Programazio berria eta berezia Info7 irratiaren hamargarren urterako

Euskal zinemaren egunaren eta Kataluniako bozen berri zuzenean emango dute datorren astean

Eider Olazarrek eta Mikel Fernandezek gidatuko dute Info7-ko goizeko Kalegorrian saioa. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2015eko irailaren 20a
00:00
Entzun
Info7 irratiarentzat data borobila izango da 2016. urtea: hamar urte beteko ditu. Hori dela eta, programazioa berritzea eta indartzea erabaki dute, Interneteko gunea goitik behera aldatzea eta saio bereziak egitea datozen data garrantzitsuetan.

Urrirako abiatuta edukiko dituzte saio berri guztiak, baina lehenago ere igarriko du entzuleak berrikuntza. Izan ere, datorren asteartean, irailak 22, saio berezia egingo dute Donostiako Viktoria Eugenia antzokitik, Donostiako Zinemaldiaren harira euskal zinemaren eguna ospatuko baita. Zinemaldiaren berri ematen ari dira Gaizka Izagirrerekin eta Erik Aznalekin.

Bigarren hitzordua Katalunian dute Info7ren entzuleek, irailaren 27ko gauean. Saio berezia aireratuko dute, botoak zenbatzeko prozesua jarraitzeko eta hauteskundeen emaitzak aztertzeko.

Interneten hasi zen Info7 irratia, eta sareari arreta berezia jarri nahi diote hamargarren urteurrenean ere. Webgunea errotik berrituko dute. «Beste baliabide batzuk eskaintzen dizkigun sistema batera pasatzea erabaki dugu», adierazi du irratiko Maite Bidartek. Azaldu duenez, bi atal izango ditu guneak: lehenean, irratiko lantaldeak sortzen dituen eduki propioak jarriko dituzte, informazioa eta analisia nabarmenduz. Bigarrenean, irratiaren laguntzaile sare zabalak sorturiko edukiak jarriko dituzte.

Martin Garitano bueltan

Eguneko programazioari dagokionez, Kalegorrian saioa izango da goizetako tarte nagusia. Jon Mikel Fernandez Elorzek eta Eider Olazar Elduainek gidatuko dute, 07:30etik 12:00etara. Aspaldiko laguntzailea izango dute berriz estudioan: Martin Garitano, lau urtez Gipuzkoako ahaldun nagusi izandakoa. Al tranco manso hausnarketa saioa egingo du Garitanok.

Goizeko solasaldietan Laura Mintegi, Jesus Uzkudun, Begoña Zabala, Hedoi Etxarte eta Ramon Zallo izango dituzte, besteak beste. Berrikuntzak izango ditu magazinak: Astoroxa umorezko tartea sartuko dute asteartetan, hainbat umoregileren laguntzarekin.

Ostiraletan, berriz, aurreko sasoian bezala, elkarrizketa musikatuak egingo dituzte. Astelehenetan, berriz, euskal musikagintza landuko dute, besteak beste, Andoni Tolosa Morau-rekin, Gotzon Barandiaranekin eta Leire Palaciosekin. Goizeko albistegia Jon Mikel Fernandezek aurkeztuko du. Berri saio nagusia 13:30ean egingo dute, Amaia Zurutuzak gidatuta. Gaueko azken informazio tartea, Gakoa, 01:00ean egingo du Oinatz Aizpuruk.

Goizean Kalegorrian da programazioaren funtsa, eta arratsaldean Zebrabidea izango da aurten ere. Arrosa Sareko irratiek elkarlanean egiten dute, eta Nekane Zinkunegik aurkeztuko du aurten ere. Argia saria jaso zuen iaz Zebrabidea saioak.

Gazte ikerlariek ahotsa izango dute hilabeteko lehen astelehenetan, 12:00etan, Aditu duzu? saioan. UEU Udako Euskal Unibertsitateak egiten du saioa. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai zientziaz eta dibulgazioaz arituko dira. Urriko lehen astelehenean emango dute lehen atala. Olatz Perez de Viñaspre IXA taldeko ikertzailea elkarrizketatuko dute.

Emakumeen kirola

Astelehenetan, Kirol leihoa saioan, emakumezkoen kirol emaitzak aztertuko dituzte, Mikel Ibargoienen eskutik, 14:00etatik aurrera, ordubetez. Oroimen historikoa landuko dute La memoria saioan, astelehenetan, 22:00etan, Martxelo Alvarezekin.

Presoen inguruko albisteak, erreportajeak eta elkarrizketak jorratuko dituzte, berriz, Etxerat elkartearen ekimeneko Galtzetan gordetzeko tartean. Miren Azkarate, Batix Ezeiza, Markel Ormazabal, Jokin Urain, Oier Gonzalez eta Iratxe Retolazak egingo dute, hamabostean behin. Asteartetan emango dute, 22:00etan.

Bi musika saio berri abiatuko dituzte sasoi honetan: flamenkoaren ingurukoa bata, eta musika elektronikoari buruzkoa bestea. Musika beltza jorratzen duen Revolutionary grooves tarteak programazioan jarraituko du, asteartetan, 23:00etan. Baita heavy metalaren inguruko Burdinola saioak ere, astelehenetan, 23:00etan. Maite Idirinenek Klasikoak eskainiko ditu larunbatetan, 09:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.