Plaza bete sagardozaleren topa

Jendetza aritu da gaur Gipuzkoako 32 sagardotegitako sagardoa dastatzen Donostian, Sagardoaren Egunean. Hernaniko Rufino sagardotegiko Javier Ansorena eta Marian Matas omendu dituzte.

Sagardozaleak, gaur, Donostiako Plaza Berrian topa egiten. MAIALEN ANDRES / FOKU
Sagardozaleak, gaur, Donostiako Plaza Berrian topa egiten. MAIALEN ANDRES / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2026ko irailaren 5a
15:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Sagardoak zale talde oso handia dauka, urte osoan aktibo egoten dena; zenbat etxetako mahaitan egongo ote diren, asteburuero, sagardo botilak mahaian. Txotx garaia izan ohi dute, hala ere, erromesaldirik garrantzitsuena, sagardotegiz sagardotegi biltzen baitira, upelen abaroan. Egun gutxi izaten dituzte, ordea, denak batu eta elkarrekin topa egiteko. Bat nabarmentzen bada, Donostian egiten duten Sagardoaren Eguna nabarmentzen da. Gaur Gipuzkoako 32 sagardotegik bere egin dituzte Plaza Berriko arkupeak, eta jendetza bildu da inguruan, kopa eskuan, izaera handiko sagardoa dastatzeko eta haren alde topa egiteko.

Maider Labakak eta Aitziber Estangak plaza soinuz eta panderoz girotzen duten bitartean, hara eta hona dabil Maite Retolaza sagardogilea, Euskal Sagardoa jatorri izenaren presidentea baita. Postu bati bereziki adi dago, ordea: bereari, Zeraingo Oiharteri. «Gurea nahiko sagardotegi berria da. Etxean beti ezagutu dugu sagardorako ohitura, baina 2010ean merkaturatu genuen uzta lehen aldiz. Ordutik etortzen gara», azaldu du.

Zehaztu du ez dutela sagardoa egiten, sagardoak baizik, eta ez edonola: «Gure sagar denak bertakoak dira: guk euskal sagardoa egiten dugu erabat». Eta goxoa dago, alajaina; hala iruditu zaie, behintzat, Alex Martinezi eta Gorka Aldazi: «Ez dugu sagardo kuttunik; postu denetatik pasatzen saiatzen gara. Eta hau ederra dago».

Aurten ere kopan zerbitzatu dute sagardoa. MAIALEN ANDRES / FOKU
Aurten ere kopan zerbitzatu dute sagardoa. MAIALEN ANDRES / FOKU

Handik gertu dabil Argoitz Otaño, Petritegi sagardotegikoa. «Urte berezia dugu hau», nabarmendu du; nola ez dute, bada, izango: bostehun urte bete ditu Astigarragako sagardotegi horrek. Euskal Herriko sagardotegi zaharrenetako bat izateak ez du esan nahi berrikuntzari muzin egiten diotenik; kontrakoa: «Sagardo naturaletik gatoz, eta, gainera, erabat ari gara dibertsifikatzen: apardunak dauzkagu, postreko sagardoak, aperitibokoak... Hogei erreferentziatik gora».

Askorako ematen baitute bai sagarrak, bai sagardoak. Maria Luisa Urra eta Begoña Martinez ama-alabek ondotxo dakite hori, urtero etortzen baitira Sagardoaren Egunera. Donostiarrak dira. Tira... «Bizitza osoa daramat hemen, baina ni Andoaingo Lizartuna baserriko alaba naiz; horregatik hartzen dut, beti-beti, Gaztañagako sagardoa. Sustraiak ez dira ahaztu behar», nabarmendu du Urrak. 

Omenaldia Rufinokoei

Eta ondo sustraituta egotea zer den norbaitek baldin badaki, Javier Ansorenak daki, Hernaniko Rufino sagardotegiko nagusiak. Erretiroa hartu berri du, eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak omendu egin ditu bai Ansorena bera, bai haren bidelagun Marian Matas. Hunkituta jaso dituzte dominak, lore sorta, aurreskua eta Aitor Mendiluzeren eta Xabat Illarregiren bertsoak. «Oso pozik» daudela aitortu du Ansorenak: «Aitortza egin diote bizi guztiko nire ogibideari. Hirugarren belaunaldia gara, eta laugarrena martxan dago. Sagardotegi batzuk itxi egin dituzte, segidarik ez daukatelako, baina gure semeak, 29 urterekin, segitzeko asmoa dauka; oso harro gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA