Orreaga etorbideko krabelin gorria

Iruindarrak 'Egia, justizia eta ordaina' lelopean bildu dira, German Rodriguez tiroz hil zuten tokian, omenaldia egiteko. Udal kereila sostengatzeko eskatu diete oroitarriaren ingurura bildutakoei

Iker eta Irune Tubiak aurreskua dantzatuz egin diote ohore German Rodriguezi. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2016ko uztailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kantuz erantzun diote iruindarrek historiak utzitako isiluneari. Jada 38 urte bete dira Espainiako Poliziak 1978ko sanfermin odoltsu hartan German Rodriguez LKI alderdiko kidea hil zutela. Haren oroitzapena ez da amatatu, ordea. Fermin Valencia protesta-kantariaren gidaritzapean, herritarrekinoiz baino ozenago abestu zuten Mikel Elizagak eta Valenciak berak sortutako Hilarria kanta.«Krabelin gorria zara zu», dio abestiak, eta bildutako askok «zirrara» sentitu zuten. Orreaga etorbideak badu bere krabelin gorria.

Toki horretan bertan hil zen Rodriguez, 1978ko uztailaren 8an. Egun hartan, polizia armatua tiroka sartu zen zezen plazan, eta handik kanpo, polizietako batek tiroz hil zuen German Rodriguez. Inoiz ez zen ikertu hilketa. Ia 40 urte geroago, herritarrek erantzun instituzional egoki baten esperoan jarraitzen dute. Iazko martxoan Nafarroako Parlamentuak onartutako polizia indarkeriaren foru legeak orban hori estal zezakeen, baina Espainiako jarduneko gobernuak helegitea jarri, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen. Hala, zauriak irekita jarraitzen du.

Atzo, frankismoaren aurka jarritako kereilarekin aurrera jarraitzeko eskatu zion Iruñeko Udalari Xabier Diazek, garai hartan LKIko alderdikide izandakoak. Omenaldian izan ziren 78ko Sanferminak gogoan herri mugimendua, Gasteizko Martxoak 3ko lagunak, Jarauta 69 txaranga, La Chula Potra rap abeslaria, eta Iturrama Kantuz-eko eta Iruña abesbatzako kideak. Aurreskuarekin egin diote ohore Rodriguezi.

«Mesedez, barka ezazue, baina ez sekula ahaztu», esan zuen irmo Julieta Itoiz La chula potra rap abeslariak, hunkiturik. Iraganarekin zorrak kitatu ez dituen estatu baten aurrean, memoria historikoa berreraikitzeko mugimenduari bultzada emateko beharra aldarrikatu zuen.

Jendez bete zen Orreaga etorbidea. Maite Rey, adibidez, umetatik etorri izan da omenaldira. Reyk adierazi zuenez «Germani herriak egin behar dio omenaldia, oso une hunkigarria baita».

Esteban Lozano Madrilen zegoen gertaera lazgarri haiek izan zirenean; halere, haren familiak, iruindar askoren modura, pairatu zuen egun eta ordu haietako polizien setioa. Horregatik, urtero bertaratzen da. Ortzaizeko Anamari Etxartek lau urte daramatza parte hartzen: «Oso une polita da; behar genuke denek hemen izan».

Tafallako Arantza Ruizek gogoan zuen nola joaten ziren umeak auzora: beldurtuta, zikin-zikin eginda eta zaurituta. Haren ustez, omenaldia «hunkigarria eta beharrezkoa» da, «sanferminen txikizio ikaragarri hori» onar dadin, eta, horrela, aurrera jarraitu.

Fermin Valentziaren irudiko, berriz, bere kantak badu indar bat: «Oroimenean gordetzen ditugu Rodriguez eta zorigaiztoko gertakizun horiek; askatasuna dugu eskakizun, eta behin jazotako txikizioa errepikatuko ez dela berrestea helburu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.