Salaia: adimen artifiziala zinema aretoetan

Salaiak filma moldatzen du ikusleen bat-bateko emozioen arabera, adimen artifiziala erabiliz. Aurten kamera infragorriak jarriko dituzte Iruñeko Golemeko areto batean, ikusleen erreakzioa behatzeko.

Salaia proiektuaren aurkezpena, Iruñeko Golem Baiona zineman, azaroan. GOLEM
Salaia proiektuaren aurkezpena, Iruñeko Golem Baiona zineman, azaroan. GOLEM
itsaso jauregi 2
2026ko urtarrilaren 16a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikusleek, zinema aretora sartzen diren bakoitzean, aurrekoez bestelako film bat ikusiko dute. Aretoan dauden ikusleen emozioek filmaren argumentua, kokapena, kameren angelua eta argiztapena moldatuko dituzte. Hurrengo egunean ikusle bat bezperako areto berera itzultzen bada, ikusiko duen filma ez da berdina izango, ikusleen emozioak aldatuko baitira, Carlos Fernandez de Vigo Professor Octopus AI Labeko zuzendariak azaldu duenez: «Egun berean, ordu berean eta ondoko aretoan ere, film bera desberdina izango da». Iruñeko Professor Octopus IA Lab enpresak garatutako adimen artifizialeko tresna bat da Salaia: filmak bat-batean egokitzen ditu, publikoaren emozioen arabera.

Ez da «aukeratu zeure abentura» liburuen antzekoa izango. Eleberri horietan, irakurleak erabakiak hartzen ditu aukera mugatu batzuen artean. Salaia sisteman, berriz, aukerak ez daude aurrez zehaztuta, ikusleen emozioen arabera egokitzen baitira. «Aukerak amaigabeak dira», gehitu du Fernandez de Vigok, baina nabarmendu ez direla erabaki teknologikoak, artistikoak baizik: «Artistek, zuzendariek eta gidoilariek ezartzen dute narrazioaren bilakaera, sistemak jasotzen dituen datuen arabera. Eta alde horretatik, erabaki artistikoak dira, eta, beraz, sortzaileen ardura da filmak nola eboluzionatzen duen ezartzea».

Ikusleen emozioak kameren bidez biltzen dira. Zinema areto bat denez, kamera infragorriak izango dira, ilunpetan emozioak antzeman ahal izateko. Filmaren helburuaren arabera, emozio batzuk lehenetsiko dira beste batzuen aurretik; adibidez, pelikula haurrentzat egina badago, haurren emozioak jasoko ditu, eta ez ondoan dauden gurasoenak. Halaber, haurren saio batean beldurra emozio nagusi ez izan dadin eragotziko du adimen artifizialak, eta giroa lasaitzeko elementuak sartu ikus-entzunezko lanean. 

«Artistek, zuzendariek eta gidoilariek ezartzen dute narrazioaren bilakaera, sistemak jasotzen dituen datuen arabera»

CARLOS FERNANDEZ DE VIGO Professor Octopus AI Labeko zuzendaria

Analisi horrek filma egokitzeko balio izango du, adimen artifizialeko hamalau eredu inguruk osatuko duten arkitektura konplexu baten bidez. «Sistemak gaitasuna du zenbait erabaki momentuan bertan hartzeko, artistek bezala, publikoaren egoera emozionalaren arabera», gaineratu du Fernandez de Vigok. Teknologia horri esker, filma ikuslearentzat ezagunak diren kaleetan gara daiteke, eta pertsonaia Iruñeko Alde Zaharrean jarri, adibidez.

Ikuspuntu artistikoa

Carlos Fernandez de Vigo eta Lorena Ares dira Professor Octopus Lab IA ikerketa laborategiaren sortzaileak, eta, aldi berean, Doctor Platypus & Ms Wombat ikerketa taldearen arduradunak ere badira. «Gure ikus-entzunezko lanak sortzeko teknologia erabiltzen dugun artistaz eta ikerlariz osatutako talde bat gara», adierazi du Fernandez de Vigok. Zuzendariak nahi du ikuspegi artistikoa izan dadila ikerketaren ardatz, eta, horregatik, adimen artifizial «antropozentrikoan» sinesten du: «Halakoak  diseinatzean, gizabanakoarengan, taldearengan, komunitatearengan eta gizartearengan pentsatuz diseinatuko ditugu».

Salaia ia hogei urteko lanaren emaitza da, eta, batez ere, Emotional Films proiektuaren ondorengoa. 2023an aurkeztu zuten proiektu hori, eta gai da ingurune kontrolatu batean —ikuslearen egongelan, adibidez— pelikula ikusle bakar baten emozioetara egokitzeko. Orain gizabanakotik kolektiborako pausoa ematea da asmoa, proiektua areto komertzial batera zabaltzea, alegia. Horrela, norbere emozioak ez ezik, giro kolektiboa eta egoeraren beste aldagai batzuk ere interpretatuko dira.

Proiektua 2026aren erdialdetik aurrera jarriko dute martxan, Iruñeko Golem Baiona zinemetako areto batean. Hala, kamera infragorriak jarriko dituzte ikusleen adierazpenak jasotzeko, eta, datu horietatik abiatuta, filmaren erritmoa, elkarrizketak eta elementu narratiboak aldatu, besteak beste.

Alor etikoa

Carlos San Julian Iruñeko Golem Baiona zinemaren programazio arduraduna «aho zabalik» geratu zen lehen aldiz Salaia proiektuaren berri izan zuenean: «Oraindik ere harrigarria iruditzen zaigu, baina Golemen jarrera geldirik ez geratzea da. Beti saiatu gara zinema beste modu batera ikusteko berrikuntza eta garapen proiektu guztietan inplikatzen». Beraz, orain adimen artifiziala da hurrengo erronka.

San Julianek ez du baztertzen Salaiak eta halako beste asmakizunek zinema egiteko edo ikusteko modua aldatzea, proiekzio bakoitzean aukera izango baita aurreko aldietan ikusitakoaz bestelako film bat ikusteko. Baina azpimarratu nahi izan du adimen artifizialak ez dituela inoiz ordezkatuko sortzaileak: «Beldur gara adimen artifizialak nola eragingo duen geure lanean eta adimen artifizialak sortzaileak ordezkatuko ote dituen. Baina ezetz dirudi. Bestalde, adimen artifiziala hezteko sortzaileak ere behar dira».

«Zineman film bat ikusteko beste modu bat besterik ez da, baina ez du aldatuko zinema bera, ez du ordezkatuko» 

CARLOS SAN JULIAN Iruñeko Golem Baiona zinemako programazio arduraduna

Teknologia horrek zalantza etikoak ere pizten ditu, hala nola bermatua egongo ote den aretoan biltzen diren datuak anonimoak izatea, edo etorkizunean gidoilarien eta zuzendarien zeregina kolokan jarriko ote duen. Baina Fernandez de Vigoren arabera, «ez dago zertan beldurrik izan»: «Zinema ikusteko beste modu bat baino ez da. Adierazpen artistikorako alternatiba bat eta erabiltzailearentzako bestelako esperientzia bat eskaintzeko asmoa dugu». Taldean berrogei ikertzaile baino gehiago ari dira adimen artifiziala garatzen, baina, zuzendariaren arabera, modu tradizionalean lan egiten jarraitzen dute, giza adierazpen artistikoa bizirik iraunarazteko.

Albistea argitaratu zenean, zinema tradizionalaren amaierari buruzko mezuak ailegatu zitzaizkion San Juliani, baina publikoa lasaitu nahi izan du: «Zineman film bat ikusteko beste modu bat besterik ez da, baina ez du aldatuko zinema bera, ez du ordezkatuko». Azaldu duenez, nahasmen handia zegoen: bazirudien bizpahiru urte barru zinema aretoetako film guztiak ikusleen arabera garatuko zirela: «Baina ez da horrela izango. Adimen artifizialari buruz eta izan ditzakeen aplikazioei buruz gehiago jakitea da proiektu honen alderik garrantzitsuena».

Orain, laborategian probak egiten jarraituko dute, dena prest egon dadin proiektua zinema aretoetara eramaten dutenerako. Kamera infragorriak, proiektuen sortzaileak eta ingeniariak prest daude etapa horri ekiteko, Fernandez de Vigoren arabera, baina oraindik estereotipo asko hautsi behar direlakoan dago: «Adimen artifiziala ez da txarra, ezta ona ere; gure bizitzan nola erabiltzen dugun da kontua. Eta guk modu sortzailean baliatzea erabaki dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.