Pixaren kolorearen misterioa

Orain arte, misterio bat zen pixaren kolorea zerk eragiten duen. AEBetako ikertzaile talde baten arabera, ‘bilirubina reduktasa’ entziman dago kolore horiaren jatorria.

(MANNEKEN PIS ITURRIA) (/BERRIA)
Manneken Pis iturria, Bruselako (Belgika) erdigunean. Pixa egiten ari den ume bat irudikatzen du. BERRIA
itsaso jauregi 2
2024ko urtarrilaren 19a
05:00
Entzun

Testu mediko zaharretan pixa aipatzen da gaixotasunak diagnostikatzeko metodo gisa: gernuaren kantitatea, kolorea, trinkotasuna eta zaporea ere agertzen dira apunte medikoetan. Pixaren kolorea zen medikuek pazienteak diagnostikatzeko erabiltzen zituzten pista nagusietako bat, eta medikuntza modernoan oraindik ere erabiltzen da gaixotasunak antzemateko. Hala ere, bazen misterio bat, orain arte erabat argitu gabea: zergatik da pixa horia? AEBetako Marylandeko Unibertsitateko lantalde batek topatu du erantzuna: Bilirubina reduktasa izeneko entzimaren eragina da.

Gernuaren tonalitate horixkaren fenomenoa argitzeko azalpen zientifikorik ez da izan luzaroan, nahiz eta gizaki gehienen egunerokoan presente dagoen ezaugarri biologikoa den. Marylandeko Unibertsitateko ikerlariek, hutsune hori betetzeko asmoz, urobilina pigmentua ikertu zuten. Irene Sarrias NUPeko Medikuntza ikasleak azaldu duenez, urobilina zen hori kolorearen eragile ezagun bakarra: «Globulu gorriak zatitu egiten dira zahartzean, eta, aldi berean, hemoglobina askatzen dute. Hemoglobina hori bereizten denean sortzen da urobilina pigmentu horixka». Globulu gorriak deskonposatu eta sei hilabete iragatean, hori-laranja koloreko pigmentua sortzen da.

Hala ere, urobilinaren atzean dagoen bilirubina reduktasa entzima, kolore horiaren jatorria, ezezaguna zen. Bilirrubina substantzia horixka bat da, globulu gorri zaharrak deskonposatzean sortzen dena. Entzima behazunean dago, gibelak elikagaiak digeritzeko jariatutako likidoan. Jesus Jimenez urologoak eman ditu xehetasunak: «Urobilina duela 125 urte baino gehiago identifikatu zen arren gernuaren pigmentu hori gisa, hura ekoizten duen entzima misteriotzat hartzen zen; orain arte. Marylandeko Unibertsitateko ikertzaileek identifikatu egin baitute gernuari tonu horia ematen dion entzima». 

Ikerketa lanean azaltzen den bezala, hesteetako mikrobioek bilirrubina reduktasa entzima kodetzen dute, eta bilirrubina urobilinogeno bihurtu –kolorerik gabeko produktu bat da–. Urobilinogenoa degradatu egiten da pixkanaka-pixkanaka urobilina izeneko molekulan, kolore horiaren erantzule ezagunean, hain zuzen ere. «Prozesu hori gibelean gertatzen da, eta, horri esker, aukera dago bilirrubina behazunaren bitartez kanporatzeko», azaldu du Sarriasek.

Aurkikuntza gehiago

Pixaren kolore horiaren jatorria argitzeko ez ezik, entzima aurkitu izana lagungarria izan daiteke ikterizian eta hesteetako eritasunetan gehiago sakontzeko ere. Jimenezen arabera, bilirrubina hesteetan sakabanatzen denean, gerta liteke odol fluxuak gehiegi xurgatzea, eta horrek ikterizia sor dezake: «Gehiegi xurgatuz gero, baliteke odolean bilirrubina pilatzea eta ikterizia eragitea: gaitz horren ondorioz, larruazala eta begiak horitu egiten dira. Izan ere, hesteetan dagoenean, mikroorganismoek bilirrubina har dezakete, eta bestelako molekula bihurtu». Entzima identifikatu dutenez, ikerlariak gai izango dira aztertzeko hesteetako bakterioek nola eragiten dioten zenbait gaixotasuni, besteak beste ikteriziari.

Marylandeko Unibertsitateko ikerlarien arabera, baliteke identifikatu berri duten entzima erlazionatuta egotea beste gaixotasun batzuekin ere, hala nola alergiekin, artritisarekin eta psoriasiarekin. Beraz, entzima horri esker, eritasun horien jatorria zein den ere ikertuko dute. «Entzimaren inguruan gehiago ikertzen badute, baieztatu ahal izango dugu bilirrubina funtsezkoa dela osasunari dagozkion beste hainbat ataletan», azaldu du Jimenezek.

Pixa beltza

Normalean, pixaren kolorea hori argia edo gardena izan ohi da, baina hainbat faktoreren ondorioz alda daiteke, hidratazioaren ondorioz, adibidez. Gernuaren kolorea hori iluna bada, hidratazio faltaren seinale izan daiteke, gorputzak ez duelako behar adina ur jasotzen. Gorputzak ez duenez likido nahikorik hondakinak kanporatzeko, giltzurrunetan pilatzen dira; horren ondorioz, pixaren kolorea ilundu egiten da.

Giltzurrun sistemak odolean dabiltzan hondakinak ezabatzen ditu, eta, prozesu hori ez bada egokia, konposatu toxikoak pilatu egiten dira, eta patologia oso larriak eragiten dituzte. Pixaren kolore iluna patologia larri horien seinale izan daiteke. Alarmak kolore beltza du La sociedad de la nieve filmean. Pelikulako eszena batean, pertsonaietako bat larritu egiten da bere pixa beltza delako. Kolorea aldatzeak zerikusia du bizi izan zuten muturreko egoerarekin: hegazkin istripu larri baten ondorioz, 72 egun pasatu zituzten ia 4.000 metroan, baliabiderik gabe, erreskatatu zituzten arte. Hiru arrazoi daude pixak kolore beltza hartzearen atzean: giharretako lesioak, muskuluen degradazioa eta deshidratazioa. Azkenekoa nabarmendu nahi izan du Jimenezek: «Gorputzak ur gutxi duenean, deshidratatu egiten gara; ur gutxiago kanporatzen da, eta, horregatik, pixa ilunagoa da. Deshidratatuta egonez gero, beste sintoma batzuk ere agertzen dira: hala nola ahoa eta ezpainak lehortu, eta zorabioak izaten dira».

Pixaren kolorea interpretatzeko gaitasuna garatu behar dela esan du Sarriasek: «Oinarrizko seinale batzuk identifikatzen jakin beharko genuke, aldaketa nabarmenen bat izanez gero medikuarengana joateko lehenbailehen».

(Pixaren kolorea nola interpretatu) (/BERRIA)
Pixaren kolorea nola interpretatu / BERRIA

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.