Saharatik Azpeitiko 'madrassa'-ra

Saharar errefuxiatuen kanpamentuetako hemezortzi haur uda Azpeitian igarotzen ari dira, Oporrak Bakean programaren bidez.

Oporrak Bakean programako haurrak Elgoibarko igerilekuan. GORKA RUBIO / FOKU
Oporrak Bakean programako haurrak Elgoibarko igerilekuan. GORKA RUBIO / FOKU
Azpeitia
2026ko uztailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gerizpean dagoen zelai zatia eskuoihalez estali dute. Baina ez dute bertan egoteko astirik izan, igerilekura heldu eta zuzenean uretan murgildu dira umeak. Motxilak gertatu, Azpeitiko (Gipuzkoa) madrassa utzi eta Elgoibarko (Gipuzkoa) igerilekura egin dute txangoa Darahli elkarteko haurrek, bertan eguna pasatzeko asmoz. 

Uda garaia izaten da sasoirik gogorrena saharar errefuxiatuen kanpamentuetan; 50 gradutik gorako tenperaturak, hondar ekaitzak eta ur baliabideen eskasia izaten dira haien egunerokoa. Guztira 200.000 saharar baino gehiago bizi dira Aljerian, errefuxiatuen kanpamentuetan.

2009az geroztik, Oporrak Bakean programaren bidez, saharar errefuxiatuen kanpamentuetako haur batzuk Euskal Herrira etortzen dira. Egitasmo horren xedea bi hilabetez haur horien baldintzak hobetzea da. Euskal Herrira etortzen direnean, elikadura orekatu bat emateaz gain, mediku azterketak egiten dizkiete, baita begietakoak eta hortzetakoak ere.

Darahli elkartea arduratzen da programaz Zumaian, Azkoitian eta Azpeitian (Gipuzkoa). Samuel Ruiz elkarteko koordinatzaileak adierazi duenez, aurten hemezortzi haur etorri dira hiru herri horietara. Horietatik bost harrera familietan daude; bi Azkoitian, bi Azpeitian eta bat Zumaian. Gainontzekoak Azpeitiko Ikasberri ikastolan daude, eta haurrek «madrassa» deitzen diote; euskaraz, eskola. 

Oier Iribar udalekuen koordinatzaileak esan du lehenengo egunetan ume batzuek «beldurrez» murgiltzen zirela uretan. Elgoibarren, gehienak ez dira uraren beldur izan; alderantziz, birritan pentsatu gabe egin dute salto. Betaurrekoak jantzi, eta ur azpian igerian ibili dira goiz osoan zehar. Pare bat haurrek begiraleen eskuei edo ertzei eutsi diete, baina, Iribarren esanetan, igerian «azkar» ikasten dute, eta «moldatzen» dira. Arene Sudupe begiraleak esan du ur ekintzak bereziki gustatzen zaizkiela haurrei, eta goizetan jolastokian kuboak hartzea eta elkar bustitzea gustatzen zaiela, baita begiraleak bustitzea ere. Nabarmena da zein desberdin bizi duten urarekiko harremana. Euskal Herriko haurrek arropak ez bustitzeko kezka dute; Saharako umeen helburua, berriz, bustitzea da, arropengatik kezkatu gabe. 

Goizetan, ikastolako udalekuetako haurrekin batera egoten dira jolastokian. Haurren arteko harremana oso ona da, baita haurren eta begiraleen artekoa ere, eta begiraleek eskertzen dute hori. «Astero begirale desberdinak izaten dituzte, eta eskuzabal hartzen gaituzte; batzuk aurreko urtetik gutaz gogoratzen dira», adierazi du Libe Alesonek. Sudupek gaineratu du lehenengo egunean denak besarkada bat ematera joan zitzaizkiela. «Eta denoi ezizen bat jarri digute». 

Programaren helburuetako bat osasun azterketak egitea da. Hortzen kasuan, Iribarrena da umeak klinikara eramateko ardura, eta umeen jarrera goraipatu du: «Ez dira kexatzen». Edozein medikurengana joatean beste ume batzuek izan dezaketen jarrerarekin alderatuta, haur sahararren jarrera «eskertzekoa» da, haren hitzetan. 

«Uste dut han [errefuxiatuen kanpamentuan] oso librea zarela, umea izan ahal zarela»

LEHCEM HAFAD Saharar euskalduna

Lehcem Hafad saharar euskalduna da. Txikitatik etorri izan da Euskal Herrira. Gaur egun Elgoibarren bizi da, eta urte osoan zehar programarekin kolaboratzen du. Txikitako oroitzapenak gogora ekarrita, esan du: «Uste dut han [errefuxiatuen kanpamentuan] oso librea zarela, umea izan ahal zarela eta jolas egin dezakezula; nik oso ondo pasatzen nuen». Hara bidaiatzeko gogotsu egoten da Hafad: «Beti egiten dit ilusioa hara bueltatzeak, urte osoa hemen egiten dudalako eta familiaren zati handi bat han dudalako». Hango egoeraren berri ere eman du, eta adierazi du azken urteetan egoera hobetu egin dela: «Adibidez, orain argindarra dugu; ura ez da leku guztietara iristen, baina gehienetara bai... Eta leku askotan uraren kontuak arazo larri bat izateari utzi dio».

Elkarteko koordinatzaileak esan du harrera familien kopurua «nabarmen» jaitsi dela eta ez duela arrazoirik identifikatzen. Irati Lizarralde eta Leire Lizarralde ahizpak harrera familia dira biak. Gurasoen ekimenez, 2019an parte hartu zuten lehenengoz, eta haur bat hartu zuten etxean: «Guk dena oso ondo ulertu gabe animatu ginen; lehendabiziko esperientzia oso polita izan zen, eta geroztik aurrera aukera izan dugunetan errepikatu dugu», dio Leire Lizarraldek. Irati Lizarraldek honako hau gehitu dio ahizpak esandakoari: «Bion erabakia izan zen, baina, nire ustez, errealitatea nolakoa zen ulertzea izan zen gakoa». 

Hizkuntzen arteko zubiak

Hafad haur eta helduen arteko lotune da; izan ere, hiru hizkuntza menperatzen ditu: euskara, gaztelania eta hassania. 

Umeek hiru hizkuntzak nahasten dituzte Euskal Herrian daudenean. Hafadek esan du umeak harritu egin zituela horrek: «Hasieran ez zuten ondo ulertzen zergatik zegoen gaztelania ez zen beste hizkuntza bat hemen. Pixka bat arraroa egin zitzaien euskara, baina orain esango nuke hasi direla euskara ulertzen, nahiz eta ez hitz egin». Saharar errefuxiatuen kanpamentuetan, eskolan, gaztelania klaseak ematen dituzte, baina Iribarrek dio ez dakitela askorik. Begiraleek aurten Hafaden laguntza izatea eskertu dutela ziurtatu du Iribarrek: «Gure artean ez ezik, umeei ere euskaraz egiten hasi gara. Gainera, programaren helburuetako bat kulturarteko trukea da, eta euskarak horren alde egiten du». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA