Pilotan jolastu, ez jokatu

Bainet enpresak euskal pilotari buruzko lehen bideo jokoa kaleratu du asteon, eta Android eta Apple sistema eragileetan eskura daiteke.

Urrutikoetxea eta Merino II.a pilotariak, Frontón bideo jokoarekin jolasean. MONIKA DEL VALLE/ARGAZKI PRESS.
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Bilbo
2014ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Gure herrian oso ongi ezberdintzen da zer den jokatzea eta zer den jolastea. Gure konpetentzia grinak bultzatuta, pilotan beti jokatu egin dugu, ez dugu jolasteko betarik izan. Dena den, badirudi orain jolasteko aukera izango dela, entretenimendu gisa, besterik gabe», azaldu du Josetxo Lizartza Frontón pilota saioko aurkezleak pilotari buruzko bideo jokoa aurkezteko orduan.

Euskal pilotari buruzko jokoa aurkeztu du Bainet enpresak, Frontón izenarekin. Bideo jokoaren aurkezpenean, Bilboko NH Villa de Bilbao hotelean, momentuko pilotaririk onenetakoak batu zituzten, Aimar Olaizola eta Juan Martinez Irujo tartean zeudela.

«Kirol hau unibertsalizatzeko ahalegina egin dugu, horizontea zabaltzeko ahalegina», azaldu zuen aurkezpenean Eduardo Alduna Baineteko zuzendariak. Pulsar Concept enpresak eraman du aurrera duela urte eta erdi martxan jarritako egitasmoa. Eduardo Aldunarena berarena izan zen ideia, eta Pulsar Concept enpresarekin jarri zen harremanetan.

Orduantxe hasi zen lanik mardulena. Izan ere, «erronkarik handiena inolako erreferentziarik ez geneukan kirol baten inguruan bideo joko bat egitea izan zen», azaldu du Jon Martinezek, Pulsar Concepteko zuzendariak. Lana ahalik eta hoberen egiteko asmoz, beste kirol batzuetan bilatu behar izan zituzten erreferentziak; tenisean, batez ere.

Aurkezpenean, jokalari bakoitzaren aurpegi digitala agertu zenean entzun ziren barreak. «Bateren batek ez dio antz handirik aurkitzen bere aurpegiari, baina tira!», azaldu zuen Ruben Beloki pilotari ohi eta bideo jokorako aukeratutako aholkulariak. Euskal Herriko, Espainiako eta Kataluniako zazpi frontoi aukeratu dituzte jokorako.

Olaizola II.a, Martinez de Irujo, Beroiz, Urrutikoetxea, Merino II.a, Jaunarena, Bengoetxea, Barriola, Albisu eta Xala pilotariak aukeratu ahal izango ditu erabiltzaileak bideo jokoan; bakoitzak dituen ezaugarriek jokoaren programatzaileen lana zaildu dute. «Aireko jokaldiak, bi paretak, sake luzeak... balio ez duen gauza bakarra bi bote ematea da», adierazi zuen Belokik.

Aurkezpen ekitaldia amaitutakoan, pilotariek bideo jokoa probatzeko aukera izan zuten. Lehenik, Urrutikoetxeak eta Merino II.ak egin zuten erakustaldia. Baina, gutxinaka, beste pilotariak bildu zitzaizkien, Martinez de Irujo tarteko, eskuetan zituzten tabletak eskatu eta haiek ere beren fikziozko pertsonaiekin partida azkar bat jokatzeko.

Aurkezpena orain egin dute, baina jokoaren demostrazioa duela hilabete batzuk aurkeztu zuten, Bilbon egin zen bideo jokoen jaialdian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bideo jokorik onenen sailean finalista izan zen, baina hori baino garrantzitsuagoa iruditu zitzaion erabiltzaileen iritzia Pulsar Concepteko zuzendariari. «Lehia asko ikusi nituen gazteen eta ez hain gazteen artean».

Jokoa sakelako telefono eta tabletetarako dago erabiltzeko moduan, eta Apple eta Android sistemetan deskargatu ahalko da. Doakoa eta euskaraz ere deskarga daiteke. Jokatu ordez, pilotan jolasteko aukera du hala nahi duenak, bai frontoian eta baita telefonoan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.