Oiartzungo Panterak

Ainhoa Txapartegi, Irati Matelo eta Irati Muñoz: «‘Pakito’ gurea izango ez balitz ere, gustura entzungo genuke parrandan»

Oiartzungo Panterak taldea sortu dute hiru emakume oiartzuarrek. Ezustean, haien 'Pakito' abestia oso ospetsu egin da sare sozialetan. Gerora kantu gehiago ere sortu dituzte, eta horretan jarraitzeko asmoa dute.

Ainhoa Txapartegi, Irati Matelo eta Irati Muñoz, Oiartzungo Panterak. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ainhoa Txapartegi, Irati Matelo eta Irati Muñoz, Oiartzungo Panterak. ANDONI CANELLADA / FOKU
nerea intxausti
Oiartzun
2025eko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pakito run roneo, run run, Oiartzungo pantera heldu dun!. Lehen hitzak irakurtzerako, kantua ezaguna egingo zitzaien irakurle askori. Oiartzungo Panteren Pakito abestia da. Kazetariarekin kafea hartu duten tabernan jarri zuten lehen aldiz abestia Irati Matelo (2001), Ainhoa Txapartegi (1998) eta Irati Muñoz (1998) oiartzuarrek. Taldeak lehen kontzertua eman zuen hil hasieran, Oiartzunen (Gipuzkoa).

Pantera sentitzen zarete?

IRATI MUÑOZ: Taldearen izena hautatu genuen lagun baten katuagatik, beltza zelako. Eta, egia esan, ni sentitzen naiz pantera beltz. Animalia chula iruditzen zait, bere horretan. Oso pertsona mugitua naiz; beraz, ni panterakume bat izango nintzateke gehiago.

IRATI MATELO: Ni panteren alde lasaiarekin identifikatzen naiz, gauzak poliki eta tentuz egitearekin.

AINHOA TXAPARTEGI: Ni, pertsonalki, ez nau pantera batek deskribatzen, baina, Oiartzungo Panterak deskribatzen ditu.

Zer moduz lehen kontzertua?

TXAPARTEGI: Hasi baino lehen oso urduri geunden hirurak, eta elkarri esaten genion: «Pila bat maite dugu elkar, bale? Super ongi egingo dugu». Baina ikusi genuenean zenbat jende zegoen, zeinen prest zegoen... Asko eskertu genuen herriko harrera.

MUÑOZ: Adrenalina sentitu nuen. Ordubete atzeratu zen kontzertua, eta tarte horretan super urduri jarri nintzen, bihotza taupada bizian neukan. Baina aktorea naiz, eta banekien ateratzerako joango zitzaizkidala nerbioak. Hala gertatu zen: lehen notak entzun, plaza zapaldu eta kito.

‘Hepeldupu Dipilapa’ abestera ez zineten ausartu...

TXAPARTEGI: Ez dugu maite. Hirurek genuen arantzatxo bat kentzeko beharra: sorgin hizkuntzan abesti bat egitea, alegia. Hepeldupu Dipilapa irten zitzaigun. Pakito-ren ondorengoa izan zen, gainera; ez genuen jaso lehen abesti horrekin izan genuen harrera, ez. Jendeak galdetu digu ea onomatopeiak diren, ea latina den... 

Eta ‘Pakito’ zuei gustatzen zaizue?

MATELO: Spotifyko erreprodukzioen erdiak nireak dira [barrez]. Gehien gustatu zaidana da ez nuela espero, ez genuen ezer egin hori lortzeko. Gure helburu bakarra zen Pakito abestia taberna batean entzutea. Lortu genuen, eta gustura geratu ginen.

MUÑOZ: Pasatzen dudanean tarte bat Pakito entzun gabe, autoan jartzen dut, bolumena bete-betean, eta izugarrizko abesti puska iruditzen zait. Pakito gurea izango ez balitz ere, gustura entzungo genuke parrandan.

TXAPARTEGI: Nik Zu gabe ere oso gustura entzungo nuke. Pakito-ren gorakada organikoa izan denez, ondo eramaten ari gara. Disfrutatzeari uzten diogunean, utziko dugu.

Urrunera heldu da. 

MUÑOZ: Oiartzuar bat irakaslea da Gasteizen, eta galdetu zioten ea ezagutzen gintuen; nik orduan flipatu nuen. 

MATELO: Ni jabetu nintzen Tiktokeko trend-a zeinen urrutira iritsi zen neska frantses batek egin zuenean, etxean hortzak garbitzen ari zela.

«Beste alor batzuetan teknologia erabiltzen dugun bezala, zergatik ez musikan?»

IRATI MUÑOZOiartzungo Pantera
Frogatu duzue euskaraz ere biral egin zaitezkeela Tiktoken.

MUÑOZ: Luma entzun nuen Euskadi Irratian esaten euskal komunitatea Tiktoken orain asko ari dela hazten, saretuta gaudela eta geroz eta gehiago kontsumitzen dugula euskarazko edukia. Ados nago. Hori bai, jende askok Pakito-ren Tiktokeko zatia bakarrik daki. 

TXAPARTEGI: Bai, baina guri ere gertatzen zaigu beste abesti batzuekin. 

Zuen abestiak adimen artifizialarekin egiten dituzue. Zilegi iruditzen zaizue?

MUÑOZ: Gure abestien oinarriak egiten ditugu adimen artifizialarekin, bai. Tresna bat iruditzen zait. Iratik, adibidez, badaki gitarra jotzen, eta teklatua ikasten ari da, baina nik ez dakit musika tresnarik jotzen, ezta oinarri bat egiten ere. Horregatik erabiltzen dugu adimen artifiziala, ez dakigun hori egiteko. Musikari bati, beharbada, irudituko zaio ez dela zilegi.

MATELO: Hori batetik, eta, bestetik, gure helburua inoiz ez da izan musika egitea. 

MUÑOZ: Kontrakoa, beti esan dugu ez garela musikariak; Irati bakarrik da musikaria. Beste alor batzuetan teknologia erabiltzen dugun bezala, zergatik ez musikan?

TXAPARTEGI: Gainera, guk ere ez dugu ezkutatu: hasieratik esan dugu oinarriak adimen artifizialak eginak direla.

Frogatu duzue baita ere talde bat ez dela estilo bakar batera mugatzen. 

MATELO: Hasieratik genuen argi ez ginela itxiko estilo bakar batera. Rantxera bat egin nahi dugula? Aurrera. Saiatuko gara. Hori gustatzen zait niri, horrela ez garelako aspertuko. 

TXAPARTEGI: Egiteko daukagu bilera bat, hemendik aurrera zer egin nahi dugun hitz egiteko. 

LOTSABAKO

Jarraitzeko asmoz?
Bai.

Zein estilotan?
Noizbait reggaeko bat egingo dugu. 

Artista bat?
MUÑOZ: Olaia Inziarte. MATELO: Iker Lauroba. TXAPARTEGI: Bengo. HIRUREK: Izaro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.