Zinema

Otaño bertsolaria Euskal Herrira itzuli da, hirugarrenez

Donostian hasi dira grabatzen 'Ombuaren itzala' filma. Patxi Bisquerten zuzendaritzapean ari dira, besteak beste, Joseba Usabiaga eta Sara Cozar.

Edu Lartzanguren.
2023ko ekainaren 8a
17:34
Entzun

Donostiako Trinitate plaza, gaua. XIX. mende amaiera aldeko jantziak soinean dituzten gizon multzo bat aurrera doa, kamerarantz. Baina ez dira Peaky Blinders gangster ijitoak. Euskaldunak dira. Izan ere, zuzendari baten aginduetara jarri dira, eta hiru kanta abestu dituzte. Ondoren, Pello Mari Otaño bertsolariarena egiten duen aktore bat haiengana joan da, eta paper moduko bat eman die.

Astelehenean grabatu zuten eszena hori, 'Ombuaren itzala' izango den filmerako. Otañoren bizitza kontatzeko egiten ari da Patxi Bisquerten Eguzki Art Zinema ekoiztetxea. Bertsolariaren azken 20 urteetan oinarritzen da gidoia, hau da, 1890eko uztailean bigarrenez Euskal Herrira itzuli zenetik 1910ean Argentinan hil zen arte.

Donostiako Orfeoiko kantariak aritu ziren lehenengo grabazio saio horretan. Batzuek berezko bibote ikusgarriak zituzten, bi mende horien arteko usadioan, eta beste batzuei apaintzaile taldeko kideek jarri zizkieten. Izan ere, ekoizpen talde polita elkartu zen Trinitate plazan: kamerariak, argiztapen teknikariak, soinulariak...

Azken horiek lanak izan zituzten Donostiako Parte Zaharreko kaleetatik zetorren buila mikrofonoetatik urruntzen.

Joseba Usabiaga aktorea (Handia) arduratzen da Otañorena egiteaz. Sara Cozar aktorea ere lanean ari da filmean, eta Bisquert bera ari da lana zuzentzen.

Otañoren azken hogei urteak kontatu nahi ditu Bisquertek, bertsolariaren boladarik «emankorrena» izan zelakoan. Baina pertsonaia testuinguruko historiko eta politikoan kokatu du. «Euskal Herrian, foruak galduta, herria hutsetik eraikitzen hasi behar izan zuten; berpizkundea izan zen, eta, gaur egun ere, iruditzen zait berpizkundea behar duela Euskal Herri honek ere, aurrera egin ahal izateko. 40 urtetik gora daramatzagu demokrazian, baina herri honek ez du askorik aurreratu. Hausnarketa hori egitea oso interesgarria iruditzen zait», esan zuen Bisquertek BERRIAk eginiko elkarrizketa batean. Zuzendariaren iritziz, euskal zinemagintzak «oso gutxi» jorratu du garai hura, nahiz eta erabakigarria izan ondoren etorriko zena ulertzeko.

Hiru asteko filmaketa lana hasi dute Euskal Herrian. Ondoren, 8-10 egunez Argentinan arituko dira, azaroan.

Bitartean, herriz herri arituko dira filma aurkezten. Herritarren ekarpenekin ari dira gastuak ordaintzen, eta, besteak beste, sarrerak aurretik erosteko aukera ematen ari dira, filmaren webgunean. 2024. urtearen hasieran nahi dute materiala editatu eta zinemarako prestatu, apirilean, herriz herri estreinatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.