Feminista eta irakaslea

Miren Garmendia Etxenike: «Parisen euskaldunak ginen, eta Euskal Herrian, paristarrak; beti sentitu dut ipurdia bi aulkiren artean dudala»

Montmartren eta Parisko Euskal Etxean hazi zen Miren Garmendia, eta 1968ko maiatzean koskortu. Euskara ikasita, Euskal Herrian pasatu du bizitza. Ez du ahazteko mugimendu feministan egindako ibilbidea, ezta gurasoak ere: «oso bizirik» ditu gogoan.

Miren Garmendia Etxenike, joan den astean, Donostiako bere etxean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Miren Garmendia Etxenike, joan den astean, Donostiako bere etxean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2025eko urriaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako hiriburuan jaioa da Miren Garmendia Etxenike (Paris, 1947), eta 24 urte bete arte han bizi izandakoa. 68ko Maiatzak bete-betean harrapatu zuen unibertsitatean, eta atera zion etekina. Handik urte gutxira euskara ikasi, eta Donostian bizi da ordutik —«erretiroa hartuta zaudela Donostian bizitzea superluxua da!»—. Euskal Herriko mugimendu feministaren hastapenetan buru-belarri aritua da, eta irakaskuntzari eskaini dio ibilbide profesional osoa; aisialdia, berriz, mendiari. Bizitza zukutu du, zukutu ere.

Aita Pasaiakoa, ama Uztaritzekoa, zu Parisen jaioa...

Horrek markatzen du. Aitaren istorio osoa nire liburua idazten deskubritu dut; Aste Santuan atera dut, autoedizio bidez, eta Irene Aldasoro euskaratzen ari da orain.

Haren bizitza kontatu duzu La valise d’Aita liburuan.

Horixe bera. Aitak gauza gutxi kontatzen zituen bere haurtzaroari buruz, baina bizitza gogorra izan zuen, oso gogorra. Gudaria izan zen 1936ko gerran, erbesteratu egin zen ondoren, Eresoinkakoa izan zen... Hori bukatu zen alemanak Frantzian sartu zirenean; gero, kantatzen segitu zuen, baina utzi behar hori ere; ezin zuen muga pasatu… Bizitza gogorra. Nire gogoan gelditzen zirenetan oinarrituta hasi nuen liburua. Adibidez, amak kontatutakoetan.

Kontalaria zen?

Bai! Amak asko hitz egiten zuen, eta maite zuen gauzak kontatzea. Orain dela hamabi urte hil zen, 96 urterekin. Hark kontatuta dakit aitak Bilbotik atera zen azken barkua hartu zuela 1937an. Ama, berriz, Uztaritzekoa zen. Opor guztietan Uztaritzera bidaltzen gintuen. Ia jaiotzetik egin dut Paris–Baiona eta Baiona–Uztaritze joan-etorria. Ama erizaina zen SNCFn [Frantziako tren zerbitzua], eta bidaiak debalde genituen.

Gauza asko nekizkien amaren historiaz, baina aitari buruz ikerketa oso handia egin dut. Niretzat ez da nostalgia: niretzat kontzientzia izatea da. Nondik gatozen jakitea oso garrantzitsua da niretzat. Gainera, gerlan erbesteratu zirenen artean, badaude famatuak izan direnak. Adibidez, [erbesteko Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde Xabier] Landaburu zena. Aipatzen dut, txikitatik Euskal Etxean egon ginelako Gorkarekin —oraindik ere laguna da— eta Itziarrekin —lagun handi-handia izan zen—. Jende hori eta gehiago liburuetan daude, artikuluetan, dokumentaletan… Baina beste errefuxiatu horiek guztiak ez dira ezagutzen, eta bizitza oso interesgarria eduki dute haiek ere.

«Aitari buruz ikerketa oso handia egin dut. Niretzat ez da nostalgia: niretzat kontzientzia izatea da»

Eresoinkari esker zaude zu hemen, ezta?

Eresoinkako argazkiei begiratuz konturatu nintzen ama Eresoinkako talde argazki batean zegoela, Chateau Belloyn, Paris ondoko Saint-Germain-en-Layen. Amatxiren etxean, Uztaritzen, Bergarako Azkarate familia errefuxiatu zen, eta alaba bat, Anita Azkarate, lagun handia zuen amak. Eresoinkakoa zen. Hura, nire aita, Karmele Urresti —Kirmen Uriberen liburukoa eta Asier Altunaren filmekoa—, Pepita Enbil —Placido Domingoren ama—, eta beste asko. Ama laguna ikustera joango zen Chateau Belloyra, eta han ezagutuko zuen nire aita... Denak ziren kantariak, baina ama ez. Askotan galdetzen diot neure buruari aita zergatik ez zen joan Venezuelara… Eresoinkako asko joan ziren. Anita bera, Eresoinkako beste batekin. Ezkontza pila bat izan ziren Eresoinkan! Bai horixe.

Eta oso garrantzitsua izan zen, gainera.

Konturatzen naiz aitaren bizitzan eta haren kideenean Eresoinka ikaragarrizko esperientzia izan zela. Alaitasun momentu ikaragarria izan zen. Aitaren pasio bat zen kantua, baina 1950ean utzi zuen, ni jaio eta hiru urtera.

Asko erromantizatu da Montmartre, baina zuen auzoa zen! Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?

Montmartren, 35 metro koadroko pisu txiki-txiki batean bizi ginen, gurasoak, bi ahizpa eta ni. Oso etxe irekia zen, eta oroitzapen ederrak ditut. Gure etxea Abbesses, Pigalle eta Place du Tertreren artean zegoen.

Pintoreak, kabaretak... Dena inguruan.

Dena. Batzuetan kostatzen zait sinistea hor pasatu ditudala 24 urte. Euskal Etxera joateko, metroa hartzen genuen Abbessesen edo Pigallen, eta Pigalletik bueltan kale guztian izaten ziren trabestiak, prostituzioa... Pigalleko izkina bateko taberna batean, berriz, jazza. Guretzat normala zen!

1967ko irailean hasi zinen Nanterreko unibertsitatean ikasten. Ez zenuen garai txarra aukeratu...

Hura zen Montmartreko gazteen unibertsitatea. Nik asko maite nuen ingelesa, eta Ingeles lizentzia egitera joan nintzen; nire ahizpa Kattalin urte berean hasi zen. Berehala nabaritu genuen giroa: Nanterren hasi zen 68ko Maiatzeko iskanbila guztia! Otsailean hasi zen iskanbila, apirilean itxi egin zuten unibertsitatea, maiatzean beste unibertsitate guztiak, manifestazio guztiak... Niretzat oso garai fuertea izan zen, oso interesgarria. Maiatzean ez zegoen autorik, eta kilometroak egiten genituen oinez Parisen manifestazioetara joateko.

68ko Maiatza zer izan zen zuretzat?

Bat-batean, askatasun handia. Asko pentsatu dut horretaz: ez zen mugimendu feminista bat izan. Nik feminismoa Euskal Herrian bizi izan nuen, ez Parisen. Frantzian asko desberdintzen dira tu eta vous, hi eta zu. Maiatz hartan jende guztia tu-ka hasi zen, kalean elkarri hitz egiten, eta ibiltzen hasi ginen. Giro oso berezia zegoen. Auzo Latinoan, manifestatzera joaten zinenean, polizia asko egoten zen. Kale guztiak altxatzen ziren... Nik oroitzapen ikaragarriak ditut.

«1968ko maiatzean jende guztia tu-ka hasi zen, kalean elkarri hitz egiten, eta ibiltzen hasi ginen. Giro oso berezia zegoen»

Unibertsitatea utzi, eta irakasle lanetan hasi zinen.

Bai. Irakasle berri asko hartu zituzten garai hartan, ni tartean. Irakasle titulua ere atera, eta Freinet pedagogiarekin zaletu nintzen. Bizitza osoan erabili dut. Donostiako Lizeo Frantsesean ere jarraitu nion Freinet pedagogiari.

Zeintzuk dira haren oinarriak?

Adibidez, hizkuntza umeek idazten dutenarekin lantzen duzu. Testu libreak lantzen dira. Historia, geografia eta zientzia lantzeko, adibidez, umeek prestatzen dituzte gaiak; programari jarraituta, noski. Sumendiei buruz, Luis XIV.ari buruz... Eta klaseko giroa: ostiraletan klaseko kontseilua egiten genuen, eta astean zehar horma batean umeek idazten zuten zertaz hitz egin nahi zuten ostiralean. Gatazkak badaude, ez da komeni berotan konpontzea; orduan, ostiralean saiatzen ginen konpontzen. Liburutegi bat ere ireki genuen.

(ID_15383011) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-10-03, Donostia. Miren Garmendia Etxenike frantses irakaslea eta militante feminista
Miren Garmendia Etxenike, 'La valise d'Aita' liburuarekin. ANDONI CANELLADA / FOKU
1971n etorri zinen Euskal Herrira, 24 urterekin. Zergatik?

Bi urte lehenago, Euskal Etxean jakin genuen Hegoaldean ikastaro intentsibo bat egongo zela Urretxun euskara ikasteko.

Zuk ez zenekien.

Batere ez. Hitz batzuk, eta kantu asko. Txikitatik asko abestu genuen aitarekin, eta Euskal Etxeko Gernika abesbatzan ere abesten genuen. Sei lagun etorri ginen Paristik; Patxi Altuna ezagunak antolatu zuen ikastaroa, eta bost astean zortzi orduko klase egunak izan genituen. Motibazio ikaragarria nuen. Parisen euskaldunak ginen, eta Euskal Herrian, paristarrak. Beti sentitu dut ipurdia bi aulkiren artean dudala. 1970ean mutil laguna neukan ja, Gernika abesbatzan ezagututakoa: Donato Unanue. 1971n erabaki nuen hona etortzea, Donato hemen zegoen eta. Ordurako lana topatu nuen Lizeo Frantsesean. Nire amaren diskurtsoa hau zen: «Senarra eduki baino lehenago, independentzia ekonomikoa eta lana». 1918an jaio zen, e! Mentalitate hori zeukan. Segitu nuen euskara ikasten, hitz egiteko gai izan arte. Pentsa, nire semea hiru urte geroago jaio zen, 1974an, eta erabaki nuen harekin euskaraz egitea. Muturra, e! Gure hizkuntza euskara da. 1978an dibortziatu nintzen, Harkaitzek 4 urte zituela, baina banekien Donostian geldituko nintzela.

Eta mugimendu feministan sartu zinen hasieratik.

Donostiako Mugimendu Feministaren lehen urteen kronika (1976-1982) idatzi nuen gerora, Carmen Diezekin eta Begoña Gorosperekin. Sei urteko lana. Nola izan zen dena? Emakume asko lanean ziren, eta haurtzaindegi bat antolatu genuen pisuetan. Haurdun nintzenean hasi ziren haiek antolatzen, eta, lanean hasi nintzenean, semea hor jarri genuen. Gainera, Jakintza eskolan ez zegoen jangelarik, eta sistema bat antolatu genuen bost lagunen artean: egunero etxe desberdin batean bazkaltzen zuten bost umek. Gerora zabaldu zuten jangela.

«Bidaiak antolatzen genituen bestaldera abortatzera joateko. Nik bidaia asko egin dut larunbatetan, bi edo hiru emakumerekin, Baionako Planning-era»

Kontziliazioaren aldeko borrokarekin hasi zineten, beraz.

Horixe. Dibortziatuta nengoen ja. Ni, eta gehienak; ezagutzen nituen. 1976ko apirilean, Karmele Albizuk esan zidan asanblada feminista bat egingo zela San Bartolomen. Denak joan ginen, eta hor hasi ginen jo eta ke. Asanblada horietatik batzordeak atera ziren. Euskal Emakumeak Borrokan batzordean egon ginen gu. Euskarari ere garrantzia ematen genion; nazionalistagoa zen. Hamabi-hamabost emakume ginen, eta gehienek ez zekiten euskaraz. Gaztelaniaz egiten genituen bilerak, eta erabakita zegoen ez zekitenek euskara ikasi beharko zutela; pare batek ez zuten sekula ikasi... [barrez] Euskal Emakumeak Borrokan bi urtekoa izan zen, baina beste batzorde batzuk ere egon ziren. Hezkidetzakoan egon nintzen beste irakasle batzuekin. Eta abortuari buruzkoa ere egon zen, eta oso garrantzitsua izan zen.

Abortatzea legez kanpokoa zen oraindik.

Nire etxean biltzen ginen, eta oso batzorde indartsua izan zen. Gipuzkoa osoan ematen genituen hitzaldiak sexuari eta abortuari buruz. Bidaiak antolatzen genituen bestaldera [Ipar Euskal Herrira] abortatzera joateko. Nik bidaia asko egin dut larunbatetan, bi edo hiru emakumerekin, Baionako Planning-era. Buru-belarri sartuta nengoen feminismoan, eta jardunaldi bat antolatu genuen UEUn, joan ginen kongresuetara Granadara, Bartzelonara, Madrilera...

Eta Leioako jardunaldi ezagunetara ere bai, 1977an.

Noski, Leioara. Borrokan-en nintzen ja, eta hezkidetzari buruzko txosten bat aurkeztu nuen. Hori ikaragarria izan zen: 3.000 emakume ginen, e! Leioatik sortu zen Gipuzkoako asanblada, eta Euskadikoa. Niretzat sei urte izan ziren, baina oso indartsuak. Gero, utzi egin nuen; lan egiten nuen, eta Psikologia ikasi nuen, gaueko klaseetan. Lizeoa utzi nahi nuen, eta nire psikologia kontsulta ireki. Hasi nintzen gauetan kontsulta bat irekitzen, baina Harkaitzek ja unibertsitatera sartu behar zuen... Psikologian ikasten duzu errealitatearen printzipioa zer den, eta lizeoan gelditu nintzen. Eta ez naiz inoiz damutu.

«Aitarentzako omenaldi bat da liburu hori, eta amarentzakoa ere bai. Aita eta ama oso bizirik sentitzen ditut»

Erretiroa hartu eta gero, Done Jakue bidea?

Eta Larryrekin egin nuen topo! Amerikarrarekin.

Hura da zure bikotekidea.

Hogei urte daramatzagu batera. Nik aspalditik nuen bidea egiteko asmoa. Erronka bat zen. Baina niri gustatzen zaidana mendia da. Zazpi aldiz joan naiz Himalaiara... Mendia. Bidea egitera joan nintzenean, nahiko gaizki nintzen... Harreman oso gogor bat moztu nuen, eta ideia honekin joan nintzen: «Bueno, Miren, bakarrik zahartuko zara». Eta bakarrik ondo nengoen... baina amerikarra aurkitu nuen! Orduan, hara gonbidatu ninduen. Hogei urte daramatza liburuen inguruko taldeak gidatzen. Horri buruz hitz egin nuen hemen batzuekin, eta esan zidaten hori bera egin behar genukeela, baina frantses literaturarekin. Orain dela hamazazpi urte hasi nintzen irakurle taldearekin, eta jarraitzen dugu. Pedagogiari, psikologiari eta linguistikari buruz asko irakurri dut, baina ez neukan denborarik literaturarako. Orduan, orain buru-belarri nabil.

Eta La valise d’Aita liburuarekin ere bai.

35 urte pasatu ditut liburu horretan pentsatzen, eta bost urte idazten. Ez nuen lortzen idazten hastea, eta pandemian hasi nintzen. Paper pila bat neukan, kaierak, apunteak... Pandemiaren lehen astean dena jaso, eta hasi nintzen. Aitarentzako omenaldi bat da liburu hori, eta amarentzakoa ere bai. Aita eta ama oso bizirik sentitzen ditut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.