Pasaiara itzuliko da

Paco Rabanneri buruzko erakusketa zabalduko dute Pasaian uztail amaieran. Pasaiako herria eta jostunaren bizitza uztartuko ditu guneak

Hainbat lagunek parte hartu dute erakusketa osatzeko lanetan. A. CANELLADA / ARP.
Kerman Garralda Zubimendi.
Pasaia
2017ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Paco Rabanne jostuna Pasaian (Gipuzkoa) jaio zen 1934. urtean. Oraindik haurra zela, Euskal Herria utzi, eta erbestera alde egin behar izan zuen, baina, halere, sekula ez du galdulotura bere jaioterriarekin. Orain, herrikideek haren bizitza omendu nahi dute, eta, horretarako, Pasaia Rabanne, imajinarioaren arrazoiak erakusketa zabalduko dute hilaren 28an.

Erakusketa hori, ordea, Rabanneren jantziak ikusgai jartzea baino gehiago izango da: instalazioek, Pasaiako herria eta haren bizitza uztartuz, Rabannek denboran egindako bidaia emozional eta espirituala irudikatuko dute.

36ko gerragatik, Rabaneda Cuervo sendiak Pasaiatik ihes egin behar izan zuen, Rabannek bost urte zituenean. Bretainian babestu ziren. Toki seguruan, gerrak eragindako tentsioak askatzean, bidaia astral bat izan zuen, eta orduan hasi zen garatzen gaur egun den artista hori.

«Guretzat, oso garrantzitsua zen proiektuak izaera sozial eta erreibindikatzailea izatea, eta errefuxiatuen gatazkaren eta artearen arteko lotura erakustea», dio Enrique Santiago erakusketaren zuzendariak. Horregatik, errefuxiatu talde batek parte hartze zuzena izan du erakusketan.

Pasaia Rabanne, imajinarioaren arrazoiak erakusketak Rabanneren bizitza jaso nahi du haren irudia goraipatzeko. Horregatik, Pasaiako Ciriza eraikina hamar ataletan banatu dute antolatzaileek, dekonstrukziotik abiatuta, Rabannek bere marka nola eraiki duen islatzeko.

Dekonstrukziotik eraikia

Gerrak suntsitutako eraikin bat ikus daiteke lehen instalazioan, «emozionalki, gune triste eta larri batetik zati lasaiago baterako urratsa»; bigarrengoan, Santiagoren hitzetan, Rabannek Pasaiara eginiko bisitak, bere desfileak eta hari buruzko albisteak. «Bisitariak Rabanneren jantzietako baten barruan dagoela sentituko du».

Erakusketarekin Rabanne ilusioz gainezka dagoela esan dute antolatzaileek. Halere, osasunez makal dagoelako, ez dakite inaguraziora etortzerik izango duen.

'Pasaia Rabanne, imajinarioaren arrazoiak'

Uztailaren 28tik aurrera, Pasaian (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.