Azken boladan, denetako formatuak taularatzen dabil Rafa Rueda musikaria (Mungia, Bizkaia, 1972): taldearekin agertokian, taldearekin entzuleen artean anplifikazio handirik gabe... Gaur bakarka arituko da, gitarraz eta ahotsez, Zarauzko Euskalduna tabernan.
Kafe Torero egitasmoaren barruan antolatu dute Ruedaren emanaldia, sasoi berria abiatzeko. Joan zen astean egitekoa zen lehen kontzertua, baina atzeratu egin zuten, Domu Santu eguneko zubia zela eta. Zarautzen hondartza sasoia amaitzen denean sumatzen den kultur ekitaldi falta arintzeko sortu zuten Kafe Torero egitasmoa, formatu txikiko kontzertuak edo bestelako ekitaldiak antolatu eta sortzaileei plataforma bat eskaintze aldera. Doan dira emanaldiak.
Enaren geometria azken diskoarekin helduko da Rueda Zarautzera. Emanaldi akustikoen aldekoa da musikaria, entzuleengana gehiago hurbiltzeko: «Elektrizitateak urrundu egiten du musika tresna benetakotasunetik, eta saiatu behar dugu horri buelta ematen», dio. «Asko gabiltza horren bila». Bakarlari gisa hasi zen Rueda. Gero PILT taldearekin ibili zen. Ostean, atzera ekin zion bakarkako bidaiari, bestelako musikaren eta giroaren bila. Azken diskoarekin hasierako urteetako berotasuna itzuli nahi izan die kantei.
MUSIKA
Noiz. Gaur, 21:30ean.
Non. Euskalduna tabernan (Zarautz, Gipuzkoa).
Rafa Rueda bakarlari hurbila
Zarauzko Euskalduna tabernan arituko da musikari bizkaitarra, Kafe Torero egitasmoaren barruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu