Hilaren 27an, datorren asteazkenean ospatuko dute Artzain Eguna Ordizian (Gipuzkoa). Artzaintzari eta Idiazabalgo gazta berriari omenaldia egiteko baliatuko dute ospakizuna. Aurten, Larrabetzuko Azurmendi jatetxeko (Bizkaia) Eneko Atxa sukaldariak izango du gazta ebakitzeko ohorea. Halaber, Jesus Oleaga ostalariari egingo diote omenaldia.
Idiazabal jatorri izenak egun horretan banatuko ditu 2010eko kalitate eta erregulartasun sariak. Sunbillako Luis Vicente Larrarte gaztandegiak (Nafarroa) jasoko du ekoizle ertain eta handiei dagokien saria. Artzain erregularraren saria, berriz, Joseba Intsausti Ordiziako artzainak jasoko du.
Donostian egin zuten atzo Artzain Egunaren aurkezpena. Rafael Uribarren Landa Garapeneko diputatua, Jose Migel Santamaria Ordiziako alkatea, Idiazabal jatorri izendapeneko kudeatzaile Miriam Molina, Kutxako ordezkari Iñaki Almandoz eta Eneko Atxa sukaldaria egon dira aurkezpenean.
Produkzioak, gora
Atxak ohoretzat jo du gazta ebakitzeko ardura, eta etxean bertako produktuak maitatzen erakutsi diotela argitu du.
Molinaren esanetan, 2010ean gora egin zuen Idiazabal jatorri izeneko gaztaren produkzioak. Egun, 120 gaztagilek ekoizten dute jatorri izenarekin. Hurrengo urtean zifra horrek gora egitea espero du Molinak. Uribarren diputatuak Artzain Egunaren jai kutsua goraipatu du, eta gaineratuGipuzkoan egiten diren kalitatezko produktuak ezagutarazteko xedea duela ekimenak. Santamariak artzainen lan gogorra ezagutarazteko aukeratzat jo du Artzain Eguna.
Ohiko egitura izango du aurten ere Artzain Egunak. 09:00etan emango diote hasiera ospakizunari, Garagartza plazan egingo den ahari eta ardien erakusketa eta lehiaketarekin. 11:00etan, bi mila buruko artaldea Ordiziako herrigunea igarotzen ikusi ahal izango da.
11:15 inguruan ekingo dio Atxa sukaldariak gazta ebakitzeari. Udaletxeko batzar aretoan izango da, eta aurtengo sariak banatu, eta Oleaga ostalaria omenduko dute. Ekitaldi horrekin, Idiazabalgo gaztaren garai berriaren aurkezpen ofiziala egingo dute.
Ekitaldiak iraun bitartean, gazta egite eta artile mozte erakustaldiak izango dira Garagartza plazan. Eusko labeldun bildotseko pintxoak dastatzeko aukera ere izango da. Pintxoen salmentatik ateratako etekinak Aspanogi elkartearentzat izango dira, minbizia duten haurren gurasoen Gipuzkoako elkartearenzat.
Ordiziako Artzain Eguna hilaren 27an ospatuko dute
Idiazabalgo gaztaren garaia hasi, eta iazko kalitatearen eta erregulartasunaren sariak banatuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu