Aurtengo abuztua beroa eta lehorra izan da Hego Euskal Herrian, Euskalmetek eta Aemetek eman berri dituzten datuen arabera. Batez besteko tenperatura beroagoa izan da, beroaldiak eta gau tropikalak ohikoagoak, eta lehorte aldiak eta oso denbora laburrean izandako euri jasa biziak, berriz, sarriagoak.
Euskal Autonomia Erkidegoan 21,9 gradukoa izan da hilabeteko batez besteko tenperatura, 1991-2020 aldian izandako batezbestekoa baino 2,4 gradu gehiagokoa. Are, aurtengo abuztua 1970etik izan diren abuzturik beroenetan bigarrena izan da —2003ko abuztua da erregistroak daudenetik izandako beroena—. Nafarroan ere oso beroa izan da abuztua, eta batez ere ekialdean neurtu dira muturreko tenperaturak: estazio gehienetan ohiko tenperaturetatik bi eta lau gradu goragoko balioak erregistratu dira.
Beroarekin batera, euri eskasia ere izan da nagusi, isurialde mediterraneoan eta Nafarroako zenbait eremutan batez ere. Euriaren banaketa, ordea, oso irregularra izan da, tokian tokiko ekaitz trumoitsuen eraginez ur asko metatu baita toki batzuetan. Arabako hegoaldean, adibidez, ez du ia euririk egin. Nafarroan, gainera, urtegietako ur kantitatea asko apaldu da azken hilabetean: uztailean urtegien edukiera %56ko mailan zegoen batez beste, eta abuztu amaierarako %38ra iritsi da. Hilabete bakarrean, beraz, hemezortzi puntu jaitsi da uraren maila.
Euskalmetek eta Aemetek emandako datuek argi erakusten dute uda honetako beroa zein ezohikoa izan den. EAEn, abuztuko batez besteko tenperatura 21,9 gradukoa izan da. Kostaldean, batezbestekoa 22 gradu ingurukoa izan da. Arabako lautadan, berriz, 21 gradutik gorakoa, eta Arabako Errioxan, ia 24 gradukoa. Abuztuaren 13an neurtu zituzten tenperaturarik beroenak: Arabari erreparatuta, 40,3 gradu izan ziren Tobillasen, 40,2 Zanbranan, 40 Langraizen, 39,9 Espejon eta 39,8 Gasteizen eta Agurainen, esaterako.
Nafarroan ere lurralde osora zabaldu da beroaren eragina. Erriberan, Nafarroako erdialdean, Lizarraldean eta isurialde atlantikoan bi eta hiru gradu arteko anomaliak izan dira, batez beste. Gainerako lurraldeko estazio gehienetan, berriz, ohiko tenperaturak baino hiru eta lau gradu gehiagokoak neurtu dituzte. Nafarroan, hala ere, beroaldiek uztailean baino intentsitate eta iraupen txikiagoa izan dute; hau da, beroaldiak izan dira abuztuan, baina ez uztailean bezainbeste.
Gau askotan, gainera, tenperatura nahiko beroak neurtu dira. Hilaren 13an, esaterako, 24,6 gradukoa izan zen gutxieneko tenperatura Paganosen, Araban. Hilaren 11n eta 12an ere gau tropikalak izan ziren isurialde atlantikoko eta hegoaldeko zenbait tokitan.
Lehortea
Prezipitazioei dagokienez, abuztua oso lehorra izan dela azpimarratu dute Euskalmetek eta Aemetek. Kostaldean prezipitazioak ohiko balioetatik gertu egon dira, baina barrualdean ia ez du euririk egin. Arabako hegoaldeko datuak horren adibide dira: Kanpezun 1,3 milimetro ur baino ez dituzte bildu hilabete osoan; Dulantzin 1,6, Espejon 2,3, Zanbranan 2,5 eta Langraizen 3.
Nafarroan, berriz, prezipitazioek oso banaketa irregularra izan dute. Euri gehiena ekaitz moduan iritsi da, eta horrek alde handiak eragin ditu estazio batetik bestera. Abuztuaren 8an eta 9an, esaterako, hainbat estaziotan hamar litro baino gehiago bildu zituzten hamar minutuan: Oskotzen, Eltzaburun, Irabian, Erremendian, Donezteben, Izabako Belaguako aterpean, Iturgoiengo Malkaxkon eta Beorten.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ekaitz gogorrak izan dira hainbat egunetan. Abuztuaren 9an, adibidez, Gipuzkoako ipar-ekialdean ekaitz trumoitsu oso biziak izan ziren. Añarben ordu batean 42,7 milimetro ur bildu zituzten —estazioaren serieko errekorra—, eta egunaren amaieran, 63,8 milimetro pilatu ziren. Oiartzunen eta Ereñotzun 44,2 milimetro ur jaso zituzten, eta Eskasen 40.
Hilaren 23an, berriz, Bizkaiko ekialdean eta Gipuzkoako mendebaldean sortu ziren ekaitzak —Markinan, Ondarroan eta Urola Kostan, adibidez—, eta Lekeitio, Ondarroa, Zarautz, Zumaia eta Azpeitia kazkabarrarekin zuritu ziren.
Muturreko fenomeno gehiago ere izan dira azken hilabetean. Esaterako, abuztuaren 8an, ekaitz lerro batek Bizkai eta Arabako ekialdea zeharkatu zuen, eta Dulantziko (Araba) estazioan orduko 122,1 kilometroko haize boladak neurtu zituen zituzten. Matxitxakon (Bizkaia) orduko 112,9 kilometroko boladak izan ziren, eta orduko 100 kilometroren langa gainditu zuten Mallabian (Bizkaia), Oizen (Bizkaia) eta Eturan (Araba).
Asironek itun bat proposatu du iruñea klima aldaketarako prestatzeko
Klima aldaketaren eragina gero eta agerikoagoa da Euskal Herri osoan, eta horren isla dira udaldian erregistratutako tenperatura ezohikoak. Auziak kezka eragin du Iruñeko Udalean, eta Joseba Asiron alkateak proposamen bat egin die gainerako udal taldeei, hiriburuko azpiegiturak klima aldaketara egokitzeko eta haren eragina apaltzeko.
«Aurtengoa izan da erregistroak daudenetik Iruñean bizi izan dugun udarik beroena, eta horrek klima larrialdiaren ispiluaren aurrean jarri gaitu», azaldu du Asironek gaur goizean udaletxean eginiko agerraldian. «Bata bestearen atzetik ikusi ditugu beroaldi gogorrak, euririk gabeko bolada luzeak, eta gugandik oso gertu piztu diren suteak». Datu gehiago eman ditu Zuhaitz Areitiok, Iruñeko Udaleko Energia eta Klima Atalaren koordinatzaileak. Haren esanetan, batezbesteko historikoa baino lau gradu goragoko tenperaturak erregistratu dira maiatzeko, ekaineko eta uztaileko zenbait egunetan, eta gau tropikalen kopuruak gora egin du nabarmen: 21 izan dira aurten —iaz, sei baino ez—.
Hori dela eta, Iruñeko alkateak nabarmendu du «akordio zabal bat» behar dela, «indarrean izanen dena udal gobernuan edozein egonda ere». Klima larrialdiaren aurkako itunera batzeko deia egin die talde politiko guztiei, denen artean «bide orri komun bat osatu eta konpromiso zehatzak hartzeko».
Sei konpromiso nagusiren inguruan ardaztu dute proposamena: bat, pertsonen osasuna izan dadila politika publikoen helburu nagusia; bi, Iruñeak konpromisoak har ditzala «alor guztietan», klima aldaketa apaltzen saiatzeko eta planetaren berotzea eragozteko; hiru, baldintzak eta baliabideak hobetu ditzala, arrisku klimatikoei eta muturreko gertaerei aurre egiteko; lau, trantsizioa egin dadila «justizia soziala oinarri hartuta»; bost, udalak «finantzaketa egokia» berma dezala neurri guztiak aplikatzeko; eta sei, klima aldaketaren kontrako estrategian udalak «elkarlana eta koordinazioa» susta ditzala beste administrazio publiko eta eragile batzuekin.