Beste marka bat gainditu du Pirotecnia Valencianak Donostian. Lehen aldiz, su etxe berak lau aldiz jarraian irabazi du Urrezko Maskorra. Valentziako (Herrialde Katalanak) su etxearena izan da Donostiako 61. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketako bildumarik onena Epaimahai Ofizialarentzat.
Pirotecnia Valencianak asteazkenean —abuztuaren 12an— eskaini zuen su artifizialen bilduma. Epaimahai Ofizialaren saria jasotzeaz gain, Gazteen Epaimahaiak ere Valentziako su etxeari eman dio garaikurra. Bi epaimahaiek aho batez saritu dute Pirotecnia Valencianaren emanaldia.
Gaur eguerdian egin dute sariak emateko ekitaldia, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Urrezko Maskorra jasotzea «ohore» bat da Maria Jose Negrilo Pirotecnia Valencianako ordezkariarentzat: «Pirotecnia Valencianaren talde osoari eskaintzen diogu saria, suak zerura jaurtitzeko egindako ahaleginagatik».
Bigarren saria Pirotecnia Alpujarreña (Granada, Espainia) su etxeak eskuratu du, eta hirugarrena, Xena Pyrotechnics (Herbehereak) su etxeak. Espainiarrek abuztuaren 8an egin zuten emanaldia, eta herbeheretarrek, egun bat geroago.Â
Donostiako 61. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketan parte hartu duten beste su etxeak Phoenix Fireworks (Erresuma Batua), Pirotecnia Tamarit (Valentzia, Herrialde Katalanak), Vaccaluzzo (Italia) eta Pirotecnia Gironina (Valentzia, Herrialde Katalanak) izan dira. Gaur, ordea, Arabako Valecea su etxeak emango du su artifizialen bilduma musikatua, lehiaketatik kanpo.
Vaccaluzzo, kanporatuta
Aurtengo lehia ez da zazpi su etxeren arteko izan, Vaccaluzzo su etxea Donostiako Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketatik kanpo geratu baitzen. Italiako su etxeak ostegunean erakutsi zuen su artifizialen bilduma Kontxako badian, baina ez zen araututako hamabost minutuetara iritsi.
Kronometratze ofizialaren arabera, Vaccaluzzoren emanaldiak 12 minutu eta 53 segundo iraun zuen. Hori dela eta, Donostia Festak elkarteak kanporatu egin zuen Italiako su etxea, eta ezin izango ditu Epaimahai Ofizialaren, Epaimahai Gaztearen eta Herri Epaimahaiaren sariak irabazi.
Donostia Festak-ek prentsaurrekoa eman zuen atzo, Italiako su etxea lehiaketatik kanpo uzteko erabakia azaltzeko. Elkarteak azaldu zuen ostegun gauean jakinarazi ziola erabakia Vaccaluzzo su etxeari, eta «kirol legez baina etsipen handiz» hartu zutela haiek.
Hala ere, Donostia Festak-ek azpimarratu zuen Italiako su etxea lehiaketatik kanpo geratzeak ez ziola «inolako baliorik kentzen» ostegunean aurkeztutako bildumari: «Italiako estilo peto-petoko ikuskizuna izan zen, bertaratutako publikoak gogo handiz hartu zuen, eta koloreen konbinazioagatik, tokiaren erabileragatik, soinuagatik, erritmoagatik eta konposizioaren dotoreziagatik nabarmendu zen».
Erabaki hori hartu behar izana deitoratu zuen Donostia Festak-ek, eta Vaccaluzzori «ateak ireki» zizkion etorkizunean Donostiako Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketan berriro parte har zezan.