Publikoa altxatzea zeukan amets, eta bete egin du Garazi San Martin aktore eta sortzaileak (Iruñea, 1987). Clowna ere bada, eta Bihotz, bi hots bi txotx bakarrizketa eta Nora zoaz, Kalamity? antzezlana sortu ditu. Joan den astean Iruñeko Karrikiri elkartean eta Laban taularatu zituen obrak horiek, Karrikirik antolatutako Nano Antzerki Aroan.
Aktore berriek aukera izaten dute oholtzara igotzeko?
Agertoki asko dago, baina ez dira oso ondo banatzen; batzuetan, berrioi asko kostatzen zaigu oholtzetara sartzea; azkenean, lan eta lan ibili behar duzu, txikietatik handietara.
Zertan da zaila muturra sartzea?
Emakumeok [komatxoen keinua egin du] barkamena eskatzen dugu gehiagotan. Elefantearen metaforaren antzekoa da: lotura bat jarri diote; kentzen diotenean, ezin da mugitu. Guri, emakumeoi, gehiago kostatzen zaigu ahalduntzea; beti ibiltzen gara autoestimuarekin gora eta behera, eta uste dut horrek eragina duela. Bestalde, programatzen dutenek askotan jotzen dute aktore berengana; hau da, segurtasunera, eta gauza berritzaile eta alternatiboei ez diete aukerarik ematen.
Maitasunari eta bihotzari tiraka egin zenuen osteguneko bakarrizketa; lotura berezirik duzu?
Bai, autofikzioa da [barrezka]. Ez da dena egia, baina kontatzen ditudan gauza horiek sentitu edo ikusi ditut maitasunaren inguruan; eta bereziki bolleron munduan. Batzuetan iruditzen zaigu alternatiba dela, baina nahi gabe estereotipo berekin moldatzen gara, ez dakigulako edo eredurik ez dugulako.
Hortaz, bakarrizketetan zenbat da fikzioa eta zenbat ez?
Ezin dugu inoiz jakin. Asko gustatzen zait niregandik ateratzea; agian istorioa ez da egia, eta prozesu hori ez dut bizi, baina hori sentitu dut.
Gaiak kritikak jaso ditu?
Bereziki bollerei buruz hitz egiten dut, eta esan didate ez dela guztiontzako gaia, baina zenbat antzezlan ikusi ditut heteroarauan oinarritzen direnak? Horrelakoak normaltzat hartzen ditugu. Gureak zergatik ezin dira guztionak izan?
Nora zoaz, Kalamity?, ordea, haurrentzako ere bada. Zer zailtasun ditu horrek?
Familiarra dela esatea gustatzen zait, mundu guztiarentzakoa, helduek ere barre egiten dutelako. Gauza asko gertatzen diren antzezlanak gustuko ditut; abentura bat da. Kode bat dago haurrentzako oso erakargarria dena, mugimendu asko dagoelako, baina helduek ulertu ditzaketen gauzatxoak daude.
Soinuekin jolasten duzu; zer ematen dio horrek obra bati?
Bestela linealagoa izango zen, eta horrela kolore gehiago daude. Beste bakarrizketetan hizketan ari dira etengabe, baina nik ezin diot mikrofonoari eutsi, etengabe mugitzen naizelako.
Clowna eta pailazoa gauza bera dira?
Clown esaten dut, pailazo hitza oso kutsatuta baitago jada; irain gisa erabiltzen da. Egia da gauza bera direla niretzat; hala ere, ni ez naiz sudurra jartzen duten pailazo horietakoa. Clowna edo pailazoa zeure burua aurkitzea da; zu zeu agertokian gertatzen zaizunarekin. Horregatik, uste dut bakarrizketa hau oso clowna dela. Ez zait inporta neure trabak izatea, eta horrekin jolastea. Pailazoa esaten dugunean, telebistakoak imajinatzen ditugu.
Eszenan egonda edo eszenatik kanpo, beti zara clowna?
Askotan esaten didate. Clowna naiz, baina beste eszena edo antzezlan batzuetan ez dut clowna egiten; rol bat daukat, eta pertsonaia bat antzezten dut. Hala ere, pertsonalki nahiko horrelakoa naiz.
Zer sentiarazten dizu publikoak?
Egoeraren arabera; sakelakoak entzuten baditut... Batez ere irribarreak sentitzen ditut. Duela gutxi, bakarrizketa bat egin nuen Katakraken, eta jende guztia altxatu zen; nire ametsetako bat hori zen. Drogarekin bezala, bat-batean adrenalina igotzen zaizu. Ohituta nago gauza komikoak egitera, barre egiten badute irriak entzuten ditut, baina, isiltasuna dagoenean, ez dakizu publikoak zer pentsatzen duen.
Erreakzioa espero duzunarekin bat ez datorrenean, zer?
Danba! Hori ere bada clowna izatea; porrot egitea da clownaren esentzia. Beti espero dugu zerbait, baina hobe da txiste baten ostean barre egingo dutela ez pentsatzea. Katakraken denak zeuden barrezka, eta Karrikirin, berriz, barrezka zeuden, baina gutxi. Horrek oinak lurrean jartzen dizkizu.
Kale antzerkia ere egiten duzu; zertan da berezia?
Kalean mugimendu gehiago dago: jendea etorri edo joan daiteke, barreiatuta daude, eta zailagoa da arretari eustea. Antzoki batean, badakizu antzezlan bat ikustera zoazela. Hortaz, energia handiagoa izan behar duzu. Herrietara joaten garenean, ikusten ez den tokietara eramaten dugu antzerkia, eta hori oso polita da.