Ondarearen zaindariak

Iraganerako leiho bat irekitzen da urtero Burgin, eta Almadiaren Egunean almadiazainen ogibide gogorra omentzen dute, jai giroan. «Gure aurrekoak gogoratzeko eguna da», azaldu dute. Jendetza bildu da aurten ere.

Almadietako batek ur jauzia gainditu duen unea, gaur, Burgin. AITOR KARASATORRE / FOKU
Almadietako batek ur jauzia gainditu duen unea, gaur, Burgin. AITOR KARASATORRE / FOKU
joxerra senar
Burgi
2026ko maiatzaren 2a
19:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Harria, zura eta ura. Oinarrizko hiru elementu horiek oso presente daude oraindik orain Burgin (Nafarroa). Harriz eraiki dira herriko etxeak eta zubia, eta Ezka ibaiak zizelkaturiko harri borobilez beterik dira haren bi ertzak. Inguruko oihanetako zuhaitzen enborra garai bateko ogibide zen Erronkariko herritarrentzat, eta hori dena almadiaz garraiatzeko biderik zuzenena zen ibaia bera. Iraganerako leiho horrek irekirik jarraitzen du Burgin, eta, 34. aldiz, Almadiaren Eguna ospatu dute gaur. Ondare horren zaindari dira.

«Gure aurrekoak gogoratzeko eguna da gaurkoa. Niri aitatxik irakatsi zidan ogibide hau», azaldu du Pio Sarriesek. Antzina, enborrak moztu, zuritu eta prestatzen, berriz, hilabeteak ematen zituzten basoan. «Udaberrian, ur emaria handitzen zenean jaisten zuten egurra ibaian behera», zehaztu du. Estitxu Otaegik gogora ekarri duenez, helburua zen egurra ahalik eta azkarren saltzea, «zenbat eta lehenago, orduan eta hobe». Ez bazuten saltzen, «Zaragozaraino» heltzen ziren. 

«Gure helburua da lehengo emakumeek egiten zuten lana ere bistaratzea»

ESTITXU OTAEGILatsaria

Bizimodu latz hura ez zen soilik gizonena, baita emakumeena ere. Latsariaren lana antzeztu du ibaiertzean, beste hainbat emakume eta neskarekin batera. «Gizonek hilabete asko egiten zituzten etxetik kanpo, eta emakumeek lan asko zuten etxean. Negua bakarrik pasatzen zuten, umeak zaintzen, arropa errekan garbitzen hotz handiarekin... Gure helburua da lehengo emakumeek egiten zuten lana ere bistaratzea», azaldu du Otaegik. «Haientzat almadiak festa bat ziren, hilabeteetan ikusi gabeko senarrak ikusten zituztelako eta ezkongabeek baten bati so egin ziezaioketelako», dio barrez.

Gaur ere festa bat da Almadiaren Eguna. Jendetza pilatu da zubian eta bi ibaiertzetan. Aurten hiru almadia jaitsiko dira, eta horietako bat lehen aldiz ez da Erronkarin egin, lanbide heziketako Donibane zentroan eraiki baitute.

Erne, baina emozioz

Bigarren almadian jaitsi da Mario Palla, Puyarruego herrikoa (Huesca, Espainia). 14 urte zituenetik igo da almadietan, Sobrarbe haranean, baina aurten lehen aldia du Burgin. «Guretzat sentimendu handiko zerbait da hau guztia; asko gozatzen dut, baina, aldi berean, oso kontzentratuta egon behar duzu, akats batek dena zaildu dezake eta». Maniobratzeko ez dira ontzi errazak almadiak, eta «erne» egon beharra dago mugimenduei aurrea hartzeko. Adibidez, ur jauzian. «Emozio handikoa da, baina adi egon behar dugu, handik ateratzean arraunekin almadia bideratu eta kontrola gureganatzeko. Jabetu zarenerako, pasatu da», kontatu du.

Aurten, gainera, ur gutxirekin jaitsi da Ezka ibaia. Erik Adoten arabera, hilabete eta erdi igaro da «tantarik bota gabe». Horregatik, trabatuta geratu da almadia nagusia zubira iritsi aurretik. Kostatu zaie askatzea, baina txaloka hartu ditu bertan bildu den jendetzak. «Etorkizunari begira, birpentsatu beharko dugu: almadia arinagoak egin ur emaria gutxitzen bada», hausnartu du Sarriesek. 34 urtean, bi aldiz utzi dute bertan behera: batean, ur gehiegi zeramalako ibaiak, eta bestean, ur gutxi zegoelako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA