Salda dastatu, sukaldariarekin

Euskal rock erradikalaren inguruko 'Salda badago' dokumentala eta solasaldia RIP taldeko Txerra Bolinagarekin

Txerra Bolinaga RIP taldeko kidea izan zen, eta gaur egun musikaria da Carrocerias Betoño taldean. RAUL BOGAJO / ARP.
Erredakzioa
2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Euskal Herria 1980ko hamarkadan astindu zuen musika mugimenduaren inguruko saioa egingo dute gaur Arrasaten. Euskal rock erradikalaren historia kontatzen duen Salda badago dokumentala ikusi ahalko da, eta horretaz eztabaidatu RIP taldeko bateria jotzaile izaniko Txerra Bolinagarekin.

Salda badago lana mugimendu hartan parte harturiko musikari eta lekukoei eginiko elkarrizketekin osatu zuen Eriz Zapirainek 2001. urtean. Ez Dok Hamahiru taldearen inguruko Zai, zoi, bele lana egin zuen geroago, Jon Maiarekin batera. Besteak beste, Marino Goñi ekoizlea (Soñua diskoetxea) mintzo da dokumentalean. Mugimendu haren azterketa egiten du, urteek ematen duten perspektibarekin. Euskal rock erradikala izena nola asmatu zuten eta Euskal Herriko eta Espainiako hainbat hedabidek mugimenduko taldeei egin zieten boikota gogoratzen du.

Halere, dokumentalaren protagonista nagusiak musikariak dira, eta bizirik iraun zutenek kontatzen dute nolakoa izan zen garaia. Bolinaga zuzenean arituko da, RIP eta beste talde batzuen inguruan mintzatzen. Carrocerias Betoño taldean jo eta ke jarraitzen du musikariak. Iker Barandiaran kazetariak zuzenduko du solasaldia.

'SALDA BADAGO'

Noiz. Gaur, 18:30ean.

Non. Kultur ateko Jokin Zaitegi aretoan, Arrasaten (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.