Ezarian. Zientzia

Planetak, lehen planoan

Eguzki sistemako astroei argazki ezin hobeak ateratzeko kamera bat garatu nahi dute EHUko Planetcam proiektuan; argi infragorria nola baliatu, hori da egitasmoaren erronka nagusia.

Agustin Sanchez Lavega EHUko ikerlaria, sortu duten kamerarekin. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Amaia Portugal.
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Udako egun batean errepidean zaudenean, eguzkiak gogor jotzen badu, horizontera begiratu eta asfaltoa bor-bor ikusten duzu, mugitzen. Ba horixe bera gertatzen zaigu atmosferarekin, teleskopiotik erreparatzen diogunean», azaldu du Agustin Sanchez Lavega EHUko Planeta Zientzien Ikerketa Taldeko buruak. Tenperatura aldaketak, haizea, turbulentziak… halako fenomenoen ondorioz gertatzen da efektu hori astroetan ere. Arazo horri aurre egiteko sortu dute Planetcam egitasmoa.

Sanchez Lavegaren taldeak IDOM ingeniaritza enpresarekin elkarlanean abiarazitako proiektua da Planetcam, eta teleskopio bati atxikiz gero eguzki sistemako elementuen argazki ezin garbiagoak aterako dituen kamera garatzea dute helburu. Bide onetik doaz, dagoeneko Jupiter eta Saturnoren irudi eder askoak ateratzeko gai direla erakutsi baitute. Hala ere, gailua are apartagoa izango da, hastear diren bigarren fasea burutzen dutenean: kamera infragorri bat txertatuko diote. Horixe da berrikuntza nagusia, eta hor dago koska.

Neurri handi batean, ikerketa taldearen beharrei erantzuteko jarri zuten martxan proiektua. «Konturatu ginen behatokietan ez zegoela tresneria espezifikorik, eguzki sisteman gertaera garrantzitsu bat dagoenean, guk behatu nahi dugun hori zehatz aztertzeko. Hau da, beste planeten atmosfera, inpaktu bat gertatuz gero horrek uzten duen arrastoa… Arazo horrekin egin genuen topo», esan du Sanchez Lavegak.

Astronomia zaleak aspaldi hasi ziren planetak bideokamera arruntekin filmatzen, eta horixe izan da Planetcam proiektuaren abiapuntuetako bat, 2011n ideia garatzen hasi zirenetik. «Abiadura handiko kamera batekin filmatzen ari gara; segundoko ehun argazki atera ditzake. Bereizmen handia du, eta garbitasun aparta daukagu, beraz. Baina, horretarako, filmatu eta gero fotogramak banan-banan hartu behar ditugu, eta bata bestearen gainean jarri, atmosferan ikusten den mugimendu hori saihesteko. Argazkiak atmosfera aldatzen den abiadura berean hartu ditugunez, fotogramak banaka hartu ahal izan ditugu», azaldu du ikertzaileak.Hala, ekainetik hona, bi saio egin dituzte oraindik garatzen ari diren kamerarekin; Okzitaniako Pic du Midi eta Espainiako (Almeria) Calar Alto behatokietako teleskopioetan, hain zuzen. Bertan atera dituzte zenbait biltzarretan aurkezten ari diren Jupiter eta Saturnoren irudiak. Gainera, urtea bukatu aurretik, beste bi saio egingo dituzte behatoki horietan: «Jupiter eta Saturno oso urruti zeuden argazkiak egin genituenean; ez zen erraza horiei behatzea, eta, hala ere, irudiek kalitate ona dute. Orain, batez ere abenduan Almerian egingo dugun saioan, oso argazki onak lor ditzakegu, Jupiter ezin gertuago dagoelako».

Dena dela, hori guztia proiektuaren lehen fasea besterik ez da. Izan ere, ikus daitekeen zatiarekin lan egin dute orain arte; detektagailu oso sentikorra duen abiadura handiko kameraren bidez, puntako bereizmena duten argazkiak ateratzen. Baina, ondo bidean, Planetcamek kamera bikoitza izango du laster: agerian dagoena filmatzen duen hori, batetik, eta argi izpi infragorriak detektatutako dituena, bestetik. Horixe da, hain zuzen, egitasmo honen berrikuntza eta erronka nagusia.

Infragorria txertatuta, gailuak nola funtzionatuko lukeen azaldu du Sanchez Lavegak: «Teleskopiotik datorren argia erdibituko lukeen ispilua jarriko genuke, irudi agerikoak eta infragorriak aldi berean hartzeko. Horrela, espektro elektromagnetikoaren bi tarte erabat desberdinetan ikusiko genituzke planetak. Eta horrek aukera emango liguke atmosferaren zenbait aspektu oso kondizio onetan aztertzeko: hodeien osagaiak, atmosferako partikulen konposizio kimikoa…».

Kamera infragorriaren garapenak zenbait zailtasun dituela azaldu du ikertzaileak. Batetik, izpi horiek harrapatzeko detektagailuak oso garestiak dira. Bestetik, infragorriarekin lan egiten denean erradiazio termikoa oso handia da, beroa metatu egiten da, eta ezinbestekoa da hori hozteko teknikaren bat garatzea. Datorren urtean ekingo diote lanari. Gainera, Oxfordeko Unibertsitateak berak interes handia agertu du egitasmoaren bigarren zati horri dagokionez: «Babesa eman digute, kamerak emango dituen emaitzak baliatu nahi dituztelako zientifikoki».

Ondo bidean, Planetcamek emango dituen irudiak eta datuak ezinhobeak izango dira. Hau da, eguzki sistemako astroei dagokienez, ez da kamera honek eskaini baino emaitza apartagorik lortzerik izango; ez Lurretik bertatik, behintzat.

Eta kontua ez da irudien garbitasuna soilik; abiadura ere oso garrantzitsua da proiektu honetan. Adibidez, harrapatzen oso zailak diren zenbait gertakari atzemateko, Sanchez Lavegak azaldu bezala: «Esaterako, hamar metroko arroka batek Jupiter jotzen duenean flash bat sortzen du, eta ikus daiteke, baina segundo bete besterik ez du irauten. Gailu honekin, segundo horretan ateratako ehun irudi izan ditzakegu, eta fenomeno horren distiraren bilakaera atera dezakegu, xehatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.