Plaza lepo, zintzurra freskatzeko

Donostiako Plaza Berrian jendetza ibili da Gipuzkoako 31 sagardotegitako sagardoa probatzen, giro ederrean. 38. aldiz egin dute Sagardoaren Eguna, eta Elutxeta eta Gaztañagakoak omendu dituzte.

Jendetzak egin du topa gaur Gipuzkoako sagardoaren alde. JON URBE / FOKU
Jendetzak egin du topa gaur Gipuzkoako sagardoaren alde. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2025eko irailaren 6a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostia egungo Parte Zaharra baino ez zen garaian, sagardotegi ugari zeuden hirigunean. Inguruko baserrietan ekoitzitako sagardoa kupeletan jaisten zuten Urgull mendiaren magalera, eta mokadu txukunen abaroan edan ohi zuten sagar zuku bizia. Donostia hura desagertu zen, baina sagardoa ez. Bizi-bizi dirau, eta, azken 38 urteotan bezala, Plaza Berria Gipuzkoako sagardoaren erdigune bilakatu da aurten ere.

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatuta, Sagardoaren Eguna izan dute gaur Donostiako Plaza Berrian. Gipuzkoako 31 sagardotegitako sagardogileek bere egin dituzte plazako arkupeak, eta herritar andana aritu da batera eta bestera, sagardo kopak eskuan —kopak, bai; hala edan ohi dute Sagardo Egunean— eta itzal bila. Izan ere, eguzkiak gogor jo du, eta, Plaza Berria leporaino beteta egon den arren, jende gehiena alde laiotzean bildu da. Plaza Berria zezen plaza izan zen garaian ere —balkoiek horregatik dituzte zenbakiak—, gehiago salduko ziren itzal aldeko sarrerak; zintzurra freskatzeko garaian ere, antzera aritu dira sagardozaleak.

Kopatan banatu dute sagardoa aurten ere. JON URBE / FOKU
Kopatan banatu dute sagardoa aurten ere. JON URBE / FOKU

«Eguzkiak jota, sagardoa goxoagoa da»; halaxe uste du Irati Ezkerra donostiarrak. Ciudad Realgo (Espainia) lagun bat ekarri du Plaza Berrira, euskal kultura zer den erakustera. Nahiz eta sagardoa goxoagoa zaion edalontzian, eskuan du eguneko lehen kopa, Estanga anai-arreben soinuaren eta panderoaren erritmoan murgilduta. «Giroa oso ona da, eta sagardoa ere bai. Itsu-itsuan ibiltzen gara, ahal den guztia probatzen».

Adunako (Gipuzkoa) Aburuza sagardotegikoen edaria probatzen ari dira. Han dabil buru-belarri Ibon Aburuza sagardogilea, kopak eman eta eman: «Gaur sagardoarekin etorri gara, baina aurten apardun bat ere egiten ari gara, era tradizionalean. Sagarrari etekin handia ateratzen zaio sagardogintzan, sukaldean... Sagarrak asko ematen du!».

Begiz jotzeko lekua

Emango ez du, bada. Hala uste dute, behintzat, Ibone Zubimendi eta Maddi Viana ama-alabek. Urtero-urtero izaten dira Sagardo Egunean: «Dagoeneko begiz jota dauzkagu sagardotegi batzuk, baina beti ibiltzen gara ezagutzen ez ditugunak ere probatzen».

Sagardo munduan ezagunak dira Urnietako (Gipuzkoa) Elutxeta sagardotegikoak. Urte askoren ondoren, sagardoa ekoizteari utzi berri diote, eta omendu egin dituzte. «Poza ematen du. Sagardoa egiteari utzi diogu, eta jatetxearekin segituko dugu. Erabakia erraza izan da: ezina etortzen da, eta ez da posible dena egitea. Orduan, gustura gaude: egindako lanarekin gustura», aitortu du Elutxetako Begoña Etxabek. 

«Sagardoa egiteari utzi diogu, eta jatetxearekin segituko dugu. Egindako lanarekin gustura gaude»

BEGOÑA ETXABEElutxeta sagardotegiko nagusia

Hernaniko (Gipuzkoa) Otsuenekoak ere omendu dituzte, eta baita Andoaingo (Gipuzkoa) Gaztañagakoak ere. Maria Angeles Garmendiak eta Jose Angel Gaztañagak semeari eman diote lekukoa, Asier Gaztañagari. Gurasoak oholtzan zeudela, semea arkupeetan egon da sagardoa zerbitzatzen: «Segida egotea poztekoa da, eta niri ilusio handia pizten dit». Poz hori bera helarazi du Aitor Mendiluzek, bertsotan: «Suak bizirik darrai etxean/ eta poza ematen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.