gazteek gidatutako ekitaldi fresko bat izango da», azaldu du Ruedak. Lau poeta, hiru bertsolari, eta ideia poetikoak irudikatuko dituen ilustratzaile bat bilduko dira.

«Behin etortzen dena itzuli egiten da». Olerkiak herritar guztiengana iristea nahi du Ruedak. Duela hamaika urte bezala, jendeak ekintza guztiez gozatzea: «Agendari erreparatu, eta gehien gustatzen zaizkion ekintzak aukeratu behar ditu jendeak. Poesia ez da aspergarria, ez behintzat Poetak Maiatzean. Poesia errezital batek egunik tristeenak ere alaitzen dizkio jendeari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.