Sagar ekoizlea eta teknikaria

Felix San Sebastian: «Sagar bilketa hilabete aurreratu da 30 urtean; hori da klima aldaketa»

Udako beroteak eragindako estres hidrikoagatik, sagarrak erortzen hasi dira ja; horrek, noski, uzta aurreratzea ekarri du. «Zuhaitz batzuei %20 erori zaie, eta hori asko da», ohartarazi du San Sebastianek.

Felix San Sebastian. JON URBE / FOKU
Felix San Sebastian. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Villabona-Amasa
2026ko irailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sagardo Eguna egingo dute etzi Donostian, Gipuzkoako sagardogileen egun handia. «Beharrezkoa da ikusgaitasuna, eta sagardoak protagonismoa izatea», uste du Felix San Sebastianek (Altzo, Gipuzkoa, 1972). Ez da sagardogilea, sagar ekoizlea eta teknikaria baizik: «Sagarrik gabe ez dago sagardorik!». Villabona-Amasako (Gipuzkoa) Otalarrea sagasti esperimentalean aurtengo sagar uztaren nondik norakoak azaldu ditu: «Klima aldaketaren eragina handia da».

Sagarrondoak beroa maite du?

Bai, neurrian; guk bezala. Sagarrondoek beroa eta hotza behar dute, egoki funtzionatzeko. Sagarrondoak neguan lo egin behar du: 700 orduz egon behar du zazpi gradu azpitik, eta jarraian behar du. Neguko zuhaitz horiek, hilda daudela ematen duten horiek, udaberrian berpiztu egiten dira, indartsu berpiztu ere; lo egiten duten denbora nabaritu egiten da ekoizpenean eta denean. Guk euskal sagarraren ehun barietaterekin baino gehiagorekin lan egiten dugu; aberastasun izugarria daukagu, baina desberdin jokatzen du bakoitzak. Ehun ume baino gehiago dauzkagu, nortasun ezberdinekoak. Eta euskal sagarra ez da aztertu golden edo topaz jateko sagarrak beste. Euskal barietate basati hauek dauzkagu, eta zientifikoki ez daude landuta.

Hori egiten duzue hemen, Otalarrean?

Bai, horretan ari gara. Sagasti esperimentala da, eta babesleku genetikoa. Hemen ondare guztia daukagu: landare amak daude, eta hemendik ugaltzen da gero. Nik Errezil sagarra landatu nahi baldin badut, hemendik mintegietara oinak eramaten dira, zotzak edo mentuak, eta han ugaltzen dituzte: klonatu.

Neguaz aritu zara; udak zer eragin dauka?

Aurtengoa oso urte zaila izan da. Sagarrondoek urte batean asko ematen dute, eta bestean gutxi: sagar urtea eta ezurtea deitzen diegu. Sagarraren haziak informazioa ematen dio zuhaitzari: hainbeste ume gaude. Orduan, urte batean asko badago, hurrengo urtean sagarrondo horrek atseden hartzen du; eman du berea, eta hurrengo urtean gutxiago ematen du. Horrez gain, neguan hotza behar du, eta udan beroa, baina neurrian. Aurten estres hidrikoa jasan dute, ur falta izan baitute, eta, heldutasun aldetik, aurreraxeago datoz, baina ez hainbeste ere.

Horrek zer esan nahi du?

Esan nahi du bere prozesu naturala berdintsu doala; baina ur faltagatik zuhaitzak sagarrak bota ditu. Babes mekanismo bat da; naturak bere burua erregulatzen du. Denek sufritu dute estres hidrikoarekin, eta denak ari dira lasta botatzen, dauzkan aleak mantentzeko eta haiek gizentzeko. Zenbait, gainera, ez dira behar beste hazten ari, ez dagoelako urik. Zuhaitz handiak dauzkagu, baita txikiak ere, eta denek arazo bera dute. Hori bai: lurraldeen arabera, diferentziak daude. Kostan, loraldi kaskarragoa izan da, itsasoaren eraginez ez baita hainbeste ordu izan giro hotzarekin. Erdialdean, ekoizpen polita dago, eta, barrualdean, hotza ordu gehiagoz egin du; beraz, ekoizpen handiagoa izan da. Halere, lehorteak gehiago eragin dio barrualdeari, eta, horren ondorioz, ale gehiago erortzen ari dira.

«Bero egiten du egunez eta gauez, eta ez dago jauzi termikorik. Eta horrek ematen dio kolorea sagarrari»

Eta zein dira arazo horien ondorioak?

Bilketa lehenago hasi behar dugu, uzta hori aprobetxatu nahi badugu. Halere, kontuan hartu behar dugu ea heldutasun nahikoa ote duten sagardoa egiteko. Heldutasunari dagokionez, aurtengoa iazkoaren antzekoa da; uzta aurreratu dugu alea erortzen ari delako. Zuhaitz batzuei %20 erori zaie, eta hori asko da.

Erortzen diren sagarrek ez dute balio?

Askok ez. Eguzkiak jotzen duen eran, erre egiten du sagarra lurrean; kolpea hartu eta usteltzen hasten da. Gaur egun, sagardoa egiteko garaian, asko zaintzen da lehengai hori ahal den freskoena eramatea. Sagarra prentsatzen denerako epea luzea da, eta, sagar bat gaur erori baldin bada eta bihar jaso behar baduzu, hainbestean; astebete barru, kritiko... eta, hamabost egun pasatu ondoren, ezin da.

Beraz, hobea da sagar ekoizleak botatzea sagarrak, zuhaitzak berak baino.

Bai, bai. Sagardoaren ekoizpenean, oraintxe bertan, sagarraren freskura nahi izaten da, eta hori ez da lortzen alea oso heldu jasota. Eta beste kontu bat: ez da beroa bakarrik; bero egiten du egunez eta gauez, ez dago jauzi termikorik. Eta horrek ematen dio kolorea sagarrari; sagarra horregatik gorritzen da.

Argi dago hori dena klima aldaketaren ondorio dela.

Hala da, eta asko zaildu du nekazaritza orokorrean; oso zaila da gaur egun nekazaritzatik bizitzea. Nekazaritzan faktore askok dute eragina, baina hemen klimatikoa handia da. Beroa egiten duenean, ura falta da, eta uzta galarazi egiten du; ekaitz bortitzak izaten dira... Nire lagun bati 30.000 kilo hondatu dizkio harriak Urola ibarrean... Horrek izugarrizko kaltea egiten dio zure ekonomiari.

Eta zaila da horri aurrea hartzea... Sagar urtea eta ezurtea orekatzeko lanean ari zarete, ordea.

Hala da. Euskal sagardoak sagarra behar du; bertakoarekin egiteko, sagarra behar dugu. Gure erronkarik handienak hauek dira: gehiago ekoiztea eta urte arteko aldea orekatzea.

Eta dolareak martxan al dira?

Batzuk bai, beste batzuk laster... Pentsa: ni gaztea nintzenean, urrian ibiltzen ginen sagarra biltzen, eta hilabete aurreratu da 30 urtean; hori da klima aldaketa.

Galdera-Erantzuna

Sagar klase kuttuna​​​​?
Errezil sagarra.

Sagardotarako onena?
Ez naiz sagardogilea, baina bat esatekotan, txalaka.

Eta kosk egiteko​​​​​?
Urtebi handia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA