Sansebastianak Tafallan

Parte hartzea sustatuz

Herriko dantza taldeak 50 urte bete ditu; Aguazon peñak, berriz, 75 urte. Gaur eguerdian, hain zuzen, bi taldeek emanen diete hasiera jaiei

Iruñea
2016ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Txupinazoaren eguna festen hasiera hutsa zen lehen, baina egunik garrantzitsuenetako bat da orain. Hala adierazi du Tafallako (Nafarroa) zinegotzi Haizea Lizarbek (EH Bildu). «Egunez ekitaldi asko ez izan arren, goizean goiz hamaiketakoa jatera ateratzen gara denok; herria parrilaz betetzen da, eta sekulako giroa egoten da», azaldu du zinegotziak. Gaur,12:00etan jaurtiko dute suziria herriko dantzariek eta Aguazon peñako kideek —herriko peñarik zaharrena da Aguazon—. Aurten, herriko dantza taldeak 50. urteurrena ospatuko du, eta peñak, 75. urteurrena. Bi taldeei omenaldia egin nahian, festei hasiera emateko ardura eman die herriko jai-batzordeak.

Estreinako eguneko unerik hunkigarriena 20:00etan izaten da herritar askorentzat: TafallakoSalberen igoera, hain zuzen ere. Jasokundearen Ama Birjinari egiten zaion omenaldia da; udaleko ordezkariek udaletxetik SantaMaria elizara eramaten dute Ama Birjina, herritarrak lagun dituztela. Tafallako abesbatzak Hilarion Eslavaren La Salve abestia kantatzen du ekitaldi horretan. La Tafallesa musika taldea ere han izan ohi da, ¡Viva Tafalla! abestiaren notekin, ekitaldia suspertuz. Iaz, ekitaldiak bi ordu eta erdi inguru iraun zuen.

«Tafallako festak egun osokoak dira, oso alaiak; egun osoan musika entzuten egoten ahal zaren horietakoak» dio Lizarbek. «Gure jaiek auzo elkartasuna sustatu behar dute, bizipoza kutsatu, eta mundu hobe baterako itxaropena piztu», adierazi du Tafallako alkate Arturo Goldarazenak. «Gure asmoa da jendeak festetan ahalik eta gehiena parte hartzea», esan du Lizarbek, eta nabarmendu festa parte hartzaileak helburu dituztela. Bidenabar, festen antolakuntzan aritzen diren peña, kolektibo eta elkarteen lana eskertu du: «Peñek eta txosnetako kideek sekulako lana egiten dute, eta jotariak, txistulariak eta abesbatza egunero dabiltza han-hemen, beren borondatez; eskertzekoa da zer parte hartzailea den herriko jendea». Goldarazenak azpimarratu du, halaber, jaietako arima direla udal banda, txarangak, abesbatza, musikariak, txistulariak, gaiteroak, jota abeslariak eta dantzariak.

Aurtengo berrikuntzen artean, 9 eta 13 urte bitarteko gazteentzako jarduerak antolatu dituzte. Uste zuten, izan ere, orain arte urria zela adin tarte horretako neska-mutilentzako eskaintza. Horri konponbidea eman nahi izan diote, eta pankarta lehiaketa eta Grand Prix-a antolatu dituzte aurten. Zezenketetara biltzen ez direnentzat, eskaintza zabaldu dute: aurten, kontzertuak eta elektrotxaranga izanen dituzte. Horrez gain, iaz kaleko antzerkiak partaide gutxi izan zituenez, swing ikastaroa antolatu dute, bai eta kaleko arte ikastaro bat ere.

Urte askoan dihardute txistularien alardea, pilota partida profesionalak eta entzierroak antolatzen. Bereziki arrakastatsuak dira alardea eta entzierroak. Horiek ikustera herritar asko bildu ohi da, bai eta Tafallatik kanpotik datozen bisitari ugari ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.