ATZEKOZ AURRERA

Produktu ekologikoen munta

Bioaraba azoka egiten dute Gasteizen, eta aurtengoa seigarren aldia du; produktu ekologikoak ditu oinarri. Ekoizleen arabera, azokak bide ematen du bertako produktuak erosleei gerturatzeko.

Elikagai ekologikoak ez ezik, bizimodu jasangarri baten alde egiten duten proiektuak daude ikusgai Bioaraban; kosmetika ekologikoa, esaterako. JUANAN RUIZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Produktu ekologikoen, bizitza osasuntsuaren eta kontsumo arduratsuaren plaza bilakatu da Gasteizko Iradier Arena. Atzo eman zioten hasiera Bioaraba azokaren seigarren aldiari, eta bihar amaituko da. Azokaren helburu nagusietako bat da bertaratutakoek jasangarritasunaren kontzeptua barneratzea. Baita bertako produktuak ezagutzea ere. Eraikinean sartzea aski da bertan dagoenaz jabetzeko. Hainbat alorretako standak daude, eta bertaratutakoak haietako bakoitzean dauden produktuak ezagutzen dabiltza.

Egun euritsua izan arren, etxetik atera eta azokara hurbiltzea erabaki du Juan Nuñezek. Ez du lehen aldia azokan, eta urtero joan ohi da emaztearekin: «Jateko produktuak erosten ditugu, eta sarritan, familiartean banatu». Azokara iritsi berri da, baina dagoeneko poltsan sartuak ditu gazta eta marmelada. Nuñezek eskertzen du produktuak «zuzenean» ekoizleei erostea eta haien nondik norakoak ezagutzea.

Susana Aiastuik bat egiten du Nuñezek esandakoarekin. Jakion proiektuko kidea da: Debagoieneko baserrien nekazaritza jarduerak berreskuratzea du helburu. Urtero parte hartzen dute azokan, ekoizten dituzten produktuendako «erakusleiho» bat da. «Bioarabak bide ematen du jendea inguruko produktu ekologikoen inguruan kontzientziatzeko; Euskal Herrian ere halako produktuak badaudela jakiteko», azaldu du. Jakionen kasuan, kontserbak egiten dituzte baserrietako fruta eta barazkiekin. Zortzi marmelada mota eta kalabaza purea ditu Aiastuik gaur.

Azokako korridoreetan aurrera eginez gero, elikagai ekologikoek osatzen dute azokaren gehiengoa. Taloak, gaztak, olibak, jogurtak eta ogiak, besteak beste. Ana Monserratek Arabako Mendialdeko ogia du salgai, Maeztuko kooperatiba txiki batean eskuz eginikoa eta ekologikoa.«Araba txikia da, eta, beraz, Gasteizera etorri behar izaten dugu ogia saltzera», adierazi du Monserratek; nabarmendu du azokak bide ematen duela bertako produktuak babesteko.

Elikagaiez gain, bizi eredu iraunkorrago bat lortze aldera lagun dezaketen proiektuak ere ikusgai daude: kosmetika ekologikoa, esate baterako. Lamia proiektuko kidea da Maite Garzia, eta aurpegirako produktu ekologikoak egiten ditu, olioa erabilita. Azokak aukera ematen du bertan ekoizten diren produktuak erakusteko, eta Garziak gehitu du horretarako garrantzitsua dela bezeroarekin aurrez aurreko harremana izatea: «Normalean Internet bidez saltzen dut, baina produktua azoka batean ikusgai egoteak mesede egiten dio ekoizleari».

Aurten 72 erakusmahai daude. Tailerrak eta hitzaldiak ere antolatu dituzte hiru egunetarako. Enpresetako eta alor ezberdinetako zenbait adituk parte hartuko dute. Ainara Nievek infusioen inguruko tailer batean parte hartzeko asmoa du. Eskolako lagun batzuekin batera iritsi berri da azokara. «Oraintxe esan digute te hotzen eta beroen inguruko tailer bat dagoela; ba al dago hori baino gauza hoberik gaurko hotzari aurre egiteko?», adierazi du. Oraindik ez du produkturik erosi, bai, ordea, dastatu. Izan ere, eskuz eginiko pizzak saltzen dituzten erakusmahai baten aurrealdean dago, pizza zatia eskuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.