BILBOKO ASTE NAGUSIA

Onintza Enbeita eta Ainhoa Urrejola izango dira Bilboko festetako pregoilaria eta txupinera

Enbeita ibilbide luzeko bertsolaria eta kazetaria da; BERRIAko kolaboratzailea ere bai. Urrejola Kaixo konpartsako kidea da, joan deneko ia 30 urteotan.

Onintza Enbeita eta Ainhoa Urrejola. BILBOKO UDALA
Onintza Enbeita eta Ainhoa Urrejola. BILBOKO UDALA
enekoitz telleria sarriegi
2026ko uztailaren 1a
18:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Geroz eta gertuago dago Bilboko Aste Nagusia, eta jada izendatu dituzte aurtengo pregoilaria eta txupinera. Bilboko Udaleko Jai Batzorde Mistoak Onintza Enbeita Maguregi aukeratu du pregoilari, eta Kaixo konpartsako kide Ainhoa Urrejola Soldevillari eman dio txupinera izateko ardura. Abuztuaren 22an irakurriko du pregoia Enbeitak eta botako du suziria Urrejolak, Arriaga antzokiko balkoitik.

Onintza Enbeita ibilbide luzeko bertsolari eta kazetaria da, eta BERRIAko kolaboratzailea: Berben Poza zutabearen egilea, besteak beste. 2018an Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen lehen emakumea izan zen. Muxikan jaio eta bizi da, bertsolari familia ezagun batekoa da, eta lotura estua dauka Bilborekin eta Aste Nagusiarekin. Haren ustez, «herri festarik ederrena da».

Ainhoa Urrejola Soldevilla Kaixo konpartsako kidea da duela ia 30 urtetik. Bilboko Konpartsek izendatutako txupinera izango da. Udalak oharrean nabarmendu duenez, Bilbo Zaharrean jaio zen, eta konpartsei lotuta egon da betidanik. Gaur egun, Otxarkoagan bizi da, eskola jantoki batean lan egiten du, eta alaba bi dauzka. Hondartza, mendia, artisautza eta irakurketa maite ditu, eta Aste Nagusia «emozio bereziz» bizi du. Marijaiaren etorrera urtero irrikaz espero izaten duela esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA