Udazkenarekin batera, mendizale anitzi onddo bila joateko kalentura sartzen zaie, eta hori neurtzeko termometrorik ere bada. Otarrea betea: aurten gutxi. Otarrea erdi betea: aurten desastre. Onddo bakarra eskuan: sare sozialetara zuzenean, garaikurra lau haizeetara erakusteko. Hori bai, gehienetan, guztiak bat datoz gauza batean: argazkia bai, baina kokapena ez. Aranzadi zientzia elkarteko mikologo Joxepo Teres (Donostia, 1957), ordea, ez da «ezkutuan ibiltzen diren horietakoa». Aitzitik, onddoek bioaniztasunean duten garrantzia ulertzeko, eta topatutako espezieei buruzko bitxikeriak kontatzeko, ibilbide gidatu bat antolatu du iganderako. Alkizako (Gipuzkoa) plazatik abiatuko da, eta parte hartu nahi duenak ortziralera arte dauka izena emateko, 'www.gipuzkoanatura.eus' webgunean.
Goizeko hamarretan elkartuko zarete. Zer espero dezakete Alkizara joanen direnek?
Herriaren inguruko basoetan ibiliko gara, eta han bertan aurkitutako onddoen berezitasunak komentatuko ditugu; zer motakoak diren, jangarriak diren edo ez, eta zer landarerekin aritzen diren elkarreraginean. Onddoek ekosistema desberdinetan duten garrantzia esplikatzen ere saiatuko gara. Izan ere, onddoak jaki preziatuak dira, eta askotan garrantzi gastronomikoa soilik ematen zaie, eta ez ekologikoa edo biologikoa. Uste dugu jendeak ezagutza horiek falta dituela.
Zer funtzio betetzen dute orduan onddoek naturan?
Alde batetik, onddoak egongo ez balira, gure ingurunea zabortegi erraldoi bat bihurtuko litzateke, haiek baitira deskonposatzaile garrantzitsuenetako batzuk. Edozein material organiko desegiten dute, hala nola egurra, fruituak eta gorotzak. Beste aldetik, bizidun sinbiotikoak dira; hau da, elkarreraginean aritzen dira beste bizidunekin, batez ere landareekin. Hortaz, onddorik gabe, gure pagadiak eta hariztiak, esate baterako, ez lirateke behar bezala garatuko, eta pobretu edo desagertu egingo lirateke.
Basoak onddoak behar ditu, beraz, baina zer behar dute onddoek lurrazpitik ateratzeko?
Onddoak beti daude mendian, baina ez dira ikusten, lurrazpian daudelako. Guk jasotzen ditugunak haien fruituak dira, hau da, perretxikoak. Orokorrean nahastu egiten ditugu izenak, baina logikoa da. Perretxikoek hezetasuna behar dute onddoen lurrazpiko mizelioak aktiba daitezen. Badaude beste faktore biotiko edo natural batzuk ere; tenperatura, argitasuna eta lurzoruaren konposizioa. Bestalde, faktore abiotikoak daude, gizakiak sortzen dituenak, batez ere. Kutsadura kimikoak, basoaren etengabeko ustiaketak, eta zapalketa eta bilketa masiboek eragina eduki dezakete onddoetan.
Alkizako basoa leku aproposa al da?
Euskal Herriko edozein baso ona da, baldintza meteorologikoak onak badira. Dagoeneko gure basoek eta zelaiek onddo dezente eduki beharko lituzkete, baina oraingoz ez da mugimendu handirik izan. Aldaketa klimatikoaren ondorioz, udan lehorte handia egon da Euskal Herrian; prezipitazio gutxi, larreak nahiko erreta, eta basoak, berriz, hezetasun gutxirekin. Aiako Harrian, adibidez, ekaitzak lehertu dira, eta hor irten omen dira onddoak, baina, oro har, Euskal Herrian ez.
«Dagoeneko gure baso eta zelaiek onddo dezente eduki beharko lituzkete, baina oraingoz ez da mugimendu handirik izan»
Hortaz, aurreikuspen txarrak daude aurtengo onddo denboraldirako?
Aurretik egin duen eguraldia ere kontuan hartu behar da, eta aurten udaberri euritsua izan da. Arazoa da udara oso lehor eta beroa izan dela, eta ez dakigu horrek zer-nolako eragina izango duen. Uda bukaeran edo udazkenean litekeena da euria egitea; beraz, zaila da aurreikustea. Euria egiten badu, perretxikoa ez da hurrengo egunean aterako: hamar bat egun behar dira onddoaren lurrazpiko mizelioak ondo aktibatzeko.
Onddozale anitzek sabelak gidatuta jotzen dute mendira udazkenean. Zer aholku emanen zenieke?
Aurreneko gomendioa izango litzateke mendian gauza guztiez gozatzea. Aurkituko bazenitu, oso ongi, baina errespetuz jokatu. Ez joan furgoneta handi batekin perretxiko denak jasotzera; batzuk hartuta nahikoa da. Bestalde, egokiena labanarekin jasotzea da, txapelaren azpitik moztuta; inguruan kalte txikiagoa egiten delako, eta perretxiko batzuk txapelaren azpian duten egituraren arabera bereizten direlako. Hori kontuan hartzen ez bada, arriskua dago jangarria ez den onddoren batekin nahasteko. Herritarrek zalantzarik baldin badute, Aranzadiko mikologia departamentura joan daitezke astelehenetan, 16:30etik 19:30era arte, eta esplikazio guztiak emango zaizkie han.
Aholkuak emateaz gain, 50 urtetik goiti daramazue Aranzadin onddoak ikertzen. Orain zein proiektu dauzkazue esku artean?
Udal batzuk —Oiartzungoa edo Errenteriakoa, esaterako— ikerketak bultzatzen ari dira. Guk horietan parte hartzen dugu, eta onddoei buruzko ezagutza erakusketen eta hitzaldien bidez zabaltzen saiatzen gara. Gipuzkoako onddoen katalogoa ere osatzen ari gara. 3.500 espezie baino gehiago deskubritu ditugu jada, eta etengabe ari gara eguneratzen: orain dela sei hilabete, adibidez, laurogei onddo gutxiago geneuzkan. Urte askoan ale handiak soilik ikertu dira, baina azken hamar urte hauetan gehiago ari gara luparekin txikiei erreparatzen, eta, horregatik, onddo kopurua igotzen ari da pixkanaka.
Horien artean, seguruenik, larri dauden onddo batzuk egonen dira. Ba al dago erregulaziorik horiek babesteko?
Onddoak dira administratiboki eta juridikoki babesik ez duten bizidun bakarrak. Hortaz, Espainiako eta Portugalgo beste mikologoekin batera, larri dauden onddoen zerrenda gorri bat argitaratzeko lanean ari gara. Iratin eta Ultzaman, adibidez, parke mikologikoak sortu dituzte: onddoak bilatzeko araututako lekuak, ordainpeko sarrerarekin. Neurri hori aurrerapauso bat izan daiteke, baina ez da soluzioa, interes ekonomiko edo turistikoak egon daitezkeelako. Hortaz, dena mahai gainean jarri, onddoa juridikoki bizidun gisa kontuan hartu, eta nola dagoen aztertu beharko litzateke, neurri bateratuak hartzeko.
Lotsabako
- Aurkitu duzun onddorik bitxiena? Pseudosclorococcum golindoi, Pagoetako parkean.
- Pisutsuena?
Kilo bat inguruko onddoa, Iratiko basoan.
- Jateko gogokoena?
Ez naiz oso zalea, baina gibelurdinak.
- Bilatzeko lekurik onena?
Basorik ikusgarrienak Iratikoa eta Urbasakoa dira, baina edozein lekutan mugitzen naiz ni.