«Hamar sagardo aurkeztu dituzte, 150 sagar ekoizleren sagarrekin eginak. 2024ko uzta txikia izan zen, baina kalitate handiko sagardoak ekarri ditu horrek: orokorrean, gorputz handikoak, mamitsuak eta lurrintsuak dira. Guztira, 2,3 milioi kilo sagar bildu dira, eta horiekin 1,3 milioi litro Euskal Sagardo ekoitzi ahal izan dira». Kalitatea kantitatea baino garrantzitsuagoa dela esan ohi da askotan, eta horretaz ondo jabetuta dago Maite Retolaza Euskal Sagardoa jatorri izeneko lehendakaria. Horregatik, harro aurkeztu ditu 2024ko uztako botilak: ilaran daude, trofeoak balira bezala, lan kolektibo baten emaitzari balioa emateko. Ekitaldian parte hartu dutenek kopa bana hartu eta sagardo berriak dastatzeko aukera izan dute, eta hala baieztatu ahal izan dute Retolazak esana: «Sagardo mamitsuak dira, gorputz handikoak eta lurrintsuak».
2024ko Euskal Sagardoa jatorri izeneko sagardo botiletako uzta berria aurkeztu dute gaur goizean Gasteizen. Ekitaldia Aihotz plazan egin dute, Topa! izeneko jardunaldiaren barruan. Orain arte txotx denboraldian sagardotegietan dastatu ahal izan diren sagardoak botilan merkaturatzen hasi dira jada sagardogileak. Euskal Sagardoa jatorri izena 2016an sortu zuten, eta ordutik bide luzea egin du garapen eta hobekuntza arloan: sagastien kudeaketan, produktuaren kalitatean eta merkaturatze prozesuan, besteak beste.
Aurkeztutako sagardoen artean aniztasuna da nagusi: botila lirain eta gardenetan zitriko ukituko eta freskotasun biziko sagardo arinak ageri dira, egokiak lehen trago freskagarriarentzat. Badaude gorputz handiko eta mingots puntu bateko edari sakonagoak ere, ahoan luzaro irauten duten horietakoak. Eta ez dira falta diseinu modernoarekin etiketatutako sagardo natural eta ekologikoak, filtratu gabeak, askotariko sagar motak nahastuz egindakoak.
«Ez da erraza azaltzea zer dastatuko dugun. Dibertsifikazioa geroz eta handiagoa da, eta bakoitzak bere nortasuna du»
MIKEL GARAIZABALEnologoa eta pommelierra
Asko dastatu dituenak badaki sagardoaren ñabardurak bereizten. Mikel Garaizabal enologo eta sagardo pommelier ezaguna horregatik bertaratu da, sagardoen aniztasunaz eta sektorearen bilakaeraz hitz egiteko. «Ez da erraza azaltzea zer dastatuko dugun. Dibertsifikazioa geroz eta handiagoa da, eta bakoitzak bere nortasuna du», azaldu du. Lehen begi kolpean bereiz daitezke askotan: itxurak, koloreak eta ontziaren formak pista ematen dute, eta badaude jada esperimentazioaren emaitzak ere: latetan aurkezten dituztenak, esaterako, sagardo mota berritzaileen aldeko apustua egiten dutenak.

Erromeria doinuak bozgorailuetan, irribarrea aurpegian eta sagardo kopa eskuan, ospakizun giroan deitu ditu Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri izeneko koordinatzaileak aurkezpenera bertaratu diren sagardogileak. Eta nola amaitu ekitaldia txotx batekin ez bada? «Amaitzeko, txotx egingo dugu sagardogileekin batera, haiek baitira hemen garrantzitsuenak», azaldu du Agirrek, sektoreko profesionalen lanari balioa emateko.
Gaurko aurkezpenarekin, sagardo berriak ezagutarazteaz gain, Euskal Sagardoa jatorri izenaren barnean dauden lurralde guztiei aitortza egin nahi izan diete. Horregatik, larunbatean, Sagardo Eguna egingo dute Aihotz plazan bertan, Gasteizen, herri giroan sagardoa eta kultura uztartuz. «Sagardo festa ikaragarria» izango dela iragarri du Agirrek. Baina gaur ere aurreratu dira batzuk: sagardoaren lehen tragoak jada botilatik edalontzira heldu dira, eta eguna ospatzeko aitzakiarik ez da falta izan.