Israelek abizena lapurtu zion Xaima Xeikh Aliri (Jerusalem, 1998), bere familiaren sorlekua, Bayt Thul, zimenduak biluztu arte suntsitzeaz gain. Gaur, artea darabil Palestinaren sarraskia ahanzturan gera ez dadin. Eskulturak, bideo artea eta instalazioak sortzen ditu, identitatearen, memoriaren eta erresistentziaren inguruan hausnartzeko. Jerusalemdik Bilbora iritsi zen irailean, eta abenduan itzuliko da etxera, Bilbo Arten bere proiektu berria amaitzean. Xeikh Ali TEJA eta Moving Artists erakundeekin elkarlanean ari da hirian; kultur guneen sare horiek egonaldi artistikoak eskaintzen dizkiete testuinguru soziopolitiko konplexuetan dauden sortzaileei.
Zerk bultzatu zintuen artearen mundura?
Ume guztiei gustatzen zaie irudikatzea eta margotzea. Nerabea nintzela argi nuen artearekin zerbait gehiago egin nahi nuela. Nire lehengusuak esan zidan Jerusalemen arte ederren unibertsitate bat zegoela, eta han hasi nintzen ikasten. Unibertsitatean maitemindu nintzen arteaz eta haren inguruan sortzen den giroaz.
Israelgoa da, ordea, unibertsitate hori.
Adierazpen askatasuna genuela esaten ziguten, baina ez da egia. Ikasle asko atxilotu zituzten egin zituzten obrengatik, lantzen zituzten gaiengatik. Beraz, zaila izan zen egin nahi nuen artea eta nire palestinar identitatea espazio horretan aurkitzea. Gaur egun, eskultura, bideo artea eta instalazioak dira gehien baliatzen ditudan bitartekoak.
Bide horretan oztopoak ugariak izan dira?
Bai. Orokorrean, finantzaketa ekonomiko urria da artea eta kultura lantzen dituzten erakundeek eta eskolek duten arazorik larriena. Proiektuak gauzatzea eragozten du. Hala ere, ez diogu saiatzeari uzten. Gainera, Palestinan, israeldar okupazio indarrek arte erakunde horiei jazartzen diete eta zentsuratzen dituzte. Azkenaldian, adibidez, Palestinako liburuak hartu eta kontakizunak manipulatu dituzte; horren ostean, irakasleak behartu dituzte istorio horiek ikasleei kontatzera.
Zure obrek ahotsa ematen diete oztopo horiei. Nola egiten da hori?
Lehen pausoa da nire eta palestinarren arteko elkargunea aurkitzen saiatzea. Oztopoak ez dira soilik nik ditudanak, gizakion bizitzan ohikoak dira, guztion bizipena da. Ez da palestinarra eta elbarria den emakumea naizelako bizi dudan zerbait soilik.
«Birus batek gorputzari erasaten dionean, adibidez, gorputzak aurka egiten dio sendatu arte; baina, prozesu horretan, inoiz, borrokatzea hautu bihurtzen da»
Erronkei aurre egiteko grina ere orokorra dela esango zenuke?
Erresistentzia gizakiaren ezaugarri bat da. Birus batek gorputzari erasaten dionean, adibidez, gorputzak aurka egiten dio sendatu arte; baina, prozesu horretan, inoiz, borrokatzea hautu bihurtzen da.
Zer erabaki behar da?
Kontra duzun horri aurre egin ala amore eman, horixe hautua. Amore emanez gero, ordea, desagertzea da ondorioa, dena galtzea, baita zeure burua ere. Eta hori da garrantzitsuena: bakoitzaren kontzientzia, arima, printzipioak eta gorputza norberaren esku mantentzea.
Norbera osorik mantentzea ez da erraza.
Manipulatzeko gaitasun handia du zentsurak. Zentsurari eta okupazioari aurre egiteko modu bakarra erresistentzia da. Elbarritasunarekin gauza bera gertatzen da. Bizitzan jazar diezazukeen horri guztiari aurre egiteko grina da nire lanaren arlorik garrantzitsuena.
Baina nola egin aurre oztopoei?
Oztopoak ugariak dira, baina baita horiei aurre egiteko moduak ere. Jerusalemen Eitar izena duen artista kolektibo baten kide naiz, eta sei bakarkako erakusketa antolatu ditugu iazko urritik aurtengo otsailera. Kolektibo horren helburua da arte eta kultur erakundeei berpizteko indarra ematea. Palestina askatu nahi badugu, ordea, benetako erresistentzia kalean egin behar da. Baina gure ahotsa, kultura eta hizkuntza ere mantendu behar ditugu, eta artea gure nortasunari eusteko modu bat da.
Politikoa eta pertsonala banaezinak dira?
Politikoa dena pertsonala da, ezin dira bereizi. Hala ere, ez zait gustatzen neure burua palestinar gisa soilik ikustea. Nire arteak Palestinari buruz hitz egiten du, baina ez dut nahi nire artea horregatik bakarrik ikusaraztea.
Gaur egun eratzen ari zaren proiektuak, hala ere, badu zure sorterriarekin zerikusirik.
Bai eta ez. Orain sortzen ari naizen proiektua zentsuraren ingurukoa da. Oroimenari garrantzi handia ematen diot, eta uste dut palestinar bakoitzak bere istorioa azaldu beharko lukeela. Baina ezinbestekoa da, ingurukoei azaltzeaz gain, geure buruari gertatu dena gogoraraztea ere. Ezin diogu inori leporatu gure izenean ez oihukatzea, guk geuk egiten ez badugu. Gure memoria bizirik dago, eta ezin dugu onartu inork kontrolatzea.
«Nire familiaren herria izandakoa parke bat da orain, eta sartzeko ordaindu egin behar da»
Zure oroimenean ere murgiltzen da proiektua?
Bai. Nire bidea Bayt Thulen hasten da, nire familiaren sorterrian. Herria guztiz suntsitu zuten 1948an, ez dago etxerik, ez da ezer geratzen. Nire familiaren herria izandakoa parke bat da orain, eta sartzeko ordaindu egin behar da.
Zure nortasun artistikoa errepresioaren soka estuak baldintzatu duela azaldu duzu.
Azken bi urteotan gertatu den genozidioa ez da ezerezetik sortu; Israelek 77 urte daramatza Palestinan sarraskitzen. Hala ere, zentsura gogorragoa da orain, bereziki Jerusalemen. Gazako zerrendan palestinarrak hil eta lurrak lapurtu dituzte, baita emakume eta gizonak bortxatu ere. Baina pertsonak erailtzeko modu asko daude, bonbardatzea ez da modu bakarra. Israel gure hizkuntza, artea eta kultura zapaltzen ari da zentsuraren bitartez, eta Palestina akabatzeko modu bat da hori. Hizkuntza kontrolatzeak jendea kontrolpean izateko modua ematen du. Egia eta gezurra bereizteko gaitasunik gabe uzten zaitu. Baina zentsura leku guztietan ikusten dut, ez soilik Palestinan.
Orain urrunetik begiratzen diozu sorterriari...
Nire hiria asko maite dut, eta faltan sumatzen dut, baina Bilboz maitemindu naiz. Hasieran beldurtuta nengoen, etxetik kanpo bizi naizen lehen aldia delako. Baina arin moldatu naiz, eta ez dut uste Bilbo hain ezberdina denik. Euskal Herria gustuko dut, bereziki palestinar auziaren inguruan dagoen kontzientziagatik. Gainera, euskaldunek aitortzen dute palestinarrok eskubidea dugula geure burua Israelen erasoetatik defendatzeko, eta hori ez da ohikoa Europako beste herrialdeetan. Nire proiektua osatzea gustatuko litzaidake euskaldunek zentsuraren inguruan duten ikuspuntuarekin. Horretarako, tailer batzuk egitea da nire asmoa.
Palestinatik, berriz, nola ikusten duzu mundua?
Jendeak begiak ireki ditu. Aurretik errealitatetik kanpo zeuden, zentsurak hedabideetan duen eraginagatik. Baina, beharrezkoa al da gu hiltzea kasu egin dezaten? Agian, egia da palestinarron genozidioa ikusarazteak egoera aldatu duela. Gazak mundu osoa bateratu du giza kausa baten alde. Fedea dut nire belaunaldian, eta egoera aldatzeko gai izango gara beharbada.
lotsabako
Eskultura edo bideo artea? Eskultura.
Artea sortzeko leku bat? Toki ilunak.
Arte mugimendurik gogokoena? Fauvismoa.