Poxpolin bat, pala eskuan, harri eta lur harrotu mendixka baten gainean, ortzimugari begira. Emakume langile berriaren erretratua litzateke errealismo sozialistaz margotua, ironiaz beterik ez balego. Argazki hori ikus daiteke, besteak beste, Edurne Gonzalez artistak Sestaon (Bizkaia) jarritako erakusketan.
Gonzalez (Sestao, 1980) doktore tesia egiten ari da EHUn, eta horretarako eginiko lanak jarri ditu ikusgai, besteak beste, Hemen eta Orain erakusketan. Trini Dinastia taldea sortu zuen iazko martxoan Laurita Silesekin, Pekinen. Judas Arrieta margolariak Txinako hiriburuan duen lantegian lan egiteko beka jaso zuten biek. Han hasi zen lur azpiaren esplorazioa ardatz hartzen bere ikerketan. Lur azpiko espazio horiez gain, globalizazioaren aroan folklorea nortasuna bilatzeko modu gisa aztertzen du.
Sobietar Batasunarekiko harremanak arriskuan zeuden garaian Maok Pekinen eginiko bunkerrak aztertu ditu, bideo eta argazkien bitartez. Horrez gain, Txinako hiriburuko metroa zein hiria handitzeko lanek sorturiko zuloak arakatu ditu. Zugarramurdiko kobazuloetan bateratu eta amaitu du nortasuna eta lur azpia aztertzeko ibilbidea.
Horrez gain, Kanaria Handia uhartean sortu duen LimpiArte taldearen lanak ikus daitezke; besteak beste, ospitale zahar bat «kontzienteki garbitzeko» ekimena.
'HEMEN ETA ORAIN'
Noiz. Urtarrilaren 7ra arte. 12:00-14:00 / 17:00-21:00. Larunbatetan: 12:00-14:00.
Non. Musika Eskolan,Sestaon (Bizkaia).
Poxpolin bat Pekingo lur azpian
Txinako hiriburutik Zugarramurdiraino eginiko lanak jarri ditu ikusgai Edurne Gonzalez artistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu