Ikerlari talde bat ekialdeko Siberiara (Errusia) joana zen mamuten letaginen bila. Marfilezko aztarna horien bila ari zirela, Jakutiako Badyarikha ibaiaren ertz izoztutik azaleratua zen larru multzo bat ikusi zuten, uretan dantzan. Ikerlariak berehala konturatu ziren hori arraroa zela, ez baita ohikoa bertan larruak aurkitzea, fosildutako hezurrak baizik. Ibaiertzean aurkitu zutena Homotherium generoko felido kume baten gorpua zen, sable horzdun ere esaten zaiona. Aurkitutako momia aztertu ondoren, kumearen irudiak Scientific reports aldizkarian argitaratu zituzten azaroaren 14an, momentuz sable horzdun gaztearen oinatzei jarraituz lortu duten informazioarekin batera.
Duela 30.000 urte baino gehiagoko Pleistozenoko estepetan zebilen kumea aztertu dute zientzialariek, animaliari buruz gehiago jakin nahian. Asier Gomez paleontologoak azpimarratu du sable horzdunaren aurkikuntza «oso berezia» dela, 35.000 urtez izoztuta egon delako eta ilea guztiz mantendu duelako: «Animalia bat hiltzen denean, deskonposizio prozesu bat hasten da; prozesu hori azkarragoa edo motelagoa izan daiteke, kanpoko baldintzen arabera. Kasu honetan, mikrobioak edo usteldura hori izoztuta daudenez, prozesua guztiz gelditzen da». Horri esker, animaliak bere biboteak, haragi momifikatua eta muskuluak mantendu ditu.
Kumea hiru aste zituela hil zela ondorioztatu dute zientzialariek, baina oraingoz ez dakite zer gertatu zitzaion; helduek kumeak lur azpian gordetzen zituzten babesteko asmoz, eta izan daiteke kobazuloak harrapatuta hiltzea. Gomezek azaldu duen bezala, kumearen garezurra oso fina da, eta sedimentua gainean eroriz gero, deformatu egin daiteke: «Kasu honetan, garezur oso bat dugu, eta ikus dezakegu esne hortzeria nola doan haziz, beste hezurren morfologia nolakoa den ikusteaz gain». Ale baten adina zehazteko, sable hortz ikonikoen falta kontuan hartu dute zientzialariek. Kumeak esne hortzak dituela ikusi dute, eta animalia txikiaren masailezurrean agertzen diren hortzen koroak ere ikusi dituzte, ateratzeko zain. Ikerketa horri esker, ondorioztatu dute kumeak hiru aste inguru zituela hil zenean.
«Paleontologiaren historian lehen aldiz, fauna modernoan antzekorik ez duen ugaztun desagertu baten itxura aztertu da», diote zientzialariek Scientific Reports-en kaleratutako artikuluan. Aurkikuntzari esker, sable horzdunari ezpainen ertzetatik irteten zaizkion ile xerlo zuriak ikusi dituzte, katu helduaren bizarra balitz bezala. Aurkitu den kumearen hankak katamotz batenak bezalakoak dira, baina kuxin karratuak dituzte, felido modernoek ez bezala. Ez du kuxin karpianorik eskumuturretan, gaur egungo katuen eta txakurretan ohikoa dena, eta zientzialariek uste dute hori lagungarria zela elurretan ibiltzeko.
Ileari begira
Homotherium generoko felidoen garezurrak gertutik aztertu ditu Mauricio Anton paleoartistak, eta gero, fosil horietan oinarrituz, olioekin eta teknika digitalekin islatzen ditu mihisean. Antonek historiaurreko izaki bizidunak eta haien ekosistemak irudikatzen ditu bere margolanetan, beti irizpide zientifikoak erdigunean izanik. Paleoartistarentzat ezezaguna zen elementuetako bat animaliaren ilearen kolorea zen: askotan tonu laranja eta horiz irudikatu izan dute sable horzduna, baina Antonek, berriz, kolore ilunekin eta orbanekin marraztu ditu felido horiek. Jakin gabe, kumearen koloreak asmatu zituen artistak.
Hala ere, horrek ez du esan nahi jatorrizko kolorea horrelakoa zenik, denboraren poderioz aldatuz joan ahal izan baita. Gainera, kumeen eta helduen ilea desberdina izaten da, gepardoen kasuan bezala; txikiak direnean, ia beltzak dira, eta xerlo argi bat izaten dute bizkarrean, baina gero aldatu egiten zaie ilea. «Gepardo kume bat izango balitz animaliaren koloreari buruzko zure erreferentzia bakarra, era berean irudikatuko zenuke heldua; baina animalia erabat aldatzen da», azaldu du Antonek.
Kumearen aurkikuntzak ibilbide luzea duen eztabaida bat ere berpiztu du: ea bere letagin luze ospetsuak masailezurretatik agerian irteten ziren edo goiko ezpain luze batek estaltzen zituen. Kumea gazteegia zen letaginak izateko, baina goiko ezpaina lehoikume modernoak baino bi aldiz handiagoa zuen, eta horrek Homotherium helduaren sableak estalita zeudelako baieztapena babes lezake. «Animalia horiei buruz ditugun galdera asko heldu baten momiarekin erantzuten dira, erabat», argudiatu du Antonek.
Hala ere, kumeari esker ikusi dute gaur egun dauden lehoiak eta sable horzdunak oso desberdinak direla: sable horzdun kumearen lepoa egungo lehoikumearena baino bi aldiz lodiagoa da; belarriak txikiagoak zituen, baina ahoa handiagoa. «Lehoien familiari begiratuz, hurbilen dagoen eredua da agian, baina oso desberdinak dira, oso historia ebolutibo desberdina izan dutelako», argitu du Gomezek.
Iragana urtuz
Argitaratu duten txostena hasiera baino ez da. Artikuluan lan egin duen taldeak momiaren DNA aztertzeko eta eskeletoaren, muskuluen eta ilearen azterketa zehatzagoak egiteko asmoa ere badu. Era berean, animalia horiek beren oinatzak utzi zituzten mapa zehazten eta zabaltzen lagundu du; izan ere, Siberia gehitu da sable horzdunen bizilekuetara. Hala ere, aurkikuntzak galdera berri asko sortu ditu, Antonen arabera: «Kume bat aurkitzea miraria izanik, sable horzdun helduago bat beharko litzateke zalantza horiei erantzuteko».
Kumea izoztuta geratu zen Siberiako permafrostean 35.000 urtez, harik eta izotza urtu eta gorpua ibaian flotatzen aurkitu zuten arte. Alde zientifikotik txalotu duten aurkikuntza bat izan da, iraganean bizi zen espezie baten informazio berria ezagutzea ahalbidetu duelako; alegia, aukera eman du jada existitzen ez den sable horzdunaren ezaugarrietan sakontzeko. Baina, bestalde, aurkikuntza hausnartu beharreko beste arazo baten sintoma ere badela esan du Gomezek: «Planetari egiten diogun kalteak modua ematen digu iraganeko informazio gehiago jasotzeko, baina klima aldaketak zalantzan jartzen du gure etorkizuna».